Bilboko Aste Nagusia

Aniztasunaren aldeko deia

Guztientzako festak aldarrikatuz abiatu da aurtengo Aste Nagusia. Naizen elkarteko Bea Severrek haur transexualak gogoratu ditu pregoian, eta Itsaso Nuñezek suziria piztuta hasi dira jaiak Bilbon.

Aniztasunaren aldeko deia.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Kolorez beteriko festa bat da», hala deskribatu zuen Bea Severrek Bilboko Aste Nagusia, atzo, jaien hasierako pregoian. «Norbera den bezalakoa izateko leku bat, zoriontsu izateko esparrua». Arratsaldeko zazpiak puntuan zirela atera ziren pregoilaria eta txupinera Arriagako balkoira. Hain zuzen, Bea Sever Naizen adingabe transexualen familiak biltzen dituen elkarteko eleduna eta Itsasne Nuñez Pa...Ya! konpartsako kidea arduratu ziren 41. Aste Nagusia abiarazteaz.

Severrek azaldu zuen ohore bat dela balkoian egon ahal izatea familia «ausarten» ordezkari gisa. Euskara eta gaztelera tartekatuz irakurritako pregoian, Bilbok duen berezitasuna azpimarratu nahi izan zuen: «Zenbaitek gure seme-alabak ezkutatu nahi dituzte; Bilbon, aldiz, bozgorailua ematen digute zakila duten neskak eta alua duten mutilak daudela ozen esateko». Unea baliatu zuen herritarrei eskerrak emateko urte hauetan emandako babesagatik: «Zuek gabe ez ginateke hemen egongo». Are gehiago, aurtengo pregoilari izateko beraizendatu izanak Bilboren identitatea islatzen duela aitortu zuen, eta hiri irekia dela esan. «Ez dakigu zer daukan Marijaiak bere gonaren azpian, baina berdin digu, berdin maite dugu».

Aniztasunaren aldarria izan zen nagusi Serverrek hiruzpalau minutuz irakurritako manifestuan. «Gure helburua, eurak eta zuek denak, norbera den modukoa izan ahal izatea da, aske eta zoriontsu bizi ahal izatea». Halaber, elkarteko haurrak aipatzean eta beraien zoriontasuna adieraztean emozionatu ere egin zen Naizen elkarteko eleduna, eta Arriagako plazan zeuden ehunka herritarrek txalo zaparradez babestu zuten. Eta joan den urtean bere buruaz beste egin zuen Ekai gazte transexual ondarroarra ere gogoratu nahi izan zuen.

Beldur eta erasorik gabeko Aste Nagusia defendatu zuen Severrek: «Ez dugu onartuko eraso transfoborik, ezta eraso matxistarik ere». Eta erasorik gabeko mundu ametsetako hori eraikitzeko tresna heziketa dela zehaztu zuen. «Zuek ari zarete gurekin batera mundu hobea sortzen, denontzako tokia izango duen mundu bat». Pertsonak anitz eta askotarikoak direla eta mundua koloretakoa dela esan zuen.

Mundua etengabeko Aste Nagusi bat izateko desioa azalduta bukatu zuen bere tartea Severrek, eta Marijaia azaldu zen jarraian balkoian. Nuñez txupinerak suziria piztu, eta bederatzi eguneko asteari hasiera eman zioten Bilbon. Kepa Junkera musikariaren Marijaiaren abestiarekin hasi ziren kantuan eta dantzan plazan zein Arriaga antzokiaren barruan bildutakoak.

Arriagatik Areatzara

Arriaga plazan hasitako festa txosnetara zabaldu zen minutu gutxian. Marijaia, balkoitik jaitsi, eta pregoilariaren eta txupineraren laguntzarekin, txosnaz txosna ibili ziren, guztiak zabaldu arte. Hala egongo dira datorren igandera arte, herritar zein bisitari guztiei irekita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.