Albistea entzun

Azkeneko muga gainditu dute

Luis Sanchez nafarrak trinketeko berezkoen Lehen Mailako txapela irabazi berri du; Inhar Ugarte bizkaitarrak, berriz, Bigarren Mailakoa. Inoiz ez zen nagusitu Hego Euskal Herriko pilotari bat.
Ezkerrean, Luis Sanchez, txapelarekin, atzo, Iruñean. Eskuinean, Inhar Ugarte, txapelarekin, Garat trinketean.
Ezkerrean, Luis Sanchez, txapelarekin, atzo, Iruñean. Eskuinean, Inhar Ugarte, txapelarekin, Garat trinketean. IÑIGO URIZ - BERRIA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2023ko martxoak 9

Trinketak jada ez du mugarik. Geratzen zen azkena gainditu dute Luis Sanchezek (Esteribar, Nafarroa, 1997) eta Inhar Ugartek (Algorta, Bizkaia, 1989). Sanchezek Lehen Mailako txapela irabazi du. Ugartek, berriz, Bigarren Mailakoa. Inoiz ez zen txapeldun izan Hego Euskal Herriko pilotari bat berezkoetan, ez Lehen eta Bigarren Mailan, ezta banaka eta binaka ere. Euskal Herritik kanpoko bat izana zen, Agusti Waltary kubatarra, hamabi aldiz, baina inoiz ez mugaz bestaldeko bat.

Sanchezena ez da harritzekoa; mugarriz mugarri dabil duela hiru urte eskas profesionala egin zenetik. Hura da bi txapelketa nagusiak jokatu dituen Hego Euskal Herriko lehen pilotaria: banakakoa eta binakakoa. Hark du ere bai palmaresik onena; Superprestigea —torneorik garrantzitsuena da— eta buruz burukoa irabazi ditu; biak aurten, bi hilabetean.

«Oso gogor egin dut lan, eta, horrela, aukera gehiago dago emaitza onak lortzeko. Gainera, pilota bizi jotzeko gaitasuna dut. Halere, ez nuen espero dena horren ondo aterako zenik. Urte berean hiru txapelketa nagusiak irabaz ditzaket; sekulakoa da».

Irabazi duen azkeneko txapelari erreparatu dio bereziki. «Ez dago ezer handiagorik. Niretzat harro egotekoa da Waltaryrekin batera bertakoa izan gabe buruz buruko txapeldun izatea».

Nagusitasunez irabazi zion finalean Battitta Ducassouri: 40-29. Itsasuarrak zazpigarren txapela nahi zuen, Manu Martiarenari eta Waltaryri aurrea hartzeko. Baina Sanchezek zapuztu zion ametsa. «Ducassouri irabazi izanak balio handiagoa ematen dio txapelari; inoizko onena da».

Hark jantzi du txapela, baina «askorena» da: «Familiarena, lagunena, nire prestatzaile fisiko Iñaki Barbajerorena eta gure lantaldearena, nire prestatzaile tekniko Xalarena, eta nire botilero Aritz Zabalzarena».

Hego Euskal Herriko beste pilotarien aldean, «zortekotzat» dauka bere burua. «Nik zortea izan dut, 23 urterekin eman baitzidaten profesionaletan aritzeko aukera. Baina uste dut hangoek baino gehiago egin behar dugula aukera bat izateko. Nire iritziz, Inharrek eta Ekhik [Ziarrusta ] lehenago merezi zuten aukera. Lehenago eman izan baliete, agian Inharrek irabazia zuen txapel nagusia. Halere, egun, gure lana aitortzen digute».

Bi ezkero, hiru seguru, dio atsotitzak, eta horixe egin nahi du: binakakoa irabazi. Igandean ekingo dio, Eneko Maiz billabonatarrarekin. Hura da maila nagusiko binakakoa jokatuko duen Hego Euskal Herriko beste pilotaria. «Oso pozik nago; oso ondo moldatzen gara. Ea txapela irabaz dezakegun. Gogor borrokatuko gara».

