Joseba Ezkurdia

Eremu txikian handi

«Nekatuta baina izugarri pozik» agertu da Joseba Ezkurdia, lau eta erdiko txapela irabazi eta biharamunean. Final gogoangarri batean gailendu zitzaion Jokin Altunari, eta, hiru txapelekin, pilotari handien zerrendara batu da.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon eskudero
Arbizu
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Eguraldi txarrari aurpegi ona jarri behar zaiola dio esaerak, eta atzoko euri zaparraden azpian inork aurpegi onik bazuen, hori Joseba Ezkurdiak zuen (Arbizu, Nafarroa, 1991). Bezperan «tabernatik bidali arte» festa giroan ibili eta hiru ordu soilik lo eginagatik ere, gutxi izango baitziren hura baino zoriontsuagoak. Ez da gutxiagorako. Final gogoangarria jokatuta jantzi zuen lau eta erdiko txapela herenegun, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Aspaldiko finalik onenean tanto bakar batez gailendu zitzaion Jokin Altunari, eta hirugarrenez egin zen lau eta erdiko txapeldun. «Nire bizitzako partidarik gogorrena izan zen, bai fisikoki eta bai mentalki, baina merezi izan zuen sufritzea. Izugarri pozik nago», adierazi zuen atzo arbizuarrak, herriko plazan egin zituen adierazpenetan.

Kazetari ugari bildu zen Arbizura txapeldunaren adierazpenak jasotzera, eta ordurako agertu zen protagonista. Txapel preziatua buruan zuela irten zen autotik, «euritik babesteko». Mugitzea ere kosta egiten zitzaion, bezperako lan gogorraren ondorio, baina irribarre zabala zuen ahoan. «Gorputzeko atal guztietan daukat mina, tentsioagatik oso erasana amaitu bainuen partida. 25era jarri izan balute finala, ez nukeen amaituko, argi gorri guztiak piztuta bainituen. Uste dut inoiz ez dudala hain nekatua bukatu neurketa bat». Izan ere, 394 pilotakada jo zituzten Altuna III.ak eta biek, eta oso erritmo azkarrean, gainera. «Barrutik ez nuen uste izan partida distiratsua jokatzen ari ginenik, baina gerora jendeak esan dit final historikoa izan zela. Horrek are gehiago pozten nau. Finala errepikatuta ikusteko irrikan nago».

Batez ere, erritmoa eta kalitatea izan zituen finalak. «Elkarri opari pare bat egin genizkion, baina, oro har, egindako tantoak nagusitu ziren. Akaso ni gehiago izan nintzen partidaren lehen zatian, kantxaren erdialdea nire esku zegoelako. Jokin ni baino gehiago nekatu zen fisikoki lehen atsedenaldi luzerako». Dena den, tanto bolada luzerik egiterik ez zuen lortu nafarrak, eta horrek erabat kontzentratuta egotera behartu zuen. «Alde batetik bestera korrika ibili zen Jokin, eta halere sufritzen asmatu zuen. Banekien pilotalekua egokiagoa zela harentzat, eta pilotak gastatzen joan ahala gora egingo zuela». Halaxe izan zen, eta 16-19 aurretik ere jarri zen amezketarra. «Garai horretan erabaki nuen kale edo bale jokatzea, eta ongi atera zitzaidan apustua. Azken urteotan burua landu izanak askorako balio izan zidan une zail horretan».

Emozioa besterik ez zuen falta lehiak biribila izateko, eta 21na berdindu zuten bi pilotariek. «Banekien sakea ongi eramanez gero irabazteko aukera izango nuela, eta ez zitzaidan garai bateko mamurik agertu. Mentalki oso indartsu sentitu nintzen. Neure buruarengan sinesten dut orain, konfiantza handia daukat nire jokoarekin, eta, galdu edo irabazi, azken tantoan ni neu izan behar nuela erabaki nuen. Ez zidan presioak gain hartu».

Lehenago, 21nako berdinketa gehienetan galdu egiten zuen arbizuarrak, baina ederki aldatu ditu kontuak. «Arlo horretan ere aurrerapausoa eman dut. Dena den, galdu izan banu ere konforme geratuko nintzen, nire onena eman nuelako partida osoan».

Batek galdu behar zuen, eta amezketarrari egokitu zitzaion. «Pilotari eta pertsona aparta da Jokin, umila eta langilea, eta dutxatzen ari ginen bitartean esan nion berak ere merezi zuela irabaztea».

Ordea, Arbizurako bidea hartu zuen txapelak. Lau eta erdikoa abiatu zenean ez zuen halakorik pentsatu ere egingo. Final-laurdenetako ligaxkako lehen partida galdu egin zuen Aitor Elordiren aurka, eta gerora hutsik ez egitera behartuta zegoen. «Inoiz jokatu dudan lehiaketarik zailena izan da. Aurten behetik gora egin behar izan dut, orain dela bi hilabete ez bainengoen nire onenean». Hizki larriz idazteko moduko urtea egin du: lehenbizi, binakako aparta jokatu zuen Xabi Tolosa lagun zuela; gero, buruz buruko finala jokatu zuen, eta orain lau eta erdikoaren jabe egin da. «Duela lau urte bi txapel jantzi nituen, baina, oso-osorik hartuta, inoizko urterik onena aurten osatu dut. Buruz burukoa hain erraz galdu izanagatik arantza badut, baina, balorazioa hotzean eginda, egia da urtea aparta izan dela».

Onenen pare

Ondorioz, izen handienen parean ageri da dagoeneko Ezkurdiarena. Lau eta erdian hiru txapel lortuta, Juan Martinez de Irujoren, Jorge Nagoreren, Altuna III.aren eta Patxi Eugiren datuetara iritsi da. Bi pilotari soilik ditu goitik: Julian Retegi, lau txapelekin, eta Aimar Olaizola, zazpirekin. «Ohorea da halako zerrendan sartzea, eta oso harro sentitzen naiz. Debuta egin nuenean sinatuko nukeen halako garaipen zerrenda osatzea».

Hala ere, oraindik 31 urte ditu, eta goi mailan jarraitzeko sasoi betean sentitzen da nafarra. «Hobetzeko tartea badaukat oraindik, batez ere partidak irakurtzeko garaian. Teknikoki ere beste pauso bat eman behar dut». Garaipen goserik ez zaio falta: «Gero eta gehiago irabazi, gero eta gehiago nahi izaten da, eta berriz ere halako egun polit bat bizitzeko lanean jarraituko dut. Eta zergatik ez, buruz buru txapeldun izateko».

Orain, binakakoa jokatuko du. Gaur aurkeztuko dute, eta ostiralean hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.