Ate joka daude

Hilabete eskas falta da Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak has daitezen. Han aritzeko lanean ari dira zenbait euskal kirolari. Batzuk sailkatuta daude, eta beste batzuk saiatzen ari dira.

Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak hasteko falta diren egunak kontatzen dituen erlojua, eta ekitaldiaren afixa, Txinako hiriburuan. WU HONG / EFE.
Unai Ugartemendia.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gero eta gutxiago falta da, hilabete eskas besterik ez. Otsailaren 4an hasi eta hilaren 20ra bitarte jokatuko dira Pekinen XXIV. Neguko Olinpiar Jokoak. COVID-19aren pandemiak eraginda, arriskuan egon dira azken ordura arte, baina, Txinako Gobernuak egindako indarraren ondorioz, jokatu egingo dira azkenean. Baina, horretarako, segurtasun eta osasun neurri zorrotzak egongo dira.

Beste behin, munduko kirolaririk onenak lehiatuko dira. Euskal herritarrak ere ariko dira. Gaur-gaurkoz, Imanol Rojo iraupen eskiatzailea eta Lucas Egibar snowboardlaria sailkatuta daude. Alvaro Romero snowboardlaria eta Juan del Campo eskiatzailea, berriz, sailkatzeko ahaleginean ari dira. Aldiz, Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curlingeko kirolariek jada ez dute aukerarik.

IMANOL ROJO Iraupen eskiatzailea

«Gozatu egin nahi dut; aurrekoetan presio handiarekin aritu nintzen»

Aurreko denboraldi bikaina eta gero, indartsu ekin dio Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak sasoiari (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). «Oso motibatuta hasi nintzen. Iazko antzeko gauzak egiten aritu gara, baina intentsitate handiagoarekin. Iazko emaitzak ikusita, are eta indartsuago ekin nion sasoiari. Denboraldiaurrean egindako lana orain hasi naiz nabaritzen». Aurtengoa urte berezia izango da Rojorentzat. Beste kirolari askoren antzera, Olinpiar Jokoak izango dira tolosarrarentzat urteko helburu nagusia. «Olinpiar urteak oso bereziak izaten dira gu bezalako kirolarientzat. Iaz, oso ondo iritsi nintzen Munduko Txapelketara, eta aurten ere bikain iritsi nahi dut Jokoetara».

Tolosarrarentzat, haren hirugarren Olinpiar Jokoak izango dira, 2014an Sotxin (Errusia) eta 2018an Pyeongchangen (Hego Korea) lehiatu eta gero. «Nire ahaleginik handiena Olinpiar Jokoetara ahalik eta sasoirik onenean iristea izango da. Inoiz ez dut horren ondo hasi denboraldia, nahiz eta postuetan zerbait atzerago ibili. Jende asko oraindik sailkatzeko dago, eta hori asko nabaritu da orain arte jokatutako probetan». Baina, gutxinaka, hasia da berriz erritmoa hartzen, eta, esaterako, Suitza, Alemania eta Italia artean jokatu berri den biran, Munduko Kopan haren kirol ibilbideko bigarren posturik onena lortu berri du: 22. sailkatu da.

Lasterketa batzuk jokatu ditu dagoeneko, baina argi dauka aurtengo helburua. «Iaz Munduko Txapelketara iritsi nintzen baino freskoago iritsi nahiko nuke Pekinera. Iaz, txapelketa martxoan izan zen, eta ordurako lasterketa asko jokatuta nengoen». Olinpiar Jokoetan lor dezakeen emaitzak ez du batere «itsutzen», eta aurreko Olinpiar Jokoetara «presio handiarekin» joan zela ere aitortu du. Pekinen, berriz, «gozatzera» irten nahi duela azpimarratu du. «Lehenik eta behin, ohiko lasterketa batean bezala sentitu nahiko nuke. Gero, gorputzak laguntzen baldin badit, Olinpiar Joko batzuetan inoiz lortu dudan posturik onena hobetzen saiatuko naiz: 33. izan nintzen Sotxin, duela zortzi urte. Izugarria izango litzateke aurreneko hamabost-hogeiren artean sailkatzea».

