Kantu Lirikoa

AHOTSAREN ARTISAUAK

Euskal Herrian abeslari profesionalen belaunaldi oparo bat sortu da azken urteetan, baina askok atzerrira jo behar dute lan bila. Beren ogibideaz mintzatu dira Xabier Anduaga tenorra, Elena Barbe sopranoa eta Ainhoa Garmendia Opus Lirica opera konpainiaren sortzaile eta sopranoa.

Ane Urrutikoetxea.
2016ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ahotsa da bizirik dagoen instrumentu bakarra, eta zuzen erabiltzeko gaitasuna dutenek orduak egin ditzakete abesten. Artisau baten moduan, gorputzaren barrenean gordetako airea moldatu dezakete, eta horrekin musika sortu. Kantu lirikoa ogibide dutenek diote ez dela soilik lanbide bat, bizitzeko modu bat ere badela; abeslariak dira, bai taula gainean daudenean eta baita bertatik jaistean ere. Aktoreak ere badira, eta opera bateko pertsonaia bat prestatzen duten bakoitzean, bere larruazalean sartzen dira, pertsona eta pertsonaiak bat egiten duten arte. Eta noski, musikariak dira; instrumentua gorputza dute, ez bakarrik ahots kordak, baita diafragma, birikak, burua eta batez ere, bihotza. Euskal Herrian abeslari profesionalen belaunaldi oparoa sortu da azken urteetan; asko dira belaunaldi berri horren loraldia bultzatu duten faktoreak, hala nola, irakasle prestatuak eta goi mailako ikasketak egiteko aukera. Antzokiek ere eskaintzen dituzte aurrera egiteko aukerak, baina ez abeslariek nahi adina.

Euskal Herriko abeslarien egoera ondo ezagutzen dute Xabier Anduaga tenorrak (Donostia, 1995) eta Elena Barbe sopranoak (Donostia, 1983). Biak Madrilen egon berri dira, Alberto Zedda (Milan, Italia, 1928) zuzendariaren ikastaroan. Rossiniren obretan aditu handiena da Zedda, eta bi abeslari donostiarrentzat mugarria izan dira maisuaren irakaspenak.

Elkar ondo ezagutzen duten arren, ibilbide profesional ezberdinak egin dituzte Anduagak eta Barbek. Hala, egun Euskal Herriko antzokietan dabilen tenor gazteenetako bat da Anduaga; Musikenen kantuko bigarren maila ikasten dabil, baina taula gainean askoz lehenago hasi zen, 17 urterekin. 15 urte zituela hasi zen kantuan, eta garai hura gozoa bezain mikatza gertatu zitzaion tenorrari: «Abestea beti izan da nire bizitzaren zati garrantzitsu bat; ez dut gogoratzen noiz eta zergatik erabaki nuen abesbatzan sartzea, baina abesteak zoriontsu egin nau betidanik. Dena den, mutilentzat gogorra da ahots aldaketaren fasea igarotzea; gogoan dut gaizki pasa nuela horrekin, ez bainekien nolakoa izango zen nire ahotsa aurrerantzean. Ordura arte ahots zuria nuen, eta asteak igaro ziren nire benetako ahotsa definitu arte».

Zorionez, Anduagaren ahotsak aurrera egin du, eta gaztea izan arren, heldutasun nabarmena lortu du denbora gutxian. Zedda maisuak halaxe esan omen dio, eta harrituta utzi du bere adinarekin. Dena den, aurrera egiteko argibideak ere jaso ditu, eta oraindik ikasteko asko gelditzen zaiola argi dauka abeslariak: «Zeddarekin egon ondoren, kantu lirikoa beste begi batzuekin ikustea lortu dut. Ahots teknika garatzea garrantzitsuena izan arren, konturatu naiz pertsonaia bereganatzea dela benetan interpretazio on bat egiteko modu bakarra».

