«Ezinean aritu gara»

Goitik behera egin du Beñat Rezustak Binakako Txapelketan: bitan txapeldun, eta beste bitan txapeldunorde izan ondoren, ez du lehen ligaxka gainditu. Argi du non egiten duten huts Iker Irribarriak eta berak: «Irregulartasunak kondenatu gaitu».

Beñat Rezusta, pilota jotzear, Binakako Txapelketako lehen ligaxkan jokatutako partida batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Kito. Bukatu da. Alferrikakoa da gertatutakoari bueltak ematen jardutea». Aurrera begira dago jada Beñat Rezusta (Bergara, Gipuzkoa, 1993). Hala ere, ezin du ezkutatu «pena» duela Binakako Txapelketatik kanpo geratzeagatik. Ez zuen espero lehen ligaxka bukatzean ez egotea «ezta lehen sei sailkatuen artean ere». Ez berak, ezta inork ere; ez, behintzat, duela hiru hilabete binakakoa hasi zenean. Orduan, bikote faboritoetako bat ziren bera eta Iker Irribarria. Hala izan behar zuen nahi eta nahi ez buruz buruko txapelduna eta binakakoaren atzelari txapelduna elkartuko zituen bikoteak. Baina bat gehi bat ez da beti bi, eta hamalau partidetatik bost baino ez irabazi ostean, agur esan diote txapelketari.

Rezusta ez da aitzakiak jarri zalea, eta oraingoan ere ez ditu jarri. «Hasieran, irabazteko moduko zenbait partida ez genituen irabazi, eta gero, amaieran, larri ginenean, ezin izan ditugu lehiak aurrera atera. Ez ditugu gauzak ongi egin, eta horregatik geratu gara kanpoan. Ez dago besterik».

Oso argi du «irregulartasunak kondenatu» dituela. «Gorabehera asko izan ditugu, eta ez gara gai izan bolada on bat harrapatzeko». Datuek arrazoia ematen diote: behin baino ez dituzte irabazi bi partida jarraian, duela bi hilabete, laugarren eta bosgarren jardunaldietan nagusitu zirenean.Horrek bikotearen «konfiantzari erasan» ziola dio. «Emaitza onek ematen dute konfiantza, eta guk ez dugu bizpahiru emaitza on kateatu, eta, horrela, nekez har daiteke konfiantza». Partidetan islatu da hori. «Konfiantzaz ari bazara, nahiz eta norgehiagokan larri egon, beti sinesten duzu irabaz dezakezula. Aldiz, konfiantzaz ari ez bazara, oso zaila da baikor izatea. Errazago ematen duzu amore. Guri hori gertatu zaigu neurketa dezentetan. Ez ditugu partida ixteko aukerak aprobetxatu, eta, aldiz, aurkariek aukera izan dutenean, min handia egin digute, makina bat tanto jarraian eginda. Ezinean aritu gara».

Ligaxkako azken-aurreko jardunaldian, Aimar Olaizolaren eta Mikel Urrutikoetxearen 22-9 aurka galdutako partida da Rezustak aipatutako ezintasun horren erakusle. «Lehia erabakigarria zen;, irabazita, barruan baikinen. Baina galdu egin genuen, itxura eskasa emanda. Oso erraz irabazi ziguten. Hala ere, bagenuen itxaropena azken jardunaldian egoerari buelta emateko. Baina ez genuen gurea egin, eta kalean gaude».

Hasi eta bukatu, gaizki

Ez du uste kalte egin dienik txapela irabazteko bikote faboritoetako bat izateak. «Presioa beti dago, are gehiago txapelketa batean, denok nahi baitugu urruti iritsi. Baina ez dut uste presioak zerikusia izan duenik. Norgehiagokaren batean, agian, bai suma dezakezu presioa, baina hamalautan denerako aukera dago: batzuetan, lasai jokatzeko; beste batzuetan, ez horrenbeste... Ez dut uste presioak bota gaituenik txapelketatik».

