Albistea entzun

Mitxel Lakuntza. ELAko idazkari nagusia

«LABen akusazioak surrealistak dira: arrastaka eraman behar dugu grebara»

Kaleratze handiak ahalbidetzen dituzten arauak lehenbailehen aldatzea premiazkotzat jo du Lakuntzak. Ez die oinarririk ikusi LAB sindikatuak ELAri egindako kritika bortitzei, eta uste du gehiengo sindikalak «balio handia» duela oraindik ere.
GORKA RUDIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko martxoak 21

ELAren lema hartu eta gutxira, inoizko itsasorik zakarrenari aurre egitea egokitu zaio Mitxel Lakuntzari (Iruñea, 1976). Izan ere, pandemiaren gordinean ari zaio eusten Euskal Herriko sindikaturik handienaren norabideari. Lan erreforma baliogabetzea jarri du helburu gisa ELAk, eta, ez bada osorik aldatzen, markatu du zerk daukan lehentasuna: kaleratze handiak errazten dituzten arauak aldatzeak. Lakuntzak ez dio izkin egin ELAren eta LABen arteko aldentze iskanbilatsuari.

Lan erreformaren aurkako mobilizaziora deitu duzue ostegunerako. Zeri dio beldur ELAk lan erreforma dela eta?

Batzuek diote pandemian ezin dela baliogabetu erreforma. Guk, justu kontrakoa: pandemia dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa dela. Beldur diogu aldi baterako erregulazioen ondoren etor daitekeenari. Lan baldintzengatik ere, oro har, kezka bizia dugu. Aurreko krisialdian irakasgai argia atera genuen: krisian egiten dituzte aldaketak lan baldintzak okertzeko. Ez dugu nahi argazki bera. Erreforma aldatzen ez bada, lan enpleguen galera handiagoa izango da.

Erreformaren esparru batzuk baizik ez ukitzeko aukera asko indartu da...

Osorik baliogabetu beharko lukete, baina kaleratze kolektiboen araudia aldatzea premiazkoa da. Maiatzaren 31tik aurrera, kaleratzeko mugak desager daitezke, eta, egungo araudiarekin, enpresek nahieran egiten dituzte kaleratze kolektiboak. Doikuntza batzuk besterik ez datozela? Ultraaktibitatea, enpresa hitzarmenak eta beste zenbait aipatu dituzte, baina kaleratzeen araudia aldatzea da hemen premiazkoa: arrazoiak eta tramitazio administratiboa, Lan Ikuskaritzak zaintza bat izan dezan.

Itunen estatalizazio prozesua azkartuko ez ote den ere aipatzen ari da asko.

Negoziazio kolektiboa guri lapurtzeko mehatxua hor dago beti, eta, arazoa konpontzen ez den bitartean, hor jarraituko du. Estatuan sinatzen diren itunen %80k oztopatzen dute hemen negoziazioa. Prekaritatea estatalizazioaren eskutik iritsi da gurera, ez enpresa itunetatik, oro har. Eta grebek ekarri dituzte lan itun onak.

Piketeei ezingo diete kartzela zigorrik jarri aurrerantzean. Albiste ona, ezta?

Bai, baina mozal legeak hor jarraitzen du, eta zigor kodeak beste bide batzuk ematen ditu langileen aurka jotzeko. Piketeen inguruan egindako lege aldaketan oso argigarria izan da EAJk izan duen posizioa, ikusteko nola ulertzen duten sindikatuen jarduera eta zenbaterainokoa den patronalaren alde duten jarrera.

Zergatik diozu?

Beste koska bat igo dutelako posizio horretan. Ez da inon atera, baina Tubacexeko eta Gestampeko kaleratzeen negoziazio bileretan sartu aurretik, sindikatuen ordezkariak miatu egin ditu Ertzaintzak, motxilak eta guzti. Nork bidali ditu miatzera? Ez dago orekarik txikiena ere.

Osteguneko mobilizazioa Galiziako CIG eta Kataluniako CSCkin adostu duzue. LAB baztertu du ELAk ekinaldi horretatik?

LABek bere buruari egin beharko liokeen galdera da zergatik ez dagoen hor. Testuinguru honetan, hiru sindikatu gai izan gara akordio bat lortzeko, eta LAB ez da gai izan. Funtsean, LABek ez du lehenesten ELArekin duen harremana. LABek berak esan du aliantza zabalago batzuen bila dabilela.

LABek kontrakoa dio, ELAk ez duela sekula aurkitzen une egokia aliantza estrategiko baterako. Akusazio larriak egin ditu: patronalarekin konfrontatzeari uko egin dio ELAk?

Harriduraz hartu dugu LABen ohar gogorra. Bat gatoz gauza askotan, eta beste askotan ez, eta beti izango da horrela. Akusazio larriek ez dute laguntzen, surrealistak baitira. Europan, greba gehien egiten den herrialdea gara, eta hori horrela da ELAk duelako gehiengoa, eta greba gehienen atzean dagoelako. LABekin dugun arazo bat da batzuetan arrastaka eraman behar ditugula grebara.

Non geratu da gehiengo sindikala?

Gu ez gara mugitu azken urteetan izan dugun posiziotik. Gehiengo sindikalaren balioa defendatzen dugu; iazko greba orokorrari erreparatzea baizik ez dago ikusteko nolako emaitzak ematen dituen. Baina arazoak sortzen dira LABek fronte berriak eratzera deitzen dituenean CCOO eta UGT. Hori ez da koherentea. UGT eta CCOO dira estatalizazioa bultzatzen dutenak; haiek sinatzen dituzte kaleratzeko erregulazioak. UGT eta CCOOrekin ez dugu soilik desberdintasun nazional bat: hemen eredu sindikal desberdinak daude aurrez aurre.

LABek nahiago du CCOOrekin eta UGTrekin elkarlanean aritu, ELArekin baino?

LABi gertatzen zaio badela agenda politiko bat nabarmen markatzen duena. Hori ere ulertu behar da. Estatuan gertatzen diren aliantzak, gero, esparru sindikalera eramaten saiatzen dira, baina politikan balio duenak ez du zertan balio izan sindikalismoan. Sindikalismoak espazio autonomo bat behar du.

Estatu mailako zer aliantzaz ari zara? EH Bilduri buruz ari zara?

Ez da inongo sekretua EH Bildu aliantza berrietan parte hartzen ari dela estatu mailan, eta beste bidelagun batzuk bilatzen dituela. Errealitate horrek LABi ere eragiten dio.

Orduan ez zarete sustatzen ari elkarlan giro ona Adegirekin?

Guk eragile guztiekin dugu interlokuzioa, Urkullu lehendakariarekin izan ezik, eta hark nahi ez duelako. Baina gure hautua kontraboterean dago, denek dakite hori, eta aurkakoa esatea surrealista da, berriro diot.

Eta autodeterminazioaren alde estatuarekin konfrontatzeari ere ez diozue uko egin, LABek esan duen moduan?

Horrek ere ez du ez hankarik, ez bururik. LABek akusazio larriak egiten ditu, baina ez ditu argudiatzen. Iaz, greba orokorra egin genuenean, zer egin genuen, ba? Gutxietsi egin dezakete, baina Euskal Herrian lortu dugu sindikatuak ez egotea CCOOren eta UGTren sistema espainiarraren azpian. Gehiengoen bidez, betiere. Horrek herria egiten du, langile klasea egiten du, eta gure estrategiaren parte da. EH Bildu eta EAJ estatutu berriarekin hasi zirenean, ohartarazi genuen hori asmakeria politiko bat baizik ez zela. EAJ non den badakigu, eta asmakeriak behar dituela denbora pasatzeko. Non bukatu du horrek? Guk esan genuen lekuan: ezerezean.

EH Bilduk Europako funtsekin elkarlana proposatzea ere gogor kritikatu du ELAk; ezkerraren zaindari izateko beharra daukazue?

Euskal erakundeen politika ez da gure jendearentzat egina.

Zein da zuen jendea?

Langileez ari naiz.

Jarraitu, mesedez.

Zer gertatu da aurrekontuekin? Pandemiaren gordinean egonda ere, ez da eztabaidarik egon. %3 baizik ez dira igo EAEn; iaz, %1,9. EH Bilduk eta Podemosek ez dute inpugnazio politiko bat egin. Non dago oposizioa? Eztabaida taktizismora bideratu dute, bilera batera sartuko ote diren ala ez borrokatzera. Eta, azkenean, gobernuak berak esan behar izan die ez duela haien beharrik. Ez dago pultsu politikorik. Toledoko Ituna, zerga erreforma.... gai asko daude umezurtz.

Europako funtsak badatoz. EH Bilduk dio partida hori jokatzeari uzten bazaio alferrik direla protestak gero, ELAri erantzunez.

Zer da partida jokatzea? Besteen arauak onartzea? Hori guretzat partida galtzea da. Eztabaida nagusia da funts horiek zer ekarriko dieten langileei. Europako Batzordeak argitu du funts horiek baldintzatuta daudela. Azkenean, ez gaude ados EH Bilduk Europaz egiten duen hausnarketarekin ere. Sinetsiko dugu orain beltzezko gizonak bidaltzen zituen troika ez dagoela jada? Pandemia etorri da, eta erabaki batzuk hartu dira aldi baterako, baina kito.

Batzordeak ez al du bere ohiko lerro politikoa berreskuratuko, funtsak egon ala ez? Ez al du pentsioen erreforma eskatuko, funtsekin edo gabe?

