Mercedeseko langile batzordeak lantegia ixteko eskatu du

Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Eskolak itxi dituzte, eta fabrikak zergatik ez? Galdera hori egin diote Eusko Jaurlaritzari Mercedeseko langile batzordeko sindikatuek. Aho batez eskatu diote gobernuari eta enpresari berari itxi dezala Gasteizko lantegia, Euskal Herri osoko handiena—5.000 behargin ditu, eta beste hainbat harentzat lanean—. Sindikatuek eskatu dute produkzio osoa «berehala eteteko», argudiatuta lantegian ez direla betetzen osasun erakundeek gomendatutako baldintzak, eta materiala falta zaiela garbiketa behar bezala egiteko. Zuzendaritzak erantzun die ez duela lantegia geldituko, eta ziurtatu du osasun baldintzak betetzen direla. «Onartezina iruditzen zaigu produkzioa lehenestea langileen segurtasunaren gainetik», kexu dira langileen ordezkariak.

Itxieraren ordez, zuzendaritzak sindikatuei proposatu die aldi baterako erregulazio dosier bat egitea, eta bilera batera deitu dituzte astelehenerako. Zuzendaritzak zenbait aukera jarri ditu mahai gainean: lan erregulazioa selektiboa ala partziala egitea.

LABen eskaera

LABek ere uste du jarduera ekonomiko guztiak epe batez eten beharko liratekeela, oinarrizko zerbitzu hauek salbu: osasuna, elikadura, garbiketa, energia eta ura, helduen zaintza eta garraio publikoa. Igor Arroyo sindikatuko idazkariordeak«gertu» ikusten du zerbitzu guztiak bertan behera utzi beharreko unea, jendea etxean gera dadin. Egoera horren aurrean, proposatu du Gizarte Segurantzaren lizentzia bat sortzea, langile guztiei soldata osoa jasotzea bermatuko diena. LABen arabera, konpainientzako eta kapital errententzako zerga berezi bat sortuz finantzatu beharko litzateke hori.

LABen ustez, egoerari aurre egiteko bidea ez dira kaleratzeak, eta, aldi baterako erregulazio dosierrak aplikatuko balira, iraupen laburrekoak direla bermatu beharko lukete enpresek, eta kaltea jasandako langileek soldata osoa jaso beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.