Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Doinuek kantatzen dutena

Gaur jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa. 99 doinu desberdin atera dira orain arteko saioetan, eta horietatik sei berriak dira. Hain zuzen, Bertsozale Elkarteko Doinutegiaren Batzordea arduratzen da doinu horiek denak jasotzeaz.

BERRIAKO DISEINU TALDEAK MOLDATUTAKO ARGAZKIA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Testu kantatua da bertsoa, eta hala balitz bezala bota behar du, gainera, bertsolariak; komunikazio ekintza bat baita bertsogintza. Kantatutako testu horrek doinua du osagarri, eta bertsolariak bi horien bitartez bideratzen du, gehienbat, bere komunikazio asmoa. Berebiziko garrantzia du doinuak, beraz. Eta are handiagoa txapelketan.

Askotariko doinuak daude, eta hain zuzen, bertsolariak berak aukeratzen du, dagokion neurriaren arabera, zein doinu erabili. Saioa aberastu egiten du, gainera, doinu desberdinak erabiltzeak, eta, alde horretatik, ezin esan aurtengo txapelketa errepikakor doanik. Hain zuzen, Bertsozale Elkarteko Doinutegi Batzordeak du horiek kontatu eta izen-abizenak jartzeko ardura, besteak beste. Bertako kide da Felix Irazustabarrena, eta, bere kalkuluen arabera, 99 doinu kantatu dira final-laurdenetan —90 kantatu ziren 2017ko Txapelketa Nagusiko final-laurdenetan—.

Ikusi gehiago:Gaur irunen kantatuko duten bertsolariak

Lehen fasean atera diren 99 doinu horietatik sei berriak izan dira. Nolanahi ere, zortzi saio baino ez dira jokatu orain arte. Konparazio batera, 2017ko Txapelketa Nagusian 23 doinu berri atera ziren denera. Irazustabarrenaren hitzetan, «inoiz baino doinu gehiago»; sei izan baitziren lau urte lehenago. Bada kantari baten doinua hartu, moldatu eta bertsotara eramaten duen bertsolaririk, edota doinu zahar bat moldatzen duenik. Baina bada, musikari bati, propio, doinu bat sortzeko eskatzen dionik ere.

Halere, beti du arriskua zerbait berria egiteak; besteek ezagutzen ez duten doinu batean kantatzeak, alegia. Nolanahi ere, puntuatzen diren ariketetan norbere aztarna uzteko eginahala egin dute bost bertsolarik dagoeneko.

Ikusi gehiago:Sailkapena

Oihana Iguaranek atera du horietako bat. Xorieri mintzo zen kantua oinarri hartuta, Gotaine-Iribarnen (Zuberoa) estreinatu zuen doinua, eta Donibane Garazin ere erabili zuen. Badu berezitasun bat doinu horretan kantatzeak, eta Iguaranek asmatu du berezitasun horri zukua ateratzen. Izan ere, errepikan, azken-aurreko puntua amaierakoari lotzen dio, eta horrek, bertsoari indar berezia emateaz gain, borobildu ere egiten du.

Miren Amurizak, berriz, bi doinu berri estreinatu zituen Arrasateko (Gipuzkoa) saioan. Agurrean lehenengoa, eta ganbarako ariketan, berriz, bigarrena. Zea Mays taldearen Negua joan da ta kantua hartu zuen ganbarako lanean oinarri, eta doinu horren gainean kantatu zituen hiru bertsoak. Irazustabarrenaren arabera, Julio Soto, Miren Artetxe eta Iñaki Apalategi dira orain arteko saioetan doinu berriak oholtzaratu dituzten beste hiru bertsolariak.

Epai irizpideetan zehazten denez, epaileek gogoan hartuko dute bertsolariak zer doinu aukeratu duen eta nola erabili duen. Horretarako, kontuan hartuko dute doinu aukeraketa eta emateko modua funtsezko elementuak direla komunikazio asmoa gauzatzeko orduan.

