Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Edo ez da izango

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Edo ez da izango/O no será du izenburua, eta karetan, musikak lagunduta, feminismoa definitzen dituen hainbat hitz: «Bazterrak, gorputzak, sexualitateak, intersekzioak, plazerak, aliantzak, identitateak, gatazkak, transgresioak, subjektibotasunak, indarkeriak, erresistentziak, erantzunak, subertsioak, sareak, aniztasuna, ahizpatasuna, deseraikitzea». 2014tik Hala Beditik uhinetaratzen den feminismoen inguruko irratsaioa da, aurten 8. denboraldiari ekin diona. Astelehenetan 22:00etatik 23:00etara eta igandeetan 09:00etatik 10:00etara entzun daiteke Gasteizko 107,4 MHz.tan, baita nahieran ere. Talde lanaren emaitza da, eta ordubetez feminismoaren inguruan hitz egiten dute, ikuspegi intersekzional batetik, zeinetan arrazakeriaren aurkako diskurtsoak eta aniztasunek (sexualak, kulturalak, identitateenak... ) leku garrantzitsua duten.

Feminismoa hizpide, aliantzak eta sareak irutea izan da irratsaioaren helburuetako bat hasieratik. Hori dela eta, 2018an Pikara magazinarekin batera kazetaritza feministaren sarea indartu zuten, eta lankidetzan aritu ziren. 2019an, berriz, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuekin elkarlanean saioa egiten hasi ziren. Hizkuntza oztopo izan ez zedin, irratsaio bat gaztelaniaz eta hurrengoa euskaraz txandakatzen zuten. Gaur, aldiz, euskara nagusi izanda, gaztelaniazko elkarrizketak eta testigantzak sartzen dituzte.

Joan den ekainean, agurtu zirenean, nekea, zaintza eta beste faktore batzuek taldean eragina izan zutela aitortu arren, udazkenean itzuliko zirela bazekiten: «Oztopo guztien gainetik Onoserak aurrera jarraitu du, eta hurrengo ikasturtean ere, nola egingo dugun ongi ez dakigun arren!». Entzuleen poztasunerako, urriaren 10ean bueltatu dira. Ez da makala zortzi urtez uhinen bidezko emanaldiari eustea.

Izan ere, Hala Bediren saioa bada uhinen bidez entzun daitekeen saio feminista bakarra, aurretik izandakoak dagoeneko audio-artxibo moduan baino ez baitira entzungai. Besteak beste, honako hauek dira dagoeneko emititzen ez diren saioak: Euskadi Irratiko Andromeda; Antxeta eta Oiartzun irratietako Gonekin Ero Bero eta Amapola Morea; Ttan Ttakun irratiko Emesutan; Bilbo Hiriako Trabeskaleak, Txapako Txibierroak Uluka: Arraio irratiko Amatista; Kkinzonaren Aluen Uluak; 97 FMko Las Feuchas eta El Laboratorio de Medea; Naiz irratiko Emen Gonak; Mozoilloko Sorginkeriak; eta Irolako Sorginen Leizea eta Emarock.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.