Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Podcasteatzen

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Lagun batek esaten du bi motatako gidariak daudela: aparkatzean irratia piztuta mantentzen dutenak eta irratia amatatzen dugunok. Izan ere, autoa izaten da irratia entzuteko gunea, bigarrena inportantzian etxearen ondoren. Baina podcastei buruz ari bagara, dudarik gabe, garraio publikoan entzuten da bereziki, sakelako telefonoan. Hala ere, susmoa dut errealitateak gezurtatzen duela aparteko fenomeno baten aurrean gaudela eta gero eta gehiago entzuten dela, ukatu barik oraindik irratiaren kontsumo tradizionalak nagusi izaten jarraitzen duela.

Urruti geratzen zaizkien gaurkotasun eta politikaz beteriko programazioek aspaldian urrundu zituzten gazteak irrati orokorretatik, eta kate musikalak baino gehiago beraiek osaturiko musika zerrendak aditzen dituzte. Alta, badirudi gazteak badirela podcastak gehien kontsumitzen dituztenak; baina, inkestek agerian uzten duten bezala, ez uste den bezainbeste, orokorrean tartekako kontsumoa baita haiena. Beraz, horiek harrapatu nahian dabiltza programatzaileak, gustuko izan ahal dituzten edukiak eskainita; hori dela eta, ohiko irratsaioetan informazioa eta iritzia eskaintzen dira, eta podcastetan, aldiz, entretenimendua, kultura, dibulgazioa eta gizarte gaiak.

Horretaz hausnartzeko aitzakiaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak Parentesi izeneko lehenengo podcast festibala antolatu dute, eta horretan bidelagun izan dituzte Prisa taldearen Podium podcast plataforma eta EITB. Beharbada aurkeztu zutenean entzungai jarri zuten playlist edo zerrendan euskarazko saiorik ez zegoela agerian geratu zela-eta, gerora euskarazko podcastak gehitu dituzte. Aurreko astean, Euskal Hedabideen Behategiaren Urtekarian euskarazko podcastgintzak leku handia izan zuen. Nabarmena da euskarazko eskaintza handia, askotarikoa eta kalitate handikoa dela.

Festibalean ere Feminismoak eta aniztasunak izenburuko mahai bat osatu zuten; ez dut ezkutatuko bertan faltan eman dudala podcast feminista baten ahotsa. Eta podcast feministez ari naizela-eta, aprobetxatu nahi dut akats edo ahazte bat zuzentzea, izan ere, aipaturiko urtekarian euskarazko podcast feministen artean ez genuen Yoko Ona sartu. Baina horren inguruan beste igande batean arituko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.