Pauline Guelle.
Hizkuntza gutxituak. Murgiltze eredua. ANALISIA

Esperimentazioaren enganioa

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Sekulako nahaspila sortu du «Eskualde hizkuntzen ondare babeserako eta sustapenerako legearen» aldeko bozkak eta Konstituzio Kontseiluak ondotik hartu duen erabakiak. Oroitarazteko, 61 diputatuk helegitea jarri zuten Konstituzio Kontseiluaren aitzinean lege hori kontrola zezan. Ondorioz, epaiak «murgiltze» eredua Frantses konstituzioaren aurkakoa dela kontsideratu du, eta estatu zibilean keinu diakritikoak ere baztertu ditu. Eskola publikoan garatzen ari den hizkuntza modeloa dugu «murgiltze eredua». Ipar Euskal Herrian, ikastolek proposatzen duten eredua publikora pasatzeko aukera ezartzen die eskolei. Laburbilduz, eskola publikoetan eskaini ohi zen modelo «elebiduna» gainditzeko sortu zen murgiltze eredua. Ordu gehiago euskaraz babestuko zuen sistema. Zeharkako bideak landu ziren modelo hau proposatzeko; azkenean, partez, esperimentaziorako eskubidea garaturik atzeman zen irtenbidea.

Esperimentazio eskubide hori Konstituzioan aurkitzen da, bereziki lurralde kolektibitateei zuzenduta zaie. Aldiz, oinarrizko eskubideekin erkatzen denean, ez du halako pisurik. Esperimentazioak eskaintzen duena da Frantziako lurralde kolektibitateetan gai jakin batzuen inguruko entseguak egitea, toki jakin batean, denbora mugatuan eta esperientzia hori orokortzeko gisan. Hots, eskubide mugatu bat. Hezkuntzaren kodean eskubide hau txertatu zelarik posible izan zen lurraldeko hizkuntzei buruzko esperimentazioak garatzea eskola publikoan. Hortik dator murgiltzea, eta hortik nahi dute hil. Pario ausartak izan ziren murgiltzea eskola publikoan proposatzea. Frantses Konstituzioko 2. artikuluak dakarren arriskua ezaguna baita, eta konstituzio epaiek, beti, azken hitza dutelako. Hainbat eskolak galdegin zuten murgiltzea beraien egituretan proposatzea. Hala ere, Estatuak mokoaren sartzeko aukera izan zezakeen, bereziki akademiako errektorearen bidez, Hiriburun gertatu zen moduan.

Batetik, esperimentazioak balio izan du hezkuntza praktika batzuk finkatzeko, lurraldeko hizkuntzen problematika pizteko eta Estatuaren jakobinismoa baieztatzeko. Bestetik, esperimentaziorako eskubidea deszentralizazio prozesutik zetorren aukera izan zen, eta honek bazterrak isiltzeko balio izan zuen «identitate» azkarrak zituzten lurraldeak denbora batez bazkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.