Koronabirusa

EP-IUk uste du «trama bat» egon daitekeela txertaketa irregularren atzean

Goi kargudun gehiago tartean egon daitezkeela uste du, eta Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat eratzea proposatu du. CCOOk ere esan du «larria» dela jazotakoa

Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Protokoloa hautsi eta txanda izan gabe COVID-19aren aurkako txertoa hartzeagatik, joan den astean dimisioa eman zuen Jose Luis Sabas Bilboko Santa Marina ospitaleko buruak, eta kargutik kendu zuten Eduardo Maiz Basurtuko ospitaleko zuzendaria,baina portaera okerren inguruko salaketa gehiago ere izan dira, eta Elkarrekin Podemos-IU taldeak susmoa du bi kasu horiek ez direla bakanak eta «trama antolatu» bat egon daitekeela atzean. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak atzo ohartarazi zuen jakin diren bi kasu horiek «izozmendiaren punta» baino ez direla, eta auzian Osakidetzako goi kargudun gehiago egon daitezkeela zipriztinduta. Gorrotxategik iragarri zuen ikerketa batzorde bat sortzeko proposamena eramango dutela Eusko Legebiltzarrera, txertaketa irregularra Osakidetzan «ohiko praktika bat» ote den argitzeko, eta ustezko «sare» hori noraino iristen den jakiteko. Oposizioko taldeekin harremanetan jarria da jadanik EP-IU, ikerketa batzordea eratzeko proposamenarekin bat egin dezaten.

Gasteizko Santiago erietxearen atarian komunikabideak deitu zituen atzo goizean Elkarrekin Podemos-IUk, Osakidetzako hainbat bururen txertaketarekin sortutako polemikaz iritzia emateko. Gorrotxategirekin batera, Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia eta Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusia izan ziren agerraldian. Sabasek eta Maizek Osakidetzako protokoloa bete ez eta COVID-19aren aurkako txertoa hartu zutela jakin zenetik, gero eta ahots gehiago ari dira argibideak eta erantzukizunak eskatzen, eta Elkarrekin Podemos-IUk harago jo nahi du: ez du baztertu fiskaltzaren aurrean salaketa jartzea erantzukizun penalak eskatzeko. Gorrotxategiren iritziz, «aurrez inoiz ikusi gabeko eskandalu bat» da, eta jakin den baino larriagoa izan daiteke afera. Izan ere, beste goi kargudun batzuk tartean egon daitezkeela iradoki zuen;besteak beste, aipatu zuen Labi aholku batzordeko kide bat ere inplikatuta egon daitekeela Basurtuko irregulartasunetan.

Garridok gaineratu zuen ezinbestekoa dela Osakidetzako hainbat goi kargudunen txertaketa «ez-zilegia» ikertzea, herritarren eskubidea delako jakitea zenbaterainokoa den ustezko irregulartasun horien tamaina. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako CCOO sindikatuak ere ezinbesteko deritzo txertaketa irregularren inguruko erantzukizun politikoak argitzeari. Loli Garcia EAEko CCOOsindikatuko idazkari nagusiak atzo Radio Euskadin esan zuen «oso larria» dela.

Joan den astean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi zuen ikerketa bat abiatu dutela gertatutakoa argitzeko, eta prest zegoela aferari buruzko azalpenak emateko Eusko Legebiltzarrean. Biharko espero dira argibide horiek, izurriaren egoerari buruzko datuak azaltzeko astero egiten duen agerraldian. EH Bilduri, baina, ez zaio nahikoa iruditzen, eta Diputazio Iraunkorrera deitzeko eskatu du, sailburuak bertan eman dezan argibide oro. EH Bilduren eskaera gaur aztertuko du Legebiltzarreko Mahaiak.

Pfizerren dosiak iritsi dira

Joan den astean, Pfizer farmazia konpainiak aldi baterako murriztu zuen txerto banaketa Europan, ekoizpen gaitasuna handitu ahal izateko, eta, dosi gutxiago igorri zizkienez gobernuei, Hego Euskal Herrira ere dosien erdiak iritsi ziren. Atzo, berriz, aurreikusitako dosi kopurua jaso zuten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan:15.600 dosi jaso zituen Osakidetzak,eta 5.850 Osasunbideak.

Hala ere, txertoen eskasiak kezka piztu du Europa osoan. Atzo, Europako Batzordeak bilera egin zuen Astra Zeneca laborategiko arduradunekin, botika etxe horrek ostiralean iragarri zuelako iragarri baino askoz ere dosi gutxiago ekoiztuko dituela Europako Batasunarentzat aurtengo lehen hiruhilekoan: zehazki, %60 gutxiago. Astra Zeneca enpresarekin sinatu zuen txertoaren lehen kontratua Europak, abuztuan, eta Bruselak dirua aurreratu zion ekoizpen ahalmena areagotu zezan. Horiek hala, Europako Batzordeak atzo botika etxeari eskatu zion «bide guztiak» azter ditzala hitzartutako ekoizpena eta egutegia betetzeko.Bestalde, Frantziako Pasteaur institutuak jakinarazi zuen bertan behera utziduela COVID-19aren aurka garatzen ari zen txertoa,gaitzaren aurka «eraginkortasun nahikorik» ez duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.