Luzaro oroituko den balentria

Espainiako Lehen Mailara igotzeko urrats bakarra falta zaio Osasunari. Bihar bertan eman dezake pauso erabakigarria, gaur Alcorconen irabazten badu, eta bihar Albacetek galtzen badu, eta Mallorcak berdintzen. Horrela, gorritxoek ginga jarriko liokete historikoa izaten ari den sasoi bati.

Osasunako jokalariak, Sadarren, denboraldi honetan lortutako garaipen bat ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Osasuna urrezko orria ari da idazten datorren urtean mendeurrena ospatuko duen klubaren historian. Aurrekaririk gabea eta kasik errepikaezina da gorritxoak sasoi honetan lortzen ari direna. Inoiz baino puntu gehiago batu dituzte jada, 73, oraindik Espainiako Bigarren Mailako liga bukatzeko sei jardunaldi falta diren arren. Sadarreko bolada ere aipatzekoa da: 15 garaipen daramatzate jarraian ziurra den Reusen aurkako garaipena aintzat hartuta, eta partida bakar bat ere ez dute galdu.

Ertz asko ditu tamaina horretako balentria batek, baina jokalari ohi, kazetari zein zale, denek uste dute funtsezkoa izan dela Jagoba Arrasate buru duen talde teknikoaren ekarpena. Bederen, hala uste dute Patxi Puñalek, Cesar Krutxagak, Rafa Aguilerak, Juan Kruz Lakastak eta Gorka Azpirozek. Haien esanetan, Arrasatek estilo eta nortasun egokiz hornitu du Osasuna, eta horrek taldearen eta zaleen arteko lotura estutzeko balio izan du. Halaber, baikortasunez dakusate klubaren geroa, Lehen Mailan egoteak emango dion hauspo ekonomikoari esker.

PATXI PUÑAL Osasunako jokalari ohia

«Gurditik tiratu behar zuten Oierrek eta Robertok, eta ez dute hutsik egin»



Bere talde ohiaren jarduna ikusita, «txundituta» eta «pozarren» dago Puñal. Hainbeste, ezen «pena» ematen baitio denboraldia amaitzear egoteak. Haren ustez, «Arrasateren poltsikoan» dago gorritxoen arrakastaren giltza. «Halako lorpena, hein handi batean, teknikariaren meritua da. Ematen duen baino gauza gehiago menperatu behar dira Osasuna dagoen tokira gidatzeko. Xehetasun txikietan dago gakoa, eta Jagobak mekanismo egokiak ezarri ditu».

Taldearen «ziurtasuna, eraginkortasuna eta kemena» nabarmendu ditu. «Moldakortasuna» ere gehitu du nafarren dohainen zerrendara. «Edozein egoeratara egokitu dira ongi: bai baloia ondo atera eta agintea edukitzea tokatu zaienean, baita atzerago jokatu eta aurkariari eutsi behar izan diotenean ere». Halaber, gorritxoen kapitain ohiak egun besokoa daramaten jokalarien maila goratu du. «Gurditik tira egiteko ardura zuten Oierrek eta Robertok, eta ez dute hutsik egin».

Puñalek 2014an utzi zuen futbola, Osasuna Bigarren Mailara jaitsi ondotik. Krisi instituzional eta ekonomiko sakonean hondoratu zen orduan kluba, baina hori «iraganeko kontua» dela dio; areago, Lehen Mailara igotzen bada. Elitean porrot egin zuen Osasunak orain bi sasoi, baina orain orduan baino «oinarri sendoagoa» duela uste du. Hori bai, zenbait jokalari galtzeko arriskua dagoela gogorarazi du. «Aldaketak egongo dira, eta garrantzitsua izango da asmatzea. Lauzpabost jokalari on fitxatu beharko dira».

