Munduko Futbol Kopa

Australiak eta Brasilek egin dute aurrera Italiarekin batera

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Italia, Australia eta Brasil, hurrenkera horretan, dira Munduko Kopako final zortzirenetarako sailkatu diren C multzoko hiru taldeak. Atzo jokatu ziren azken jardunaldiko partidak, eta Australiak ez zuen hutsik egin Jamaikaren aurka (1-4). Sam Kerrek sartu zituen lau golak, eta bere selekzioak gol aldeari esker bukatu du Brasilen aurretik. Hori bai, aurkari makurra egokituko zaio kanporaketetan, Norvegiaren aurka jokatuko baitu ekainaren 27ean. Brasilek ere egin zituen etxeko lanak, Italiari 1-0 irabazita, baina hirugarren sailkatu bezala egin du aurrera. Oraindik hiru multzotako azken jardunaldia falta da, baina Brasilek ziurtatuta du lau hirugarren sailkatu onenen artean egongo dela.

Brasilek eta Italiak partida bizia jokatu zuten, eta sinesgaitza dirudi gol bakarra egon izana. Brasilek aukera asko izan zituen, eta bigarren zatian jaso zuen saria. Martak sartu zuen gola, penaltiz (74. min). Mugarri historikoa ezarri zuen. Munduko Kopetan gol gehien sartu dituen jokalaria bihurtu zen: hamazazpi guztira bost Kopatan. Italiak, bere aldetik, ez zuen arriskatu, emaitza horrekin lehen postuan amaitzea ziurtatuta zuelako.

Beste partidan oreka gutxiago egon zen, Australiak ez baitzion zion aukerarik eman Jamaikari. Askoz gehiago izan zen, eta 42. minuturako 2-0 zen aurretik. Solaun Jamaikakoak 2-1ekoa sartu zuen bigarren zatiaren hasieran (49.min), baina Kerrek are gehiago handitu zuen aldea azken ordu erdian sarturiko beste bi golekin.

D multzoko azken saioa

Gaur, D multzoa argituko da. Ingalaterra jada sailkatuta dago, lehen bi partidak irabazi eta gero. Japoniak ere ziurtatuta du lau hirugarren sailkatu onenen artean sartzea. Hori bai, irabazita multzoko lehena litzateke, eta hori lortu nahi dute japoniarrek, baita ingelesek ere. Argentinak ere badu aukera sailkatzeko, Eskoziari irabazten badio hurrengo fasean egongo baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.