Jokin Altuna

Artista senaz harago

Jokin Altunak hirugarrenez jantzi du lau eta erdiko txapela, finalean Unai Lasori irabazita. Aitortu duenez, partidan pilatu zuen adinako tentsiorik ez zuen izan aurretik. «Orain arte egin dudanaz oso harro nago», adierazi du Aspeko pilotariak. Txapelak irabazteko gosea ez zaio inolaz ere joan.

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Mikel O. Iribar.
Amezketa
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Amezketako (Gipuzkoa) izar batek dir-dir egiten jarraitzen du. Bada, hori Jokin Altuna pilotaria da (Amezketa, 1996). 18 urterekin debutatu zuen profesionaletan, eta ordutik zazpi urte daramatza pilotazaleak gozarazten, baita txapelak bata bestearen atzetik janzten ere. Bost ditu jadanik; bi buruz burukoan eta hiru lau eta erdiko distantzian. Hain zuzen, azkenengoa azken diziplina horretan irabazi zuen herenegun, Unai Lasori 22-20 gailenduta, Bizkaia frontoian. Gisa horretara, Ruben Belokik eta Juan Martinez de Irujok 25 urterekin irabazi zituzten adina txapel jantzi ditu Altuna III.ak. Artista senaz harago, dohain asko ditu: erasoa, defentsa, konfiantza, patxada, arnasa luzea, teknika, partiden eta aurkarien analisia... Ez da kasualitatea. Maisua da kantxan.

Gorputz osoa «mindua» eta «gogortua» zuela jaiki zen atzo ohetik. «Ez zen bezperako ospakizunagatik izan; finalean pilatu nuen tentsio handiagatik baizik; halakorik ez nuen sentitu aurretik». Ordea, bazuen atzoko eguna leunduko zion zerbait magikoa: lau eta erdiko txapela. «Zoriontsu» mintzatu zen herriko kultur etxean emandako prentsaurrekoan, ezkerrean txapela eta eskuinean kopa zituela.

Telebistaz ez du finala ikusi oraindik, baina buruan ondo iltzatua du nolako norgehiagoka izan zuen. «Garbi ikusi zen partida horretan partida asko jokatu zirela. Lehian sartzea kosta egin zitzaigun bioi. Ni, gero, oso ondo sentitu nintzen». Harik eta, 12-7ko etenaldiaren ostean, Laso berpiztu zen arte. «Bigarren zatian Unaik perfektu jokatu zuen, eta markagailua alde batera utzita, finala zail jartzen ari zitzaidan; bera nagusi baitzen».

Ataka batean zegoen arren, beste behin ez zuen hutsik egin Amezketakoak. «Aurkariaren joaldiari eusten saiatu nintzen. Pilotari beteranoengan ikasi dut hori». Honako gogoeta hau ere egin zuen: «Egindako tantoez oroitzen gara, baina horrelako partida handietan kontrarioari oparirik ez egiteak asko balio du. Horregatik irabazi nuen». Amaitu zenean, barrua hustu zuen. «Tentsio asko askatu nuen; Unaik eta biok bizi izan genituen momentuek ez baitziguten batere mesederik egin».

19. tantoan partida une batez eten zutenaren harira, «sekulako hanka sartzea» izan zela esan zuen amezketarrak. «Asko jokatzen genuen, eta nahiko lan izan genuen kontzentratuta egoteko». Haren arabera, pilotarentzat «itsuskeria» izan zen. «Inori» zuzendu gabe, mezu argia bota zuen: «Helduak gara, eta guztiok arduratsuak izan behar dugu. Ea hemendik aurrera horrelakorik ez den gertatzen».

Aitortu duenez, finalerdietan Joseba Ezkurdiaren aurka eman zuen erakustaldia ezin izan zuen finalean berretsi. «Aurkari gogorra bainuen aurrean, eta ezin izan nuen neure betiko jokoa ezarri. Herrira heldu nintzenean lagun batzuk esan zidaten gaizki jokatuta irabazi nuela finala». Kazetariei zuzendu zitzaien orduan: «Hori nire ahotik ez duzue sekula entzungo; hasteko, aurkariarekiko errespetu falta bat iruditzen zaidalako; eta bigarrenik, gaizki jokatuta Unairi ez dagoelako irabazterik».

Partida amaitu eta aldageletan bizi izandako unea ekarri du gogora: «Bihotz taupaden erritmoa jaitsi, eta lasai-lasai eskuko takoak kendu nituen, ondoan Unai eta Jon [Mariezkurrena, Lasoren botileroa] nituela. Oso ondo egon ginen. Nahiz eta txapelduna izan, Unairen lekuan jartzen saiatu nintzen. Halere, Unaik asko erraztu zidan. Lagun ona dut. Iruditzen zait luzaroan goian egongo den pilotaria dela». Elkarren arteko solasaldia izan eta gero, egindako balentriaz «gozatzen» hasi zen.

«Argi» du 22 urterekin buruz buruko lehen txapela irabazi zuen Jokin Altuna eta oraingoa ez direla berberak. «Esperientzia handiagoa dut, eta alde onek nahiz txarrek pertsona helduagoa izateko balio izan didate. Gustura nago egiten ari naizen bideagatik. Uste dut beste laupabost urtera arte hobetzeko tartea izango dudala. Gose hori ez badut, oso zaila izango zait egunerokoa ilusioarekin hartzea».

Atsedenik hartu gabe

Aurretik irabazi dituen lau txapelek hamaika sentipen utzi dizkiote buruan Aspeko pilotariari. Bosgarrenak zer-nolako zaporea utzi dio? «Hasieratik amaiera arte momentu ezberdinak bizi izan ditudan txapelketaz gogoratuko naiz. Horrez gain, banakako hiru txapel segidan ez nituen irabazi. Bada, oraingoan lortu dut». Edonola ere, unean unekoa bizitzea gustatzen zaio Altuna III.ari. «Iraganekoa jada ez da existitzen». Hain zuzen, Aimar Olaizola profesionaletatik erretiroa hartu berri duen pilotaria atera du hizketaldira: «Txikia nintzela, uste nuen Aimar betirako egongo zela pilotan jokatzen eta txapelak irabazten. Garbi ikusi da gauza bakoitzak hasiera eta bukaera dituela. Bolada onak eta txarrak daude. Ni, behintzat, momentu bakoitza ahal dudan gehiena bizitzen saiatzen naiz».

Atsedenik hartu eta tentsioa guztiz askatu gabe, Altuna III.ak binakako txapelketari ekingo dio asteburu honetan. «Txapelak lanean jarraitzeko indarra ematen didan arren, buruarentzat ez diot mesederik egiten; gorputza txikitua dut». Dena dela, amezketarrak ez du ezkutatu duen guztia emango duela, binakako finalera lehendabizikoz heltzeko eta bere seigarren txapela irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.