Albistea entzun

Militarismoa Euskal Herrian. Eragozpen fiskala. Miguel Martinez Fernandez. KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristako kidea

«Ez legoke gerrarik guk horiek ordaintzeari uko egingo bagenio»

Estatuei errenta aitorpenaren bidez ematen zaien diruaren parte bat ordaintzeari uko egitea da eragozpen fiskala: ez dezaten diru hori gerretarako erabili. Martinez da sustatzaileetako bat.
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko maiatzak 8 - Bilbo

Zazpi bat urte daramatza KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristak eragozpen fiskalaren aldeko kanpaina egiten, baina aurten sekula baino jende gehiago ari zaie horretarako laguntza eskatzen, Miguel Martinez Fernandezek (Bilbo, 1985) nabarmendu duenez: «Hedabideetan agertzen direnez, jendeak presenteago dauzka gerrak». Badaki ekintza sinbolikoa dela egiten dutena: «20.000 euro galtzea estatuarentzat ez da asko». Baina jendea inplikatzea nahi dute: gerraren aurkako ahotsa ozentzeko.

Zer da eragozpen fiskala?

Desmilitarizazio soziala bultzatzen duen kanpaina bat da: gastu militarrak behar sozialetara bideratzea. Mundu justu baten eraikuntza bultzatzen du, eta, horretarako, beharrezkoa da benetako defentsa sozialak indartzea, ustezko defentsa militaristen alternatiba gisa.

Zein dira defentsa sozialak?

Osasun publikoa eta kalitatezkoa, diru sarrerak eta enplegu duina, langileen antolakuntza, auzo antolatuak, euren bizilagunak etxegabetzea eragozten dutenak... Hau da, pertsonen bizitza eta eskubideak erdigunean jartzen dituzten kolektibo guztiak.

Horiei bideratzen diezue estatuei ematen ez diezuen dirua?

Bai, baina guk ez dugu diru hori ukitzen. Eragozpen fiskala egiten dutenek banku transferentzia bidez bidaltzen dute dirua nahi duten lekura. Hartara, baliabideak kolektibo edo ekinbide eraldatzaileetara bideratzen dira.

Adibidez?

Kolektibo feministetara, ekologistetara, antimilitaristetara, arrazakeriaren aurkakoetara, antikapitalistetara, sindikatuetara, auzo elkarteetara, gobernuz kanpoko erakundeetara...

Horiek dakarte bakea?

Mugimendu antimilitaristatik badakigu bakea ez dela indarkeriarik eza, kapitalismoaren erasoei aurre egiten dien gizarte antolatu bat baizik. Ez da bakerik egongo pertsona guztiok ez badugu eskubiderik etxebizitza duina izateko, osasun unibertsala izateko, doako eta kalitatezko hezkuntza izateko, elikadura osasungarria izateko, lana eta diru sarrera duinak izateko... edo ama lurra defendatzen ez badugu. Horregatik da funtsezkoa egitasmo eraldatzaileak eta iraultzaileak finantzatzea, diru hori armadaren esku gelditu beharrean.

Nola egin daiteke eragozle?

Praktikan, PFEZ edo errenta aitorpenaren bidez, gerretan xahutzen den dirua estatuari emateari uko egitea da, eta diru hori alternatiba eraldatzaileak babestera bideratzea.

Baina nola?

Hori egitea errazteko, kanpaina bultzatzen dugun kolektibook bulegoak irekitzen ditugu Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Zehazki, errenta aitorpeneko kenkarien atalean trikimailu bat egiten dugu, hor dagoena ezabatu eta «gastu militarrari egindako eragozpen fiskalagatik» idatzita.

Zenbateko kenkaria?

Kalkulatzen da gutxi gorabehera 43.000 milioi euro xahutzen dituela Espainiak gastu militarrean: pertsona bakoitzak 900 euro inguru ematen dizkiola esan nahi du horrek. Guk 100 euro inguruko kenkaria egin ohi dugu pertsonako, baina berdin du zenbat egin: kontua egitea da. Militarismoa eta gerrak langile guztion patrikatik ordaintzen dira: ez legoke gerrarik guk horiek ordaintzeari uko egingo bagenio.

