Noiz sortua: 2020-02-04 00:30:00

Aitaren etxea defendatzen ari da

Futbolak Euskal Herria eta Palestina elkartu ditu. Leioan jaio zen Yaser Hamed Mayor Portugalete taldeko jokalaria, eta Palestinako selekzioarekin aritzen da, hangoa baitu aita, Gazakoa. Horri esker, gertutik ezagutzen ari da«goi mailako lehia», baita palestinarren «eguneroko sufrimendua» ere.
Yaser Hamed Mayor, Palestinako banderarekin eta Portugaleteko eta Palestinako selekzioko elastikoekin, La Florida estadioan.
Yaser Hamed Mayor, Palestinako banderarekin eta Portugaleteko eta Palestinako selekzioko elastikoekin, La Florida estadioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2020ko otsailak 4
Herri senidetuak dira Euskal Herria eta Palestina. Haien historiak elkartu ditu. Zubia dago bataren eta bestearen artean, eta, horregatik, ohikoak dira elkarren arteko elkartasun keinuak. Euskal Herrian, adibidez, hamaika ekintza egiten dira Israeldik jasaten duen jazarpenari aurre egiteo, Palestinari elkartasuna adierazteko; baita laguntzeko ere.

Kirolean ere oso present dago Palestinarekiko elkartasuna. Oso ohikoak dira herrialde horretako banderak Euskal Herriko estadioetako eta pabiloietako harmailetan, nahiz eta hori egiteak Israelekin gatazka diplomatiko bat baino gehiago eragin duen.

Portugaleten (Bizkaia) ere, La Florida estadioan, ikur ezaguna da Palestinako bandera. Etxeko taldeak jokatzen duen ia partida guztietan ikus daiteke baten bat klubaren bandera beltz-horiekin nahastuta. Baina badago alde oso esanguratsu bat beste jokalekuetan gertatzen denarekin alderatuta. La Floridan, zaleek ez ezik, jokalari batek ere erakusten du Palestinako bandera.

«Harrotasun eta ohore handiz» erakusten du Yaser Hamed Mayor erdiko atzelariak (Leioa, Bizkaia, 1997), Palestinakoa baitu aita. «17 urterekin etorri zen Euskal Herrira, Gazatik. Aurretik, Madrilen bizi izan zen. Futbolean jokatzen zuen, eta proba bat egin zioten Rayon. Baina familiak ikastera behartu zuen, eta Medikuntza ikastera etorri zen Leioara, Euskal Herriko Unibertsitatearen campusera. Han ezagutu zuen gure ama [Miranda Ebrokoa (Espainia) da]. Hura ere Medikuntza ikasten ari zen. Ikasketak amaitu, mediku gisa lana topatu eta hemen jarri ziren bizitzen». Hamedek berehala azaldu ditu haren familiaren hastapenak Euskal Herrian.

«Nire aitaren etxea defendituko dut», zioen Gabriel Arestik olerki ezagunean, eta horixe egiten du Hamedek: bere aitaren etxea defenditu, bere aitaren aberria defendatu. Palestinako selekzioarekin jokatzen du. Ezohiko kasu bat da. Espainiako Hirugarren Mailan ari da, eta horren maila apaleko oso futbolari gutxi ari da maila goreneko selekzioen arteko partidak jokatzen; tartean 2022ko Qatarko Munduko Koparako sailkatzeko ligaxkakoak. Baina apala da Palestinako selekzioa: 106.a da FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren sailkapenean. Hameden meritua emaitzez harago doa. Nahikoa eta sobera egiten du Israelek jartzen dizkion trabak gainditu, eta nola edo hala jokatuta. Harentzat, jokatze hutsa jada garaipen bat da.

Ezusteko deia

Iazko uztailean jaso zuen Hamedek lehen deia. Hautatzaileak berak deitu zion telefonoz, Nureddine Uld Alik. «Ezustean» harrapatu zuen deiak; horrenbeste, telefonoa eskegitzear egon zen. «Norbait adarra jotzen ari zitzaidala uste nuen», azaldu du. Azkar konturatu zen ez zela txantxa bat. «Nire datuak eskatu, eta berehala konturatu nintzen serio ari zitzaidala». Aitortu du deiak «ilusio handia» egin ziola, eta egun osoa «shock egoeran» igaro zuela.