«Gorabeheratsu» ikusi du bere burua. «Hasieran eta amaieran aritu naiz okerren: lehen partidan, Bergaran [Gipuzkoa] jokatutakoan [22-5 galdu zuten Erik Jakaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka]; eta azkenekoan, Iruñean jokatutakoan [22-18 galdu zuten berak eta Danel Elezkanok Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren aurka]. Konfiantzarik gabe aritu naiz nahi baino gehiagotan. Kalte egin dit partida batzuetan 22. tantora ez iristeak, nahiz eta ondo sentitu. Eta horrek pixkanaka-pixkanaka, erasan egiten dit».

Bikotekidea, berriz, «deseroso» ikusi du txapelketa guztian. «Emaitza txarrek eraginda, Iker ez da konfiantza handiz aritu. Ez dut eroso ikusi askotan. Bikote moduan ere, kosta egin zaigu elkar hartzea. Iker, adibidez, irabazi nahi horretan, konfiantza handirik gabe aritu da. Baina bolada kontua da. Batzuetan, dena ateratzen da ondo; eta beste batzuetan, dena gaizki. Oraingoan, kontrakarrean aritu gara, eta ez gara gai izan aurrera ateratzeko».

Irribarriak esana zuen ez ziola «batere mesederik» egin azkenera arte ez jakiteak binakakoan tokia izango zuen ala ez, eta, horren ondorioz, ez ziola konfiantzaz ekin lehiari. Hala izan daitekeela uste du Rezustak. «Baliteke horrek eragina eduki izana. Ikerrek izango zituen zalantzak ea tokia edukiko zuen edo ez. Gainera, asko hitz egin zen barruan eta kanpoan gera zitezkeen pilotariez. Horrek guztiak ezinegona eragingo zion. Agian, horregatik hasi zen presaka. Berak jakingo du inork baino hobeto aurretik gertatutakoak eragina izan duen edo ez. Oraingoan, berari tokatu zaio aurretik zalantzan egotea, eta azken jardunaldian tokirik gabe geratzea. Argi dago berarentzako ez dela ona hori, baina, azkenean, denok bizi behar dugu postua irabazi beharreko presioarekin, eta eramaten jakin behar da. Oraingoan, berari tokatu zaio egoera desatsegin horretan egotea».

«Ezusteko» ordezkapena

Rezustak berak azpimarratu duez dela samurra izan behar azken jardunaldian tokirik gabe geratzea. Harentzat «ezusteko handia» izan zen kirol arrazoiak argudiatuta, Aspek Irribarria Danel Elezkanorengatik ordezkatzea.«Are gehiago ligaxka amaitzeko partida bakar bat falta zela kontuan hartuta. Ez nuen inondik inora espero». Ez du epaitu nahi izan enpresaren erabakia. «Halakoetan, pilotariok beti diogu gauza bera: ez dela gure kontua, enpresarena baizik. Haiek jakingo dute zergatik hartu zuten erabaki hori, eta zer lortu nahi zuten hori eginda. Enpresak hartutako erabakia errespetatu behar dugu».

Hilabete eta erdi pasako opor behartuak izango dituzte orain Irribarriak eta Rezustak, apiril erdialdean hasiko baita buruz burukoa. Atzelariak aitortu du «arraro» egingo zaiola garai honetan partida ofizialik ez jokatzea. Ez da gutxiagorako, aurreko lau binakakoetan beti jokatu baitzuen finala: bitan irabazi zuen, eta beste bitan galdu. Ez daki banakakoa jokatuko duen edo ez, baina ohi baino denbora gehiago izango du hura prestatzeko. «Aurreko urteetan ia ez nuen izan denborarik banakakoa prestatzeko. Ez zitzaidan askorik axola, binakakoan urruti iritsi izanaren seinale baitzen. Aurten, aldiz, nahiko azkar joan naiz kalera. Txapelketa batean urruti iristeko, gauza askok bat egin behar dute: sasoi onean egoteak, lesiorik ez izateak... Ez da normala lau urtez dena ondo ateratzea. Inoiz atera behar zitzaidan gaizki, eta aurten tokatu zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.