Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Mexikotik datorren 'Parasite' berria

Nuevo orden filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Amaia Garcia.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun

'Nuevo orden'

Zuzendaria: Michel Franco. Aktoreak: Naian Gonzalez Norvind, Diego Boneta, Monica del Carmen, Dario Yazbek, Roberto Medina. Herrialdea: Mexiko-Frantzia. Iraupena: 88 minutu.

Dena luxuzko etxe batean hasten da: ezkontza baten festan hasiko gara eta minutu batera ez dugu jakingo noraino eramango gaituen pelikulak. Ezkontzan arazoak pixkanaka hasiko dira. Hasieran, gonbidatuak eta epailea falta direla ikusiko dugu. Baina iturri batetik kolore berdeko ura ateratzen denean, gainbehera mailakatua hasiko da.

Klase banaketaren kritika zorrotza egin du Francok lan honetan; alde batetik, goi klasearen luxua ikusten dugu; bestetik, klase horretarako lan egiten duten pertsonak daude; eta, azkenik, behe klasekoak. Bakoitzak bere rola du filmean eta bertan hasiko den iraultzan.

Kalea urruti dago, jendeak arazoak ditu ezkontzara iristeko, baina arrazoia beranduago jakingo dugu: kalean dagoen iraultza berria. Iraultza hori mehatxua izango da protagonista aberatsentzat, eta, kaletik etxera sartzen denean, sarraski ere bilakatuko da.

Armadaren jabetzea iristen denean, mesfidantza izango da nagusi une oro. Francok indar militarren zereginaren kritika handia egin du azken tarte horretan. Mexikon urtero milaka pertsona desagertzen dira, eta horietako asko, Gobernuaren esku.

Familia aberatsaren alaba bahitzen dutenean, kaosa bi tokitara iritsiko da, behe klaseko auzoetara eta bahituak dauden toki horretara. Familia aberatsak etxez aldatu dira, beraien hildakoak agurtu dituzte, eta bitartean herrialdeak ez du deskantsurik lortu.

Koloreak oso ondo aukeratu ditu zuzendariak: alde batetik, berdea iraultzarako; argitasuna zona aberatsetarako, eta iluntasuna langile eremuentzat. Alabaren ezkontza trajea gorria da, eta amaierara arte kolore horren bila dabil zuzendaria.

Amaiera gordin bat proposatu digu Francok, Mexikoko bandera azken planoan dugula. Mundu distopiko bat sortu duela dirudi, baina agian errealitatetik gertuago dagoela esan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.