CESAR KRUTXAGA Osasunako jokalari ohia

«Ezin hobeto egindute bat etxekoeta kanpoko jokalariek»



Krutxaga ere ezustean harrapatu du Osasunaren ibili distiratsuak. Atzelari ohiarentzat, «zaila» da nafarren denboraldiaren gakoez mintzatzea. «Oso lausoa da arrakastaren eta porrotaren arteko muga. Aurreko sasoian ere teknikari eta jokalari onak zeuden, baina taldeak ez zuen maila eman. Kritika asko egin zizkioten Diego Martinez; ordea, egun, igoera postuetan du Granada». Edonola, onartu du Osasunari on egin diola entrenatzailea aldatzeak. «Asko lagundu du talde tekniko berriak. Jende normala da, klub honen filosofia ondo ezagutzen duena. Badakite zer-nolako futbola gustatzen zaion hemengo zaleari».

Horrekin batera, jokalarien artean dagoen «lotura estua» laudatu du. «Kanpotik begiratuta, behintzat, denak norabide berean doazela dirudi. Ezin hobeto egin dute bat etxeko eta kanpoko jokalariek. Batasun giroa dago, eta hori lortzea ez da beti erraza izaten». Etxeko jokalariei erreparatuz, Unai eta David Garciaren sasoia azpimarratu du. «Gaizki pasatu zuten Lehen Mailan orain bi denboraldi, eta hainbatek zalantza egin zuen haien gaitasunez. Ordea, bikain jardun dute sasoi honetan. Uste dut gorengo mailaz behar bezala gozatuko dutela datorren denboraldian».

Horren harira, Osasunak orain elitean jarduteko oinarri sendoagoa duela deritzo. «Bizkarrezurrari eusteak» izan behar omen du lehentasuna. «Hortik abiatuta, ea jokalari onak fitxa daitezkeen. Martxan dago estadioa berritzeko proiektua, baina uste dut kirol arloan behar adinako inbertsioa egin ahalko dela». Etorkizun hurbilean, Arrasate ez den beste lemazainik ez du ikusten taldearen gidaritzan. «Egun, iraungitze data laburra dute teknikariek. Nolanahi, niri asko gustatzen zait talde tekniko hau, eta Osasunan arrasto luzea utziko duelakoan nago».

RAFA AGUILERA Radio Euskadiko esataria

«Arrasatek lan bikaina egin du alor psikologikoan eta emozionalean»



Aguileraren irudiz, «inoren kalkuluetan» ez zen sartzen Osasunak bikain jardutea; «are gutxiago, hasiera eskas baten ondotik». Izan ere, taldea azken-aurren zegoen lehen hiru partiden ostean, puntu bakarra bilduta. Haatik, koskaz koska egin du gora, 27. jardunaldian lider bihurtzeraino. Geroztik, tinko eutsi dio lehen postuari. Bada, Aguilerarentzat, Arrasateren kudeaketa izan da gorakada horren giltzarrietako bat. «Talde dinamika aproposa lortu du, eta jokalari gehienei atera die zukua. Alde horretatik, uste dut alimaleko lana egin duela alor psikologiko eta emozionalean».

Horrekin batera, funtsezkoa izan omen da prestatzaile bizkaitarraren planteamendua. «Osasunaren zaleek gogoko duten proposamena aurkitu du. Sadarrera doan jendeak talde borrokalari eta erasokorra ikusi nahi du. Harmailen babesa sekulakoa izan da, eta, horri lotuta, taldeak une batzuetan izan dituen gabeziak estali ditu Sadarrek». Zaleen artean, Indar Gorriren ekarpena azpimarratu du, «talde hori baita harmailetan sugarra pizten duena». «Uste dut ez dela behar bezala aitortzen Indar Gorriren dinamizazio gaitasuna. Noizbait, irakurketa lasai bat egin beharko litzateke Osasunari ematen dion guztiaz».

Aurrera begira, elitera igotzeak «garrantzi handia» izango duela deritzo. «Sadar eraberritzeko proiektuak esfortzu ekonomiko handia eskatuko dio Osasunari. Hori horrela, Lehen Mailan bizpahiru denboraldiz irauteak guztiz bermatuko luke 2014an galzorian izan zen klubaren bideragarritasuna. Era berean, gorengo mailara igotzea, klubaren ondarea berreskuratzeko lehen urratsa izan beharko litzateke».