Baina pasatu zitzaion «sustoa», eta iritsi zitzaion estreinakoaren eguna, uztailaren 30ean. Aurretik, bi asteko egonaldia egin zuen Ramallahn (Palestina). «Urduri» joan zen hara. «Ez nuen inor ezagutzen, eta gutxi hitz egiten dut arabieraz. Baina dakidan gutxiarekin, eta ingelesarekin, nola edo hala moldatu nintzen. Asko lagundu zidaten». Horri esker, eta nahiz eta gazteena izan, selekzioaren galbahea igaro zuen.

Iraken jantzi zuen lehen aldiz Palestinaren elastikoa, Karbalan, Yemenen aurka, Mendebaldeko Asiako Kopan. Ametsetako debuta izan zen. Palestinak 1-0 irabazi zuen, eta berak sartu zuen garaipenaren gola. «Partida bukatu zenean ezin nuen sinetsi. Ikaragarria izan zen estreinakoa egin eta garaipenaren gola sartzea eta partidako jokalari onenaren saria jasotzea». Hura zelaian izanda, Palestinak inoizko lanik onena egin zuen txapelketan.

Ordutik, beste zortzi partida jokatu ditu Palestinarekin. Beste gol bat ere sartu du, Singapurren, Munduko Koparako sailkatzeko ligaxkan. Ondo bidean, martxoaren 26an jokatuko du hurrengo partida, etxean, Al-Rameko Faisal Al-Husseini estadioan, Singapurren aurka. Bitan jokatu du han. Jerusalemgo harresiaren alboan dago, eta harmailetako oihuak beste aldean entzuten dira. Herrialdearen harrotasunaren ikurretako bat da, Jerusalem ere Palestina dela aldarrikatzeko. «Igarri egiten da gure partidak kirolaz harago doazela. Jendea partida hasi baino askoz lehenago joaten da estadiora, eta, gero, partida osoan animatzen dute, etenik gabe, irabaziz edo galduz joan. Euren herrialdea defendatzen dute, eta, horregatik, izugarri maite gaituzte, guk Palestina defendatzen dugulako. Asko sufritzen ari den herrialdea da Palestina, eta haientzat futbola tresna bat da, euren aberriaren alde egiteko».

Etxean jokatu dituen partiden artean, Saudi Arabiaren kontrakoa du bereziki gogoan. Urriaren 15ean izan zen. Esanahi handikoa izan zen, kirol arloan zein politikoan. Izan ere, Saudi Arabiak inoiz ez zuen jokatu Palestinan, horretarako, Israeli baimena eskatu behar baitzion. Hori egitea «etsai batekin harremanak normalizatzea» zela zioen Saudi Arabiak. Horregatik, besteak beste, Jordanian eta Qatarren aritu izan ziren aurretik elkarren aurka palestinarrak eta saudiarabiarrak. «Itzela izan zen partida horren bueltan bizi izan zen giroa. Lehenik, hiri osoa apaindu zuten. Eta, gero, sekulako giroa izan zen estadioan. Bete egin zen, eta zale bat baino gehiago ikusi genuen estadioaren hormak eskalatu nahian, barrura sartzeko. Nabari zen egun historikoa zela, eta denek egon nahi zutela bertan. Festa handia izan zen. Pena izan zen ez genuela irabazi [hutsean egin zuten]».

Israelen trabak

FIFAk 1998an onartu zuen Palestina eskubide osoko kide gisa, baina salbuespen egoeran jokatu behar izan du urte askoan. Duela gutxi arte, partida ofizialik garrantzitsuenak etxetik kanpo jokatzera kondenatuta egon da. Palestinako Federazioak maiz salatu du Israelgo Gobernuaren jarrera, selekzioaren jardunari eta entrenamenduei «trabak» jarri izan dizkiolako betidanik. Horrexegatik, 2015ean, Palestinak FIFAri eskatu zion Israelgo Federazioa erakundetik kanpora zezan, «jarrera arrazista» zuela eta «jokalarien mugimendu askeari trabak» jartzen zizkiola argudiatuz. Bozketak ez zuen nahikoa babes lortu, baina FIFAk ikuskatzaileak bidali zituen, egoera aztertzeko. Ordutik, sarritan jokatu du etxean.