Zergatik egiten ari dira pentsioen erreforma Espainian?

Pandemia hasi baino askoz lehenago egiturazko arazo handiekin hasi zelako sistema?

Ez dut horrela ikusten. Batzordea funtsen bidez ari da presio egiten erreforma modu jakin batekoa izan dadin. Lotuta daude.

Funtsak ez baleude, ez zen egingo pentsioen erreforma?

Parametro jakin batzuetan egin nahi dute, pandemiaren urgentzia aprobetxatuz; hori da kontua. Next Generation funtsak xantaia dira. Zertan ibili ziren Herbehereak eta beste estatu batzuk onartu zituztenean? Baldintzatuta datoz, eta ikusi behar da norengana iritsi eta zertarako baliatuko diren. AHTa, Nafarroako ubidea jarri dituzte hautagaien artean. Ezkerretik ezin da esan funts horiek behar sozialetara bideratuta daudela, ezin da.

Larraitz Ugartek dio ELAk interes handiagoa duela independentismotik aldentzeko, herri mailako erronka handiei aurre egiteko baino.

EAJrekin egin nahi duten elkarlana argudiatu nahian dabiltza. Ezkerretik ezin dela funtsen aurkako kritikatik egin? Ba, justu kontrakoa uste dugu: ezkerretik egin behar zaiola kritika. Kezkaz ikusten dugu EAJren posizioetara nola hurbiltzen ari diren. Bere artikuluan dio partida jokatu egin behar dela. Ontzat emanda atzean dauden interes guztiak? Multinazionalentzako dirua izango da.

Multinazionalek langileak dituzte.

Bai noski, baina diru publikoa multinazional pribatuetara bideratzen denean, ezkerrari zer pentsatua eman beharko lioke.

Pandemia hastean, lantokiak seguruak ez baziren planto egitera deitu zenuten. Txertaketa behar bezain azkar babesten ari da langileak?

Eusko Jaurlaritzaren ezaugarrietako bat da propaganda egitea, baina propagandak ere ezin du ezkutatu zein den egoera eta hutsegite nabarmenak. Txertaketak erakutsi digu Jaurlaritzak harrokeria handia duela eta aurrean duenari mezu bera bidaltzen diola: «Guri ez diguzue esango zer egin behar dugun». Posizio horretatik abiatzen dira edozein gaitan; oso errotua dute gobernuan. Eta zientzialariei ez diete kasurik egin; pandemiaren gordinean, argi; «txertatu, txertatu, txertatu» izan da haien mezua. Baina ahal bezainbeste gorde dituzte, eta gero, azkenean, zuzendu. Ez dute entzuteko gaitasunik.

Santa Marinako txertaketa irregularren artean, ELAko ordezkari batek ere jarri zuen txertoa. ELAko kide da oraindik ere?

Bai.

Nola hartu duzue erabaki hori?

Mehatxupean jarri zioten txertoa, Osakidetzak berak, esanez ez zuela aukerarik Santa Marinan egon behar bazuen. Guk salatu egin genuen protokolo hori, ez ginen ados, eta Sagarduik harrokeria handia erakutsi zuen orduan ere: esan zigun gai horretan ez genuela zer esanik. Horren ondoren zehaztu zuten protokoloa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Azken asteetan istiluak izan dira Belfasten. ©MARK MARLOW / EFE
Sestaoko manifestazioarekin bat egin dute 60 talde inguruk. ©EH BILDU

«Enplegu eta bizitza duinen alde» manifestazioa egin dute Sestaon

Berria

Enplegu galera Ezkerraldea astintzen ari da berriro, eta dozenaka elkarte, sindikatu eta langile batzordek bat egin dute manifestazioan. Tartean, Tubacex, ITP eta Petronorreko langileak izan dira, besteak beste.

Tentsio uneak izan ziren Ertzaintzak batzordeko kideei legebiltzarrera sartzea galarazi zienean, eta oldartu egin zitzaien gero langileei. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

«Borrokan jarraituko dugu»

Aitor Biain

Tubacexeko langileek Eusko Legebiltzarrera eraman dute kaleratzeen aurkako protesta, enpresak kaleratzeak egin eta biharamunean. Batzuek Amurriotik oinez egin dute bidea, ia bi eguneko ibilaldian, eta beste ehunka Gasteizen batu zaizkie. Ertzaintza gogor oldartu zaie, eta tentsio uneak izan dira.

Osasun arloan kontratatutako hamar langiletik zazpi erizain eta erizain laguntzaileak izan dira. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Nafarroak 253 milioi gastatu ditu orain arte izurriari aurre egiteko

Joxerra Senar

Nafarroako Kontuen Ganberak ondorioztatu du pandemian «arrazoizko gestioa» egin dela. 6.800 kontratazio egin dira, eta klinika pribatuek 8,6 milioi euroko faktura utzi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna