Donostiako Aste Nagusia. Ramon Velez. Sonakay taldeko gitarrista

«'Artillero'-ren bertsio super alaia egin dugu»

Sonakay taldeko musikariak euskarazko klasikoen bertsio flamenkoak egiteagatik egin dira ezagun. Gaur, Donostiako Aste Nagusia abiatzeko kanoikadako protagonistak izango dira, eta kontzertu bat emango dute.

Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Ramon Velez (Donostia, 1962) Sonakay taldeko musikaririk beteranoena da. Taldeak Artillero kantaren bertsioa egin du, eta gaur abestuko dute, lehen aldiz, kanoikadan. Gero, kontzertua emango dute, 23:30ean, Bulebarreko kioskoan.

Nola daramazue ospea, kontuan hartuta zuetako inor ez dela musikari profesionala?

Denon artean ere ez dugu musikari profesional bat osatzen. Batek txatarra biltzen du, eta beste bi azoketan dabiltza galtzerdiak saltzen. Ni kirolaria nintzen gaztetan, atletismoan lehiatu nintzen, eta gero kulturismoan aritu nintzen. Gimnasioa izan nuen urteetan Antiguan [Donostia], eta kirol trebatzailea izan nintzen. Orain erretiro aurreratua hartuta nago. Baina musika beti egon da hor. Eta, azkenean, atera egiten da.

Batzuek uste dute bat-batean eta telebistari esker sorturiko fenomeno bat zaretela. Zuek beti izan duzue lotura euskal musikarekin?

Matia kalean hemen ikusten nuen beti Mikel Laboa, eta orain esan ahal izatea haren kantak jotzen ditugula... Posible ote? Pena dut inoiz ez niola hitz egin flamenkoaz. Urkok gutun bat bidali digu zoriontzeko eta laguntza eskaintzeko. Telebistatik etorri ginenetik, gutun hori izan da gauzarik zirraragarriena, txikitan beti ibiltzen nintzelako Urkoren kantak abesten.

Harritu zaituzten zerbait esan dizuete Madrilen?

Imajinatu: euskaraz abesten duten ijito batzuk! Jendeak kalean gelditzen gintuen, argazkiak egiten zituzten gurekin, tabernetan gonbidatzen gintuzten... «Agur, Sonakay», esaten ziguten; horrela, euskaraz. Lagunei esaten nien: hemen kamera ezkutua dago, adarra jotzen ari zaizkigu. Ezin nuen sinestu. Zaharrena naizenez, eta gauza gehiago bizi izan ditudanez, negar egitera joan behar izan nuen antzokiko jantzigelara. 1970ko hamarkadan, gris-ek jotzen ninduten ikurrina eramateagatik! Eta auzokoei ezin nien esan flamenkoa maite nuela, agurra kenduko zidatelakoan. Orain, gitarra batekin nabil hau egiten!

Nolako bertsioa egin diozue Artillero kantari?

Bi modutan abestuko dugu. Lehenbizi gure estiloan, eta gero gainerako gonbidatuekin, bertsio normala. Donostiako Udalak nahi bezala moldatzeko esan digu, baina eskatu digu ez jotzeko kanoikadara arte. Gauza bakarra esan dezakegu: Artillero-ren bertsio super alaia egin dugu.

Nola gozatuko duzue Aste Nagusiaz?

Arratsaldeko bostetan elkartuko gara denak, telefonorik gabe. Izan ere, taldeko bik hiruna ume dituzte, eta denera 11 haur daude taldean. Beraz, «telefonoak itzali eta goza dezagun», esan diet. Gero, afaltzera joango gara Parte Zaharrera. Gauean, kontzertua egingo dugu. Got Talent lehiaketako irabazle Cesar Brandon poetak hartuko du parte. Plazaratu dugun diskoko kanta bateko hitzak egin dizkigu. Horrez gain, Raul Rubio lehiakidea egongo da, eta opera pixka bat abestuko du.

Euskarazko zenbat kanta sartu dituzue diskoan?

Lau: Txoria txori, Loretxoa, Pier-Paul Berzaitzen Denborarekin eta Urkoren Lehengo ikasgaia. Gero, gure hiru kanta gazteleraz.

Sonakay hitzak urrea esan nahi du kalo hizkuntzan. 2018a urrezko urtea izan da zuentzat?

Sinestu ezinik gabiltza. Gabonetan turroia jatean geure buruari galdetuko diegu: aurten gertatu den guztia egia izan al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.