Durangoko 55. Azoka

'Baina' guztiekin ere, zabalik

Ikaslerik gabeko Ikasleen Egunarekin ireki ditu ateak 55. Durangoko Azokak. Erosketak bidaltzen hasi dira goizean, baina zerbitzua eten behar izan dute ordu batzuez, arazo teknikoen ondorioz.

Durangoko ikastetxeetako 70 ikaslek bakarrik izan dute aukera aurten Durangoko Azokako Ikasleen Egunean Landako gunera sartzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Isiltasuna izan da nagusi aurten Durangoko Azokaren irekieran. Orain arte, Euskal Herri osoko milaka ikasle batu izan ditu urtero Ikasleen Egunak Landako gunean, eta argazki bizi eta mugitua eskaini izan du beti horrek. Bada, zalaparta eta euforia giroaren kontrapuntuan joan dira aurtengo azokaren lehen orduak. Ateak irekitzeko puntuan zela, kazetari multzo bat baino ez zebilen eraikinaren inguruan, Durangoko eskolako ikasle talde txiki bat, eta Gerediaga elkarteko langile gutxi batzuk zazpi ilaratan antolatutako mahai zerrenda luzeen artean, eskariak iristen hasteko esperoan. Guztia halako aire geldo batek bilduta eta osasun protokoloen zorroztasunarekin. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez, erabat transformatu behar izan du bere burua azokak, eta www.durangokoazoka.eus helbidea izango da azokaren erdigunea egunotan. Bertan da denda digitala, eta bertan emango dute ehun kultur proposamen baino gehiago biltzen dituen kultur programa. Milaka pantailatan sakabanatuta, beraz, baina zabalik da azoka. Irekita dago, hortaz, baina tartekako etenekin; atzo bertan hainbat orduz utzi behar izan baitzuten bertan behera denda digitala, konponketak egiteko.

Eguerdian moteldu zen martxa. Berez, aurreko asteazkenaz geroztik izan da martxan webgunea, eta bertan hautatutako produktuak «desiren saskia» izeneko poltsa digitalean bildu ahal izan dituzte erabiltzaileek. Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzailearen hitzetan, 1.200 poltsa baino gehiago osatu ditu jendeak orain arteko egunetan, eta atzoko 10:30ean zabaltzen zen eskari horien erosketak formalizatzeko aukera. Denda ireki eta minutu eskasera, inolako arazorik gabe joan zen lehen liburu eta disko bilduma Balmasedara bidean, eta, goizak aurrera egin ahala, langileei tantaka iritsi zitzaizkien lanak multzokatu eta bidaltzeko lanak. Eguerdia pasatuta, ordea, arazo teknikoak konpontzeko eten egin behar izan zuten salmenta zerbitzua hainbat orduz. Koska bat isilago bihurtu zuen horrek isiltasuna.

«Euskal Amazon»

Ia ikaslerik gabe, baina egin, egin zuten Ikasleen Eguna. Durangora joatea zaila izango zela ikusirik, ikastetxeetan digitalki landu ahal izateko moduko hainbat tailer eta programa prestatu dituzte aurten, eta, horrez gain, ikasleentzako diseinatutako saio bat ere eskaini zuten Landako guneko agertokian. Oihan Vega eta Oizeder Maio kazetariek zenbait kulturgile elkarrizketatu zituzten bertan, aurrean Durangoko San Jose Jesuita ikastetxeko eta Fray Juan de Zumarraga institutuko 70 ikasle zituztela, eta digitalki ere zabaldu zuten saioa, Euskal Herriko hamaika ikastetxetan zuzenean ikusteko moduan.

«Ongi etorri Durangoko, bueno, Azokara». Kazetariek aurkezpenean bertan oharkabean sentitutako ñabardurak egiteko behar horretatik hasita izan zen berezia ekitaldia. Lehen unetik saiatu ziren Vega eta Maio osasun protokoloen eta distantzia sozialen zirrikituetara jotzen, berotasun bila. Aukerarik txikiena baliatu zuten ikusleei txaloak eskatzeko. Eta, tarteka, lortu zuten barre txiki batzuk piztea elkarrengandik bi metrora eta aurpegia maskaratuta zeukaten ikasleen aurpegietan. «Durangoko Azoka arraroa da hau», azaldu zuen Vegak, «birziklatu egin behar izan dugu». Eta gero, broma. «Euskal Amazon muntatu dugu!».

«Batxilergoa bukatzean Youtube kanal bat ireki nuen, eta bertsioak igotzen nituen, baina gero nire kanta propioak sortu nahi nituela pentsatu, eta hor sortu zen Kai Nakai». Iaz Durangoko Azokako Sormen beka irabazi zuen Iratxe Aguilera musikaria izan zen lehen elkarrizketatua. Reggaetona egitera zerk eraman zuen azaldu zien ikasleei. Hutsunea ikusten zuen esparru horretan, eta ekitea erabaki zuen. «Pentsatu genuen egin behar zela reggaetona euskaraz eta emakume batek kantatuta, mezu feministekin».

«Bonvenon al la foiro de Durango». Bere elkarrizketaren une batean, esperantoz eman zien ongietorria ikasleei Aitor Arana idazleak. Berez, Zuhaitza lana aurkeztera joan zen, baina, azaldu zuenez, esperantoa bera da liburuko pertsonaietako bat, eta horregatik eskatu zioten azokari hasiera hizkuntza horretan ere emateko. Gazteentzako liburu bat ote den galdetu zioten kazetariek, eta baietz berak, baina ezetz. «Denentzako da liburua, baina merkatuak agintzen du, eta sailkapenak egin behar dira». Beren azken lanak aurkezten izan ziren agertokian Liher taldeko Lide Hernando eta Iñigo Etxarri musikariak eta Erika Elizari idazlea ere, eta Altsasuko eta Bilboko ikastetxeek streaming bidez bidalitako galderak erantzun zituzten.

Lehenengo azoka

Urtero joan ohi da ikasleekin Durangoko Azokara Gotzon Gomez San Jose Jesuita ikastetxeko irakaslea, eta, berezitasun guztiekin ere, aurten han egoteko aukera izan dute. «DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleekin egin ohi ditugu ekitaldiak; batez ere, ezagutu dezaten azoka, hurbildu daitezen, eta kultura sustatzeko». Aurten, ordea, Euskaraldiaren inguruko ekitaldien amaiera modura hartu dute atzoko saioa. «Opari modura heldu zaigu. Denek etorri nahi zuten, eta 35 leku bakarrik genituenez ikastetxearentzat, zozketa moduko bat egin dugu».

Ainhoa Alonso ikasleak lehenago ere ezagun zuen Durangoko Azoka. Gurasoekin egin izan du bisita orain arte, eta desagertutako mundu bat deskribatzen zirudien atzo. «Jende asko egoten da, eta hori ez zait gehiegi gustatzen. Ez dut irakurtzeko ohiturarik, eta musika erakusmahaietara joaten naiz normalean, eta diskoak sinatzen dituzte». Aldiz, bestelako oroitzapenik gabe, lehen azoka eguna zuen atzokoa Andrea Goitia ikasleak, eta gustura atera zen Landako guneko ekitalditik. «Oso interesgarria iruditu zait, bultzatu egin behar delako apur bat musika eta irakurtzea, Euskal Herrikoa, gainera».

Saioa amaitu, eta isilik jarraitu zuen Landako guneak, arratsaldeko irekiera saiora arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.