begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Pantaila ttipiarekin maite giroan

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Jende-saldoak presio handia egin zuen nire errai eta neuronetan. Ezinbesteko nuen (omen, bide, ei) Florian Zellerren The Father filma ikustea. Ez nuen nik ba inolako asmorik. Jakinaren gainean nengoen, ordea: askoren aburuz Frantziako antzerkigilerik liluragarriena den autoreak bere lan baten gainean eginiko egokitzapena dugu, aretoak mukuru egiten dituen pieza.

Ez nuen, baina, ez beharrik, ez motibazio handirik. Jabeturik nintzen, bai: pasa den Donostiako Zinemaldian Ikusleen Saria jaso zuen. Baina ez nuen ez gogorik, ez apetarik. Batetik, jakin badakit antzerkia eta zinema ez direla gauza bera, ez direla lengoaia, hizkera berean mintzo. Susmoa dut ere ez dela nahikoa Frantziako tauletako enfant terrible berria izatea planetako kritikari guztiak belauniko jarriko dituen zinema-gizona bilakatzeko (nahiz eta hala gertatu izana, lur honetan eta besteetan, zinemaz idazten duten guztiek egin baitiote gur Zellerri).

Bestetik, gizakion zahartasunak (zaharkeriak, hobeto eta nahita esanda) dakarzkien (dakarzkigun) ajeak, minak, ezinak agerian uzten dituzten pelikulak ez ditut gogoko. Aspaldian ohartu nintzen ez inorekin ez ezerekin errukirik ez duen Natura legea direla, baina ez dut nahi beharrezkoa izan arte inoren, ezeren abisua jaso. Are gutxiago Hannibal Lecter psikopata, sukaldari, jatun, filosofo, pentsalari eta hiltzaile paregabea izandako Anthony Hopkinsek antzezten badu lege krudel horren biktima.

Ez. Ezerk ez ninduen bultzatzen The Father ikustera. Jendeak behartu ninduen, alta. Jendeak eta, akaso, igual, batek daki, Christopher Hamptonen izena antzematea gidoiaren sinaduran. Ezin ahaztu, inoiz ez, Choderlos de Laclosen Les Liasons Dangereuses berak egokitu zuela pantailara.

Eta zineman sartu nintzen. Desgogora eta kasik dardara bizian. Ez da modurik egokiena pandemiaren kontra hertsiki babesturiko saloi batean sartzeko, ez, aitortzen dut. Ondorioz, gertatuko zela nekien hori gertatu zen: min eman zidan pelikulak, min eman ere Hannibal Lecter zena inoiz haziko ez den ume baten modura zotinka entzuteak, aspaldi zaharrean hildako ama ikusi nahi desesperatuan. Pelikularen beraren kontra jarri nintzen. Ulertu nuen jendea harrapatzeko artefaktu primerakoa zela: elegante-elegantea, musika klasikoz beteriko soinu banda, giza maila altuko pertsonaiak protagonista, eta ez aterperik, biharrik gabekoak. Kamera leuna, muntaia gozoa... Entenditu nuen Zinemaldian Ikusleen Saria jaso izana.

Baina kontatzen zidanetik alde, ihes egin nahi nuen. Ez aretotik aterata. Ez, pantailatik. Erraz burutu nuen ihesaldi psiko-fisikoa. Zergatik hain erraz? Pantaila handi-handi-handia zelako, eta banuen begirada non pausatu, Hannibal izan zenaren pijamari erreparatu barik. Banituen nire salbaziorako zirrikituak. Pantaila handi-handia zelako.

Etxera bueltatzerakoan, neure neurea den pantaila aurrean jarri nintzen. Txikia oso, ez baitut nirean home cinema-rik. Ezta auskalo zenbat hazbeteko plasmadun telebistarik ere. Ordenagailuan ikusten ditut nik pelikulak. Eta ez nuke, inoiz eta inolaz ere, tamaina aitzakia, aldatuko.

Bere aurrean, ihesbiderik ez. Salbazio biderik ez. Arrakalarik ez. Filma eta biok. Gehiagorik ez. Aurrez aurre. Nik neuk erabakitako konfinamenduan. Pelikularekin hizketan, elkarrizketa, dialogo intimo batean. Zentimetro gutxiko distantzian, barru eta kanpoko distantzia motzean. Izugarri maite dudan intimitatean; niri, ez beste inori ari zait tentatzen zinema puska hori. Nik sortutako ilunpean, nik desiraturiko bakardadean. Bera eta biok.

Nirean, Anthony Hopkins Hannibal Lecter da oraindik, eta auskalo noren gibela dastatzeko gonbita egiten dit. Gibela, bai, eta ez edonongo aretotako ikusleekin konpartitu beharreko te hotza.

Nire etxe barruko pantaila ttipia gero eta maiteago dut. Bere tamaina horrek, bere gertutasunak, bertan den zinemarekiko harreman bitxiak, deabruzkoak, estrainioak, ezberdinak, sakonagoak, fisikoagoak eragiten dizkidate. Argiak itzalirik, kandela bat pizturik, bera hortxe eta ni hementxe gaudela, handitzen da, areagotzen da Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren Caminho Longe horri darion zapore mikatza, izanaz hainbestetan aldatu duen soldadu zaharkituaren desosegua. Desosegua? Bai, dagoeneko ez baita ez hangoa ez hemengoa, ez borroka hartakoa ez oraingo ustezko bakealdikoa...

Pantaila horretan, asteartean Errenterian ikusgai izango den La Veronica-n Mariana Di Girolamok heroi moduan aguantatzen dituen 56 plano hurbil horiek hurbilago daude nirekiko. Laburbilduz, pantaila handiaren mitoa suntsitzeko moduko mitoa dugu, benetan diotsuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.