«Gau mahairako» errezeta liburua

Juan Mari eta Elena Arzak sukaldariek 64 errezeta bildu dituzte 'Arzak + Arzak' liburuan. Euren lanari buruzko azalpenak ere jaso dituzte, baita argazkiak ere, sukalde barruan zein kanpoan atereak

Juan Mari eta Elena Arzak Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariarekin, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Su oso txikian prestatu dute, baina platereratu dute, azkenean: Arzak + Arzak liburua kaleratu dute Juan Mari eta Elena Arzak sukaldariek, hiru urteko lanaren ostean. Arzaktarren sukaldaritza zer den jaso dute: izan ere, errezeta liburua da, baina ez hori bakarrik, jatetxeari eta hango lan egiteko moduari buruzko kontuak xehe-xehe bildu baitituzte.

Donostiako Basque Culinary Centerren aurkeztu dute liburukotea: 2008az geroztik, ez dute haiei buruzko ezer argitaratu, eta lanari ekinda, mardul-mardula gelditu zaie: 2,100 kilo pisatzen du, Elena Arzakek zehaztu duenez.

«Gau mahaian edukitzeko moduko errezeta liburua da», ebatzi du Igor Zalakainek, Arzakeko sukaldarietako batek. Izan ere, 64 errezeta batu dituzten arren, bi sukaldariei, jatetxeari eta haien lan egiteko moduari arreta berezia eskaini diote. Hala, sei ataletan banatu dute lana: Arzak Enea, jangela, laborategia, chefaren mahaia, sukaldea eta errezetak.

Gaztelaniaz atera dute liburua, baina beste hizkuntza batzuetan ere aterako dute. Ez zuten iragartzeko asmorik, baina aurreratu egin zaie Juan Mari: «Esan diet ja atera behar ditugula euskarazko eta ingelesezko bertsioak: euskaraz, gure hizkuntza delako, eta ingelesez, munduan zehar gehiago saldu ahal izateko».

Zalakainek nabarmendu du beti «besteek» idatzi izan dutela arzaktarrez, eta Arzak + Arzak dela beraiek bultzatutako lehenengo liburua. Juan Mari bera ere pozik dago emaitzarekin: «Egin dugun libururik onena da: oso ondo moldatu gara Elena eta biok, eta horrelako lantaldearekin lan egitea oso erraza izan da guretzat». Elenak aitortu du liburuak egitea ez dela euren dohainetako bat, errezeta bat egin ondoren «beti hurrengoari begira» jartzen direlako; ez direla egindakoak gordetzeaz askorik arduratu izan, alegia.

Arrakastatsuak, eta berriak

Euren ibilbide guztian egindako errezeta guztien artean zein aukeratu izan da liburua egiteko buruhausteetako bat. Horregatik, batetik, «arrakasta handien» dutenak hautatu dituzte, eta, bestetik, horien guztien artean, berrienak direnak, Elenaren esanetan: «Gure lanean beti gaude aurrera begira, eta ez iraganean iltzatuta: horregatik aukeratu ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.