Israelek Palestinarekin duen jarrera sufritu du jada Hamedek. «Palestinarekin jokatzeko deitu zidaten bigarren aldian, Poliziak atxiki ninduen Tel Aviveko aireportuan. Gela batean sartu ninduten, eta bost orduz aritu ziren galdezka. Espetxean sartzearekin mehatxatu ninduten. Dena, esan nielako Gazan nuela familia. Palestinako selekzioko jokalaria nintzela esaten nien, baina bost axola haiei. 'Hamasekin zerikusia duzu?', hori besterik ez zidaten galdetzen. Sakelakoa kendu zidaten, eta kontaktu guztiak ikuskatu zizkidaten. Tentsioagatik, zorabiatu egin nintzen. Egon zen une bat zeinean uste izan nuen hantxe hilko nintzela. Azkenean, aske utzi ninduten, baina oso-oso gaizki pasatu nuen. Hurrengo aldietan ez dut izan halako arazorik, baina inoiz ez dut ahaztuko».

Oso gaizki pasatu zuen beste batean ere, Al-Ramen, selekzioaren autobusean zihoala, bere burua Israelgo armadaren eta palestinarren arteko borroka baten erdian ikusi baitzuen. «Lurrera bota nuen neure burua, izututa, baina konturatu nintzen taldekideak nitaz barre egiten hasi zirela. 'Lasai Yaser, ostirala da, errezo eguna, beti gertatzen da gauza bera'; horixe esan zidaten. Zoritxarrez, ohituta daude halako egoerak bizi izatera».

«Tristura handia»; horixe sentitzen du telebistaz Palestinan gertatzen ari dena ikusten duenean. «Palestinak ez du merezi bizi izaten ari dena. Batzuetan, ez dut telebista ikusi ere egin nahi, bihotza hautsi egiten zaidalako». Hala ere, Israelen jarreraz galdetuta, «tentuz» jokatu nahi izan du, «ondorioak saiheste aldera». «Ez dut nahi politika gaietan nahastu. Arazoak eragin diezazkidake, batez ere hara noanean».

Egun batean, Portugaleten, eta beste batean, Beiruten; egun batean Santurtzin (Bizkaia), eta beste batean, Singapurren. Hala dabil duela urte erditik. «Sekulako aldea dago; batez ere, antolaketari dagokionez. Selekzioarekin, dena oso profesionala da, erraztasun guztiak ematen dizkigute. San Mames bezalako estadio handietan ere jokatzen dugu, eta sekulakoa da halako tokietan jokatzea».

Erakusleiho ona

Aitortu du nazioarteko partidak jokatzea «erakusleiho ona» dela, eta ari zaiola «probetxua» ateratzen. «Eskaintzaren bat baino gehiago jaso dut jada. Asko zor diot hautatzaileari». Horri esker, «gero eta gertuago» ikusten du aspaldiko ametsa betetzea: «Gustatuko litzaidake futbolari profesionala izatea, Lehen Mailan jokatzea, eta, behin eskatzen hasita, Athleticen aritzea». Hori eginda, iraganera itzuliko litzateke, bost urte egin baitzituen Lezaman. «9 urtetatik 14ra egon nintzen Athleticen harrobian, eta Unai Simonekin, Unai Nuñezekin, Iñigo Cordobarekin eta Asier Villalibrerekin bat egin nuen, besteak beste. Kadeteetan, ordea, kanpoan utzi ninduten». Ordutik, Bizkaiko maila apaleko taldeetan jokatu du: Arenasen, Gallartan, Santurtzin, Leioan eta Portugaleten.

«Oso familia futbolzalea gara» dio, eta ez zaio arrazoirik falta. Zazpi kidek osatzen dute Hamed Mayor sendia: gurasoek, eta bost semek, eta amak ez beste guztiek jokatzen dute edo jokatu izan dute futbolean. Baina baloiaren gainetik, ikasketak daude. «Gurasoek betidanik oso argi utzi izan digute ondo dagoela futbolean jokatzea, baina lehentasuna ikasketak direla. Nire asmoa da futbolean ahal dudan goren iristea, baina ikasketak bazter batean utzi gabe. Hori negoziaezina da».

Esan eta egin. Kimika Ingeniaritza ikasten ari da, Leioan, eta karrerako liburuak ditu ia beti eskura bidaietan. «Beti izan da horrela. Lezaman nengoenean, askotan ni nintzen bakarra bidaietan ikasi egiten zuena, eta barre egiten zidaten. Baina oso argi dut futbola ez dela betirako, eta, bukatzen denerako, ahal dudan ondoen prestatuta egon behar dudala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna