Euskal Herriko hogei taldetik gora ariko dira 51. Heineken Jazzaldian

Zuzenean edo hautaketa prozesu bat igaro ostean programatu dituzte musika taldeak. Rural Zombies duen «kalitateagatik» aukeratu dute

Heineken Jazzaldiko antolatzaileak eta partaideak, atzo Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Hemen ere badago talentua».Miren Azkarate Donostiako Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotziaren hitzak dira, Donostiako Heineken Jazzaldiaren harira. Uztailaren 20tik 25era bitartean egingo dute nazioarteko musika jaialdia, eta bertan parte hartuko duten Euskal Herriko taldeen eta bakarlarien zerrenda kaleratu zuten atzo. Antolatzaileen arabera, «garrantzitsua da hemengo musikariak sustatzea». Oraingoz, hogei talde programatu dituzte, baina, Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak azaldu zuenez, 24-25 izango dira, guztira. Aurrerago iragarriko dituzte gainontzeko musikarien izenak.

Hogei talde horietatik bost, 2015ean diskoa argitaratu zutelako aukeratu dituzte: Mikel Andueza, Broken Brothers Brass Band, Igelaren Banda, Ainara Ortega eta Miguel Salvador. Beste hiru talde Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak izendatu ditu: The Great Peacocks, Landible Sextet eta Wednesday Project. Rural Zombies duen «kalitateagatik» sartu dute zerrendan, eta, gainontzeko 11 taldeak, urtarriletik apirilera bitartean egindako hautaketa prozesu baten bidez programatu dituzte. Denetarik joko dute: jazz klasikoa, garaikidea, bertsioak...

Rural Zombies Zestoako (Gipuzkoa) boskote bat da. Pop-rock estiloko musika sortzen dute, eta azken boladan «goraldi meteorikoa» izaten ari dira, antolatzaileen esanetan. Bat izeneko lehen diskoa kaleratu dute merkatu independentean, eta abestiek «lehen entzunalditik dantzarako gonbita egiten dute».

Ainara Ortegak Scat diskoa kaleratu zuen iaz, eta hura aurkeztuko du Jazzaldian. Musikeneko lehen promozioko kidea da, eta, haren arabera, urtea «luzea» da musikari batentzat. Horregatik, «hunkitzekoa» deritzo jaialdian jotzeko aukera eman izanari.

David Pisabarro Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldeko kidea da. Urte eta erdi baino ez da antzinako doinuak biltzen dituen taldea sortu zutela, baina, azaldu duenez, «ahal den leku guztietan» egoten saiatzen dira. Iaz Kutxa Kultur jaialdian izan ziren, eta urte amaieran diskoa kaleratzeko asmoa dute.

Les Fous laukote bat da, soul, pop eta R&B estiloak fusionatzen dituena. Ahots harmoniak dira haien bereizgarriak, eta «zuzeneko jostariak eta indar handikoak egiten dituzte». Igelaren Bandak, berriz, doinu zaharrak oinarri hartuta, bertsio berriak sortzen ditu, modu instrumentalean. Debalde festa da taldearen azken diskoa, oinarrian bertso doinuak dituena.

Catalina Gabriel Musikeneko azken mailan dago, eta ikaskideekin batera The Great Peacocks taldea osatu du, jazz klasikoa lantzen duena. Artistak beste emanaldi batean ere parte hartuko du: Reunion Big Band taldearenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.