Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Periferiatik

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Podcast berria abiatu du EITBk aste honetan: Harresi ikusezina. Irundik Hendaiara igarotzen saiatzen diren pertsona migratzaileen kontakizunak jaso ditu. Afrikatik ateratzen dira Europara heltzeko asmoz. Bide luzea, gogorra, indarkeriaz betea; zeinetan bidaia lagunak galtzen dituzten —emakume batek, 2 urteko alaba—, baita bizitza ere. Dagoeneko bederatzi gazte hil dira Euskal Herrian migrazio politiken biktima. Gaiak ukitzen nau. Horregatik, saioaren berri izan bezain pronto, entzuteko beharra piztu zitzaidan.

Emitituko diren sei ataletatik lehenengoa aditu dut, euskaraz (jatorrizko bertsioan hiru hizkuntzatan entzuteko aukera ere badago). Errealitate gordina jarri digu Cristina Tapiak aurrean, pertsona askok pairatzen dutena: bidaia luze baten ondoren, helburua hain hurbil izanda —Frantzia baitute askok helmuga—, guretzat zatiketa administratiboa dena harresi bihurtzen da beraientzat. Europarrok arazo barik zeharkatu ahal dugun muga gaindiezina izan daiteke azal beltza duten pertsonentzat.

Kalitateari dagokionez, ekoizpen bikaina, pertsona migratzaileen ahotsak, solidarioen testigantzak eta adituen azalpenak jasoz, inpartziala ez den kazetariaren narrazioak josita. Beharrezko salaketa.

Hala ere, sentsazio gazi-gozoa geratu zait barruan. Gustatuko litzaidake podcastak benetan batzuen begiak irekitzea; beraz, lagunei bidali diet, sareetan mugitu... Ez da nahikoa, ordea. Soilik aurretik kontzientziatuei edo interesa dutenei helduko zaielako beldurrez nago. Barruan zerbaitek esaten dit horrelako produkzioak egin behar direla. Egindako mimoz eta sentsibilitateaz bada, are gehiago.

Bestetik, inpresioa dut publiko orokorrari zuzendutako irrati-programaziotik kanpo maiz eskaintzen direla gizarte arloko podcastak (feminismoa, hezkuntza, migrazioa, ekologia...), eta programazioetan eztabaida politikoa, gizonezko futbola eta mainstream den agenda mediatikoa nagusitzen direla. Eta susmoa dut absentzia hori justifikatzeko erabiltzen direla bazterretik eskainitako saio hauek, puntualak, jarraitutasunik gabeak. Ez da fenomeno berria, periferia izan baita beti gai batzuren esparrua, baina podcast formatuak berak ere aukera berriak eskaintzen ditu bazterturiko gaiak zabaltzeko, bete beharreko maiztasunetik aske. Orain, gure txanda da, gaia bazterretik erdigunera mugiarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.