«Guk pentsioak 1.080 eurora arte osatzea ez da bideragarria»

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Pentsiodunen protestak, Gizarte Segurantzaren eskumena eta BGAEen zabalpena ditu Azpiazu sailburuak esku artean orain.

Kalean mobilizatuta daude pentsiodunak. Entzuten den eskaera bat Jaurlaritzari egindakoa da: pentsio txikienak 1.080 eurora arte osatzea. Zer esango zenieke hori nahi dutenei?

Eskatzea libre da, eta zilegi da jendeak halako baliabideak nahi izatea premiak asetzeko. Lehen kontua da eskumena estatuarena dela. Toledoko Itunak inflazioan oinarritutako eguneratzea adostu duen bezala, gutxieneko ordaina handitzea onar dezake. Euskadin gastu horri aurrera egin beharko bagenio, eskumenik gabe eta soilik geure baliabideekin, 2.000 milioi inguru kostatu litzaiguke. Zorpetzerik gabe, geure aurrekontua 10.000 milioi dira. 2.000 milioi kopuru erraldoia da. Finantza publikoen ikuspuntutik ez da jasangarria guk osatzea.

Gizarte Segurantzaren araubidea eskualdatzeak nola hobetuko luke sistema?

Estatutuak dio eskumen hori badugula, eta bete behar da, hori lehenbizi. Gizarte Segurantza politika sozialaren parte funtsezkoa da, eta ahalbidetuko liguke politika osoa instituzio beretik koordinatzea. Pentsio jakin batzuk osatzeko edo sustatzeko aukera izango genuke. Gaur egun ere txikienak DSBEarekin osatzen dira.

Enpleguko BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak zabaltzeari buruz asko hitz egiten ari da. Benetan bideragarria da orain egitea?

Lehen ideia da pentsio publikoak errespetatu behar direla. Hala ere, ezin diogu etorkizunari bizkarra eman. Etorkizunean litekeena da pentsio publikoan azken soldataren parte txikiago bat jasotzea. Zilegi da soldata horretara gehiago hurbilduko den pentsio bat nahi izatea, bizitza maila ez galtzeko. Horretan bat bagatoz, ados jar gaitezke. Ea urtea amaitu baino lehen adostasun bat dugun horren oinarriak ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.