Abesten goiz hasi arren, oraindik menderatzeko gauzak baditu tenorrak: «Musikenen hasi nintzenean konturatu nintzen ondo abestea ez dela inondik ere nahikoa mundu honetan aritzeko. Abeslari on batek eszena menderatu behar du, musika irakurtzeko abila izan behar du, eta, jakina, hizkuntzak jakin behar ditu». Lehen mailan hasten dira gauza guzti horiek ikasten; beste instrumentu guztietako ikasleen moduan, abeslariek bigarren instrumentu bat ikasi behar dute, pianoa. Horrekin batera, italiera, alemanera eta frantsesa ikasten dituzte, obra gehienak hizkuntza horietan idatzita daudelako. Anduagarentzat, taula gainean ondo mugitzen ikastea izan da erronka nagusietako bat: «Hasieran uste nuen ikasgai teorikoak izango zirela astunenak, baina eszena menderatzeak lan asko eskatzen dituela ikasi dut. Azken finean, jendeak zure pertsonaia ulertu behar du, eta horretarako, gorputza ondo mugitzen jakin behar da. Horregatik, fisiko guztiek ez dute rol guztietarako balio».

Oraindik bi urte ditu aurretik gradua amaitzeko, eta bidea ez da bertan amaituko abeslarientzat: «Etengabe sartu behar dira orduak, teknika zorroztu eta ahotsari forma emateko. Gurea bide luzeko lasterketa bat da». Goi mailako ikasketak hasi aurretik, Barbe izan du irakasle Anduagak. Hain zuzen, Donostiako Orfeoian irakasten du sopranoak, bai haurrei eta baita helduei ere. Kantua eta irakaskuntza uztartzeak ikuspegi zabala eskaini dio sopranoari, eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan du: «Abeslariontzat oso garrantzitsuak dira laguntzen gaituzten irakasleak; lanbide bakartia da gurea, eta aholku ematen diguten irakasleak fidagarriak izatea ezinbestekoa da aurrera egiteko».

Lanbide bakartia izateaz gain, lehia handikoa ere bada, eta horri aurre egiteko nortasuna indartu eta burua prestatu beharra dago Barberen esanetan: «Abeslari batzuek beren errezeta dute arrakasta lortzeko, eta ez dute elkarbanatzen; nire ustez, etorkizuneko belaunaldiak prestatu eta babestea ezinbestekoa da, honetan aurrera egiteko modu bakarra oinarri on bat lortzea baita. Zentzu horretan, niri bi gauza eskaini dizkit irakaskuntzak: alde batetik, rolak egiteko eskaintza gutxi egon denean, arrazoi ekonomikoengatik komeni ez zitzaizkidan eskaintzak onartzeko tentaziotik aldendu nau, eta bestetik, ikasitako teknika besteengan praktikan jartzeko aukera eman dit, urtetan landutako oinarri hori hobeto barneratuz».

Lehia horrek ere badakar beste arazo bat sopranoaren esanetan: bikaintasuna bilatzea. Hala, taulara igotzen diren bakoitzean emaitzarik borobilena eskaintzeko beharrak ondorio larriak ekarri ditzake, neke fisiko eta psikologikoa eraginez: «Kirolarien modukoak gara; gorputza entrenatu behar dugu etengabe bizitza guztian, jan eta edaten duguna zaindu... baina gurea ibilbide luzea da, eta urteetan aurrera egiteko lan asko egin behar da».

Azpiegiturarik ez dute abeslariek lan mundura salto egiten dutenean, eta entzunaldiak lortzea geroz eta zailagoa da. «Duela urte batzuk, abeslariek irudi bat zuten, eta diru asko jasotzen zuten; produkzioak oso puztuta zeuden. Gaur egun hori jada ez da existitzen. Alde batetik, ikuskizunak egungo egoerara egokitu dira, eta hori oso positiboa da, publiko zabalarekin hobeto konektatzen lagundu duelako; baina abeslariok, autonomoak izanik, askotan zailtasunak ditugu soldata duina lortzeko».

Euskal Herrian, gauzak txukun egiten dira Barberen esanetan: «Beharbada eskaintza ez da nahiko genukeena bezain zabala, baina kontratuak ondo betetzen dira, eta produkzioak modu txukun eta legalean egiten dira». Sopranoaren arabera, baldintza horiek ez dira betetzen nazioarteko hainbat antzokietan: «Pentsa, Italian, emanaldi bat amaitzean, ilaran jarri behar izan genuen behin, paga banan-banan jasotzeko!».

Rol aldaketa

Rol bat lortzea ez da erraza, eta erabakia normalean zuzendari artistiko edo eszena zuzendariaren esku egoten da. Rol horietarako hautagaiak izateko, abeslariek entzunaldiak egiten dituzte, hautaproba baten moduan; dena den, entzunaldi baterako deia jasotzea zaila da abeslari askorentzat, eta lehia bizia izaten da.

Euskal Herrian, aukerak ez dira oso ugariak, opera eta zarzuela eskaintza ez baita oso zabala. Bilboko OLBEren denboraldia eta Iruñekoa dira garrantzitsuenak, baina askotan, Euskal Herri kanpotik ekartzen dituzte bakarlariak. Donostiako Musika Hamabostaldiak ere urtean opera bat eskaintzen du, eta Irunen (Gipuzkoa) Luis Mariano elkarteak bertakoekin egin ohi du lan, baina lanbide gehienetan bezala, eskainitako lana hautagai kopurua baino urriagoa izaten da.

Egoera horri aurre egiteko, Ainhoa Garmendia sopranoak (Donostia, 1974) Opus Lirica elkartea sortu zuen 2012an. Operaren bila joateari utzi, eta opera Donostiara ekartzea erabaki zuen; elkarteak aurrera egin du, eta datorren asteburuan Giussepe Verdiren La Traviata opera interpretatuko dute Kursaalean. Bi emanaldi egitearekin batera, Ramon Gener abeslariaren hitzaldi bat emango dute ostiralean, eta opera ikustera ohituta ez dauden ikusleak animatzeko, azpidatziak irakurtzeko betaurrekoak banatuko dituzte. Operaren historian gehien interpretatu den obra da La Traviata; drama erromantikoak entzule asko erakarri ditu, eta inoiz baino sarrera gehiago saldu dituzte.

Garmendiaren esanetan, hirian hutsune bat zegoen operarekin, eta hori betetzen saiatu da azken urteetan: «Antzerkia, zinema eta musika eskaintza zabala du hiriak, baina opera zaleentzat urtean behin emanaldi bat izatea ez zen nahikoa. Bilboko denboraldira joatearekin ere ez da konformatzen jendea; Donostian bada opera ikusteko zaletasuna, eta behar horri erantzunez sortu genuen Opus Lirica».

Borondate onarekin hasi baziren ere, aurrera egitea ez zaie erraza egin sopranoaren arabera: «Opera hau martxan jartzeko sei hilabete eman ditugu lanean, eta guztira 160 lagun inguruk parte hartu dugu. Dena den, aurrekontua oso estua izan da, laguntza gutxi jasotzen ditugulako. Etorkizunean hasieratik bilatu dugun kalitatea bermatu nahi badugu, erakundeen babes zabalagoa beharko dugu».

Gazte hasi zen musikaren munduan Garmendia, 15 urterekin; akordeoia jotzen eman zituen lehen pausoak, eta tartean abesten ere hasi zen. Verdiren Rigoletto opera ikustean ireki zitzaizkion begiak, eta abestea lanbide bihurtzea erabaki zuen. Hain zuzen, obra horrekin hasi zuen Opus Liricaren ibilbidea ere. «Hasieratik, bertako abeslari eta musikariekin lan egiteko konpromisoa hartu dugu; Euskal Herrian profesional handiak ditugu, Musikenen Goi Mailako ikasketak egin dituztenak, eta kalitate handiko emanaldiak egin ditzaketenak».

Zailtasunak zailtasun, abeslari guztiek argi dute zein den aurrera egiteko modu bakarra: lana. Azken finean, ahotsa moldatzen doan instrumentua da, eta abeslariek instrumentu hori menderatzeko orduak sartu behar dituzte. Ez dira asko aurrera egitea lortzen dutenak; punta-puntako kirolarien moduan, gorputza hobekien menderatzen dutenak iritsiko dira antzokietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.