LUCAS EGIBARSnowboardlaria

«Aurreko Jokoetako esperientzia eta maila aprobetxatu nahi ditut»

Azken urteetan Euskal Herrian neguko kiroletan inor nabarmendu bada, Lucas Egibar izan da (Donostia, 1994). Iaz jo zuen goia, Suedian Munduko Txapelketa irabazita. Denboraldi honetan, berriz, bizkarreko lesio bat dela medio, gauzak ez zaizkio berak nahi bezain ondo ateratzen ari. «Denboraldiaurrean asko kostatu zitzaigun. Italian hasi ginen elurretan, eta lehen saioetan berriro itzuli ziren oinazeak. Etxera itzuli behar izan genuen zirkuituan elurrik zapaldu gabe». Osaketa oso geldoa izan ondoren, entrenamendu gutxi eginda jokatu zituen lehen bi lasterketak. «Berriro erritmoa hartzeko balio izan didate».

Emaitzak ez ziren Egibarrek esperotakoak izan. Oraindik ere erritmo asko falta zuela konturatu zen. Halere, abenduaren erdialdean Cervinian (Italia) jokatutako azken lasterketan, irabaztetik gertu egon zen: «Ez zen oso arraroa izango irabazi izan banu. Nire huts batengatik ez nuen irabazi». Otsailaren hasieran Pekinera abiatu aurretik, Errusian jokatuko ditu hurrengo bi probak, eta gauzak hobeto joatea espero du: «Hobetzen jarraitu nahi dut». Haren hirugarren Olinpiar Jokoak izango direnengatik galdetuta, «gozatzea» espero duela dio. «Ea COVID-19ak ez dituen gauzak okertzen. Oraindik ez dakigu nola egongo garen Pekinera iristean. Pena handia emango lidake Jokoetan egonda mugitzeko aukerarik ez izateak. Baina egoera dagoena da, eta gauzak datozen bezala hartu behar dira».

Helburuak ere garbi dauzka:2018ko Pyeongchangeko Jokoetan zazpigarren izan ondoren, postua hobetzea du lehen helburua. «Aurreko Jokoetatik badut esperientzia eta maila, eta uste dut irabazteko grinarekin joan behar dudala. Lor dezakedalakoan nago. Domina bat lortzearekin amesten dut».

JUAN DEL CAMPO Eskiatzailea

«Ez dut edozeinmodutan egon nahiOlinpiar Jokoetan»

Juan Del Campo eskiatzailearentzat (Bilbo, 1994) ere ez da udazken samurra izan 2021ekoa. Lehenik, material aldaketara ohitu behar izan zuen, eta, lortu zuenean, peronea hautsi zuen. «Etorkizunean arazorik ez izateko, ebakuntza bat egitea erabaki genuen. Lau hilabete luze eta gogor izan ziren».

Eskiatzailea izaki, orkatilaren indarrak funtzio berezia egin behar izaten du botaren barruan. Baina ez zuen etsi. Hilabete luzeen ondoren, berriro eskien gainean jartzeko eguna iritsi zen. «Berriz oso sentsazio onak izan nituen hasieratik. Denboraldi hasierarako nahiko sasoiko ikusten nuen neure burua». Suedian egindako entrenamenduak berriro ere bide onean jarri zuten. Erritmoa hartuz joan zen gutxinaka, baina abenduan geldialdi txiki bat izan zuen, txertoaren eraginez eta hortz batean izandako infekzio batengatik. Hura pasatu ondoren, berriro ere martxan da. «Gutxinaka, berriro ere bide onean noa. Eskiekin ere hobeto moldatzen ari naiz, eta fisikoki ere hobeto nago».

Baina haren etsairik handienadenbora izango da. «Ez dakit Pekinera iristeko aukerarik izango dudan. Espainiako selekzioko taldekideez gain, aurkari oso gogorrak izango ditut. Argi daukat, gainera, Olinpiar Jokoetara ez dela parte hartzera bakarrik joaten: lehiatzera joaten gara. Han beti maila erakutsi behar da, eta zalantza asko dauzkat. Ez dut edozein egoeratan egon nahi». Bigarren Jokoak lituzke, eta horrek sentsazio bereziak sortzen dizkio. «Izugarria litzateke han egotea. Emaitzak beste kontu bat dira. Gozatu egin nahiko nuke Jokoez, baina oraingo egoerarekin zaila izango da bete-betean gozatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.