Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Egiantzeko gezurrak

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Irratiaren historia egun mugarria: 1938ko urriaren 30a. Orson Wellesek, H.G. Wellsen Munduen Gerra eleberrian oinarrituta, estatubatuarrak izutu zituen irrati-emankizuna eskaini zuen. Estralurtarrek Lurra inbaditzen zutela antzeztu zuen errealismo handiko fikziozko irrati-antzezpen batean. Hasi aurretik literatur lan baten kontakizuna zela ohartarazi arren, izua eragin zuen entzuleen artean. Hurrengo eguneko egunkariek azaldu zutenez, larrialdi zerbitzuei egindako deiak biderkatu ziren, eta asko izan ziren, ihesaldian, errepideak kolapsatu zituzten herritarrak.

Jendeak zergatik sinetsi zuen Lurretik kanpo etorritako izakiak gizakiok akabatzera etorriak zirela? Gerra aurreko giro batean, Halloween bezperan; oraindik espazioa leku ezezaguna zen, zeinetatik arriskua etor zitekeen, informazio-generotik maileguan hartu zuen kontatzeko era; adituen testigantzak tartekatuz eta errealitate handiko soinu efektuen bidez, eszenatokia sortu zuen. Izuak ez zien utzi entzule batzuek azalpenean zeuden elipsi edo saltoei erreparatzen, eta benetan sinetsi zuten alienen inbasioa gertatzen ari zela.

Gerta liteke, ordea, dena AEBetako egunkarien muntaketa izatea, eta jaioberria zen komunikabidearen aurka prentsa idatziak eraikitako kanpaina, publizitatearen lehian. Dirudienez, 1929ko crash-aren ondoren, beren diru sarrerak jaisten zirela ikusita, irratiaren sinesgarritasuna kolokan jartzen saiatu ziren, eta Wellesen emankizunaren efektuak handitu zituzten, fidatzeko hedabidea ez zela agerian uzteko.

Nik lehenengo bertsioa dut gustuko. Hau da, Wellesen kontakizunak entzuten ari zirenen gogoetan eragin zuela, eta emozioa, kasu horretan beldurra, sortzeko gai izan zela. Fikziozko lanen produkzioaren konplexutasunak eta kosteak irrati-dramatikoak podcast, gune berezi eta lehiaketetara zokoratu ditu ia kate guztietan, baina ez istorioak kontatzeko grina. Radio Euskadik Ondas saria jaso du espetxeetako ohikotasunaren kontakizunagatik. Hori egiten du irratiak askotan: egunerokotasunaren historia txikiak azaltzea, alegia.

Hala ere, ezin da ahaztu naziek irratia gezurrak zabaltzeko erabili zutela Wellesen garai berean, Ā«gezur bat hainbatetan errepikatuta, egia bihurtzen delakoanĀ» oinarrituta. Albiste faltsuak erraz zabaltzen diren egiantzeko gezurrak dira, baina horiek irratietatik kanpo behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.