Europa begiz jota

Lehen Mailako lau euskal taldeek dute matematikoki Europan aritzeko aukera. Athletic dago egoera onenean, eta Eibarrek du aukera gutxien. Alavesen eta Realaren arteko biharko derbiak gauza asko argituko ditu.

Iñaki Williams, baloia kontrolatu nahian, Alavesen aurkako derbian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Lehen Mailako sasoi honetako zazpigarren postuak aukera emango du Europa ligako atariko kanporaketak jokatzeko. Lau euskal taldeek ibilbide oso ezberdinak izan dituzte sasoian, baina, hiru jardunaldiren faltan, denek dute sailkatzeko aukera.

ATHLETIC (50 PUNTU)
Bere esku dauka

Abenduan pentsaezina zena pauso batera dauka talde zuri-gorriak. Bost hilabeteren buruan, mailari eusteko borrokan egoteari utzi, eta Europan sartzeko borrokan ondo kokatu da Gaizka Garitanoren taldea. Denboraldi hasierako zailtasunak aintzat hartuta, arrakasta itzela izangolitzateke Athleticentzat sailkapenean egun duen zazpigarrenpostuari eustea. Txapelketa amaitzeko hiru jardunaldi falta direla, hiru punturen aldea ateratzen dio sailkapenean gertuen duenari, Alavesi. Alde ona da, baina ez erabakigarria. Talde zuri-gorriak puntu gehiago pilatu beharko ditu saria lortu ahal izateko.

Baina ez du egutegi erraza: aurrean izango dituen aurkari guztiek zerbait izango dute jokoan. Valladolid eta Celta mailari eusteko borrokan dabiltza buru-belarri. Ikusi besterik ez dago zenbat puntu ari diren irabazten azken jardunaldietan Lehen Mailan jarraitzeko lehian dauden taldeak. Sasoia amaitzeko, berriz, Athleticek Sanchez Pizjuan bisitatuko du. Sevilla beti da aurkari zaila, eta are gehiago etxean aritzen denean. Gainera, Joaquin Caparrosen taldeak Txapeldunen Ligarako sailkatzea izan dezake jokoan. Athleticek maila ona erakutsi beharko du daukan lekua mantentzeko, baina, era berean, gauzak ondo eginez gero, seigarren postua ere lor lezake, Valentzia bi puntura baino ez baitauka. Azkenean zazpigarren postua lortuko balute, jokalari zuri-gorrientzat ez litzateke traba izango denboraldi-aurrea astebete lehenengo hastea eta uztailean kanporaketa jokatzea. Gurago dute hori abuztuan lagunartekoak jokatzea baino.

ALAVES (47 PUNTU)
Ez du amore eman gura

Alaves bere onera itzuli zen San Mamesen jokatutako derbian. Denboraldi guztia onenen artean pasatu ostean, azken asteetan aldrebestu egin da giroa taldearen inguruan. Batetik, kirol emaitzak apalak izan dira; ondorioz, Europako postuetatik gertu baina kanpoan dago taldea azken asteotan. Bestetik, Abelardo Fernandezek Gasteizen segitzeari uko egin izanak giroa gaiztotu du. Klubeko agintariek gogor egin dute entrenatzaile espainiarraren kontra. Eta, gainera, Iraultza 1921 jarraitzaile taldearen inguruan egon diren arazoek ere ez dute mesederik egin. Haiek, hala ere, konpondu egin dira, eta Iraultza 1921 Mendizorrotzan izango da bihar, Realaren aurkako derbian. Taldea gainbeheran zegoela zirudien, baina Athleticen kontra emandako itxura onak indartu egin du gasteiztarren fedea. Hurbil dute Europarako postua, eta gertu daude azken ahalegin bat egiteko. Ildo horretan, denboraldiko azken derbia erabakigarria izan daiteke. Ondoren, Mestalla bisitatuko du, azken jardunaldian Girona hartu aurretik. Beraz, Athletici gertatzen zaion legez, litekeena da Alavesek ere hiru aurkariek jokoan zerbait dutela lehiatu behar izatea. Alavesentzat denboraldi bikaina biribiltzea izango litzateke Europarako sailkatzea. 2001-02ko sasoian sailkatu zen azkeneko aldiz.

REALA (44 PUNTU)
Dena irabazi, eta zain egon

Realak emaitza bolada txar bati amaiera eman zion Getafe mendean hartuta. Anoetan denboraldiko ezusteko nagusia mendean hartzeak badu meritua, baina zaleak ez daude gustura taldearen lanarekin; gehiago espero zuten. Halere, taldeak ez du azken hitza esan. Beste talde batzuen emaitzen menpe dago, baina, azken bederatzi puntuak irabaziz gero, bete-betean sar daiteke zazpigarren postuaren lehian. Alde horretatik, Alavesentzat garrantzitsua bada biharko derbia, zer esanik ez Realarentzat. Irabazi ezean, aukera barik geratuko da. Txuri-urdinen azken kontrarioak hauek izango dira: Real Madril, etxean, eta Espanyol, kanpoan.

EIBAR (43 PUNTU)
Etxeko lanak egin ditu

Realak zail badauka, Eibarrek ia ezinezko du. Azken hiru partidak irabazi beharko lituzke, eta beste talde askok kale egin beharko lukete. Beraz, esan daiteke eibartarrak lehiatik kanpo daudela. Hala ere, ona izan da taldearen sasoia. Aurretik dituen beste talde askok baino joko hobea egin du txapelketaren zati handi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.