JUAN KRUZ LAKASTA Euskalerria Irratiko esataria

«Lan tresna aurreratuak eta nortasunaren aldeko apustua uztartu dira»



Proposamen aldetik alde nabarmena izan da sasoi batetik bestera. Hala irizten dio Lakastak. Diego Martinezen «estilo defentsiboaren» aurrean, Arrasatek «ausardiaren aldeko apustua» egin duela azaldu du. «Aurreko sasoian, aurkaria xeheki aztertzen zen, bere jokoa eraisteko. Honako honetan ere gertutik jarraitzen da aurkarien jarduna, baina lehentasuna norberaren jokoari ematen zaio». Horretaz landa, Taxoaren zaildutako jokalarien aldeko apustua ere berpiztu omen da. «Lan tresna aurreratuak eta nortasunaren aldeko apustua uztartu dira. Lehenetsi egiten da etxeko jokalaria, orain dela hilabete batzuk ez bezala».

Hori horrela, Sadarreko giroa «errotik» aldatu omen da. Orain jai giroa da nagusi. Festa dagoen tokian, baina, jarrera salagarriak ikusten ditu Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak. Lakastak garbi du zer dagoen erakunde horren jazarpenaren atzean. «Espainiako futbolean oso neurgailu ezberdinak erabiltzen dira zale ezkertiarrekin eta eskuin muturrekoekin. Horrek zerikusia du Ligako agintariaren joera ideologikoarekin».

Edonola, sasoi honetan ez dago gorritxoen poza zapuztuko duenik. Izan ere, gizonezkoen taldea ez ezik, emakumezkoena ere Lehen Mailara igotzeko borrokan dabil. Alde horretatik, Lakastak uste du aitortza zor zaiola Luis Sabalzaren zuzendaritzari. «Lehenik, jokalariei egin behar zaie txalo, baina esan behar da egokia ari dela izaten zuzendaritzaren jarrera. Sadar bitan ireki zaio emakumezkoen taldeari, eta eskertzekoa da». Euskararen ikusgarritasunari dagokionez, urrats esanguratsuak egin ei dira; kasurako, AEKrekin sinaturiko hitzarmena.

GORKA AZPIROZ Zalea eta Batzorde Ekonomikoko kidea

«Igotzen bagara, sasoi honetan baino 43 milioi gehiago jasoko ditugu»



Zale gorritxoen zoriona irudikatzen du Azpirozek. «Maiatz hasieran gaude oraindik, eta dagoeneko bertan dugu Lehen Maila. Horrek dena esaten du». Harentzat, Arrasate «teknikari argia» eta «lider naturala» da, eta «itxuraldatu» egin du taldea. «Hainbeste gustatzen zaigun estiloa ezarri du. Emaitzez harago, taldeak joko gustagarria egiten du, eta hori asko eskertzen dugu zaleok. Zelaian ikusten dugunarekin identifikatuta sentitzen gara». Horrekin batera, gorritxoen jite borrokalaria nabarmendu du. «Lehiaren zentzua berreskuratu du. Ezin da sekula hiltzat eman, eta, hemen, funtsezkoa da nortasun hori izatea».

Bazkidea izateaz landa, batzorde ekonomikoko kidea ere bada. Haren hitzetan, alor ekonomikoan «sekulako jauzia» emango litzateke igota. «Telebista eskubideen truke 50 milioi euro inguru jasoko genituzke, hau da, sasoi honetan baino 43 milioi gehiago. Gorengo mailan egoteak Sadarren eraberritzea askoz ere azkarrago ordaintzeko aukera emango liguke». Oro har, pozik dago klubak hartutako norabidearekin. «Orain lau urte sartu ginenean, zor publiko ikaragarria zuen Osasunak, eta egun ez du batere. Gainera, gauza asko aldatu dira instituzionalki. Profesionalizatu egin dira barruko azpiegiturak, eta asko pozten gaitu horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.