Legala da egiten duzuena?

Ez. Desobedientzia zibil, kolektibo eta ekintza ez-bortitz gisa planteatzen dugu: alegia, zilegi dena legezkoa denaren aurretik jartzea. Desobedientzia zibila lege bati men ez egitea da, jakinik lege hori urratzeak ezinbestean ekarriko duela gure gain hartzeko prest gauden zigor bat. Helburu nagusia ordena sozial edo politikoan aldaketak ekartzea da, herritarren askatasunari eragiten diotenak.

Zigorrik jaso daiteke?

Eragozpen fiskalaren kasuan ez du ondorio handirik, nahiz eta legezkoa ez izan, ogasunak ez duelako delitutzat hartzen. Kasu gehienetan ez du detektatzen, nahiz eta errenta aitorpenari beti gutun bat eransten diogun zer egin dugun eta arrazoiak azaltzeko. Gutunaz gain, dirua beste gai batzuetara bideratu izanaren egiaztagiria ere eransten dugu beti. Ez da, beraz, ordaintzeari uztea, edo zerga gutxiago ordaintzea, baizik eta diru horri helburu on bat bilatzea. Detektatzen dituzten aldi bakanetan, onartzen ez dutela besterik ez digute esaten, eta eragotzitako dirua itzularazten digute.

Zenbat pertsonak egiten dute gaur egun Euskal Herrian eragozpen fiskala?

Iaz 200 pertsona igaro ziren hiru bulegoetatik.

Eta zergatik sustatzen duzue?

Arrazoi ugari daude. Alde batetik, gerrek milaka pertsonaren bizitza, etxeak eta bizimoduak suntsitzea eragiten dute, eta, gaur egun, munduan migrazioaren arrazoietako bat dira: gerra gizateriaren aurkako krimenik handiena da. Mundu bidezkoago bat eraikitzeko, gerrak gauzatzen dituzten zio guztien aurka egin behar dugu, eta horietako bat da haren finantzaketa. Beste alde batetik, lotsagarrikeria da armadan eta haren gerretan euro bakar bat gastatzea, desberdintasun sozialen, pobreziaren eta bazterketa sozialaren, ingurumena suntsitzearen, langabezia mailaren, etxegabetzeen eta Mediterraneoan hiltzen diren pertsonen areagotze baten testuinguruan.

Zer eragin dute zergek gerretan?

Handia. Eta, militarismoaren eta gerren atzean, gainera, negozio handi bat dago. Espainiako Estatua zazpigarren postuan dago arma esportazioan: armak ekoizten dituzten enpresa asko dago, baita Euskal Herrian ere. Heriotzaren merkatari asko daude, guk geuk ordainduak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Alderdien arteko jokotik kanpo utzi behar da hizkuntzaren auzia»

Julen Aperribai

Kontsentsuak sortzeko duen gaitasuna goratu dio Eskisabelek Kontseiluari, baita eraldaketa prozesuekin lotzeko borondatea ere. Horretan eragin nahi du, baina bide horretan hasia ikusten du euskalgintza.
Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, atzo, lehendakaritzan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Sagarduik «antolakuntza aldaketa» soiltzat jo ditu kargugabetzeak

Edurne Begiristain - Jon O. Urain

Sailburuak azaldu du «gertaera kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostialdeko ESIko zuzendaritza aldatzea. Agustin Agirre izendatu dute jarduneko zuzendari. Sailburuaren dimisioa eskatu dute EH Bilduk nahiz PP+C's-k; EP-IUk, azalpenak

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Osakidetzaren kudeaketa eredu «bertikalak» eragindako zurrunbiloa

Arantza Iraola - Paulo Ostolaza - Edurne Begiristain

Donostiako ESIko langileen artean «ezinegona» dago. Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, otsailean Osakidetzan egindako greba. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Osakidetzako arazoak lehenagotik datozela salatu dute sindikatuek

Isabel Jaurena

SATSE «kezkatuta» dago gertatutakoak osasun langileengan izanen dituen ondorioengatik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.