Poza eta pena aldi berean

Ugartek, berriz, profesionala bilakatu eta 11 hilabetera irabazi du lehen txapel handia. Hari, ordea, ez dio ezustean hartu. «Ondo moldatzen naiz buruz buru, eta banekien nire lana ondo egiten banuen eskura izango nuela txapela. Zazpi partida jokatu ditut, eta bakarra galdu dut: lehena, Jon Saint-Paulen aurka. Ondorioz, ezin izan nuen Lehen Mailakoekin aritu. Baina, gero, arantza atera nuen finalean, Saint-Pauli irabazita».

«Oso pozik» dago, baina ezin du ezkutatu «pena» ere baduela. «Nirea ez da ohiko debuta; 33 urte ditut, urte pila bat daramatzat txapelketa onenak jokatzen; eta askotan aritu naiz berezkoen aurka. 2009an jokatu nuen lehen aldiz berezkoen aurka; beraz, hamalau urte pasatu behar izan dira aukera izan arte. Eta pilota jarraitzen duen edonork badaki nik aspaldi nuela behar besteko maila. Pena da, baina orain iritsi zait aukera, eta aprobetxatu egin behar dut».

«Jende askorekin» gogoratzen da txapelari begiratzean: «Nire ibilbidean lagundu didaten guztiei eskaini nahi diet: bikotekideari, familiari, Abadiñon [Bizkaia] urte askoan nirekin aritu diren pilotariei, Kepa Arroitajauregi zenari, Sopelako [Bizkaia] klubeko jendeari... Oso eskertuta nago».

Sanchezen iritzi berekoa da hura ere: «Oso albiste ona» da Hegoaldeko bi pilotarik irabazi izana. «Aukera eta garaia aprobetxatu» behar direla azpimarratu du, eta Hegoaldeko pilotariei dei egin die trinketara gerturatzeko. «Ezkerparetan debutatu ezin dutenak; debuta egin, eta itzalean ari direnak; eta etsita, pilota uztear direnak; guztiak animatuko nituzke trinketan jokatzera; aukera oso ona da». Haren ustez, Hegoaldekoak «hobeak» dira gauza askotan: «Osoagoak gara: teknika hobea dugu, eta erraz jotzen diogu pilotari ezkerrarekin. Oso ondo molda gaitezke trinketan. Horren erakusle da gero eta gehiago ari garela berezkoekin: Luis, Ekhi, Eneko eta ni neu. Kopuruak gora egiten jarraitzen badu, agian antola zitekeen Iparraldean eta Hegoaldean zirkuitu bateratu bat».

Hark ere asteburuan ekingo dio binakakoari. Bigarren Mailakoan ariko da. Iaz, Ziarrusta laguna izan zuen bikotekide. Aurten, berriz, Alexis Hegi jatsuarra. Argi du helburua: «Bigarren Mailako ligaxkako lehen sailkatuak kanporaketa jokatuko du Lehen Mailako laugarrenaren aurka, eta irabazleak maila nagusiko finalerdiak jokatuko ditu. Hor egon nahi dut nik, onenekin borrokan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOK U

«Saskibaloiaren egunerokoari heltzeko energia ematen dit umeak»

Ainara Arratibel Gascon

Urtarrilean iritsi zen Donostiara hegalekoa. 2 urteko alaba du, eta amatasuna eta saskibaloia uztartzeko leku «egokia» topatu du Donostian. «Goi mailako gero eta emakume kirolari gehiago gara ama izateko urratsa egiten ari garenak», nabarmendu du.
<b>Gorka Nieto iragan asteartean, Sportingen aurkako neurketan, jaurtiketa bat egiten.</b> ©JON URBE / FOKU

Lisboan biribildu behar

Beñat Mujika Telleria

Artalekun irabazi ostean, Bidasoa kanporaketa biribiltzen ahaleginduko da gaur, Lisboan. Hiru golen aldea daukate irundarrek
Errepausuko lepoko bide seinaleak. ©M. ARRIZABALAGA

Manttobaitatik Ainhoara

Mikel Arrizabalaga

Ibilaldi luze honek Xareta lurraldeko Sara eta Ainhoa herriak ezagutzeko aukera ematen digu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...