Izan ere, doinu bakoitzak ditu bere ñabardurak: indarguneak, izpiritua, barne egitura... Hain justu, ezaugarri horien eraginez, doinu batzuk egokiak izan daitezke komunikazio egoera jakin baterako, eta, beste batzuk, aldiz, kontrara. Horrela zehazten da epai irizpideetan: «Bertsolariek doinu berri bat plazaratzen dutenean, baliteke epaileari arrotz gertatzea, eta horrek are gehiago zailtzea epailearen lana. Halakoetan, epaileak ahalegin berezia egingo du doinu arrotzak ez diezaion sortu oztoporik bertsoaldia barneratzeko eta egoki epaitzeko». Doinu berri baten aurrean, beraz, horrek bertsoaldiari zer ekarpen egiten dion erabakitzea izango da epailearen egitekoa. Dena dela, argi jasotzen dute epai irizpideek mezuari lagunduko dion doinu bat erabiltzea saritu egingo dela.

Dokumentazio lana

Zein da, baina, doinu berri bat oholtzaratu ondotik hura dokumentatzeko prozesua? Bada, Doinutegi Batzordearen ardura da hori. Pausoz pauso azaldu du Irazustabarrenak: «Lehenik, Hedapen Taldeari esker identifikatzen dugu doinu berri bat». Melodia horri buruzko datuak biltzen dituzte ondotik. «Doinuari buruz gehiago jakiteko bertsolariarekin jartzen gara harremanetan, eta berak kontatzen digu nondik atera duen doinu hori eta nork egina den».

Batzordeko kideak zehaztu duenez, kantatu den hori idatzira eramatea izaten da hurrengo urratsa: «Doinuaren partitura bertsolariari edo egileari eskatzen zaio, eta, bestela, guk egin behar izaten dugu». Azaldu du batzordean badaudela horretaz arduratzen diren adituak. Pentagrama horiek idazteko orduan, musikak, hitzak eta errimaren egitura errespetatzen dituzte.

Behin partitura osatuta, edizio programen bitartez, partituratik soinu formatura pasatzen dute melodia, eta, hain zuzen, horixe da Bertsolaritzaren Datu Basean (BDB) gorde eta entzungai jartzen dutena. Neurriaren arabera sailkatzen dituzte denak bertan. «Ateratzen diren doinu berri horiek izendatu, eta BDBn gordetzen ditugu denak, beren audio, pentagrama eta datuekin».

Nola izendatzen dute, ordea, bertsolariek estreinatu duten doinu hori? Bada, Irazustabarrenak azaldu du bertsolariak kantatutako lehen hemistikioarekin izendatzen dutela doinua; alegia, bertso lerro baten lehen zatiarekin. Esate baterako, Gotaineko hasierako agurrean erabili zuen estreinakoz Iguaranek Xorieri mintzo zen doinua. Hala hasi zuen bertsoa: «Hor bide eguzkitsu bat/ bertsoaren ibileran/ ortzimugan zuriz deika/ Pirineoak ileran». Horrenbestez, Irazustabarrenak emandako argibideen arabera, Hor bide eguzkitsu bat izendatu dute doinu hori, eta hala egiten dute gainontzekoekin ere.

Bertsolariek bakarka kantatu behar dutenetan ateratzen dituzte, oro har, doinu berriak. Izan ere, hor dute bertsoaldiari euren zigilua jartzeko aukera aparta. Izan dira, ordea, salbuespenak. 2017an Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek buruz burukoan osatu zuten zortziko handia, esaterako. Imanol Larzabalen Naiari kantua hartu zuten oinarri, eta Oraindik hango oihartzun hots bat izendatu zuen Doinutegiaren Batzordeak. Geroztik, beste bertsolari batzuek erabili izan dute doinu hori.

3.218 doinu jasoak ditu BDBk, eta denak daude bertan entzungai. Irazustabarrenak gogorarazi du Juanito Dorronsorori zor zaiola doinutegiak horrelako datu base sendoa lortu izana. «Lan handia egin zuen doinutegian. Hasiera batean, bera zen arduradun bakarra, eta berak egiten zuen doinu berrien jarraipena». Gerora, taldea egituratzeko beharra ikusi zuten, eta, hain justu, behar horretatik jaio zen batzordea. «Hark egindako lanari jarraipena eman dio taldeak».

Gaur Irunen

Hirugarren finalaurrekoa jokatuko da gaur Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa). Ondorengo sei bertsolariak arituko dira kantuan: Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Gaurko irabazleak Baionako finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 26an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.