Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Zelulen sare soziala

2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gizakiok geure artean komunikatzeko eta informazioa elkarrekin trukatzeko askotariko bideak erabiltzen ditugu: elkarrizketak, laztanak, gutunak, mezu elektronikoak... Bada, gizakiok ditugun mila milioika zelulek ere komunikatzeko gaitasun aparta daukate.

Neuronak, esaterako, neurotransmisoreen bitartez komunikatzen dira, ingurunera jariatzen dituzten molekula txikien bidez, alegia. Immunitate-sistemako zelulek, berriz, euren gainazaleko proteinen bidez, molekula txikiak aurkezten dituzte ingurunera. Zelula batzuek molekula txiki horiek ezagutzeko ahalmena dutenez, horiei lotzen zaizkie. Zelula-zelula elkarrekintza horren ondorioz, bi zelulen arteko informazio-fluxua bermatzen da.

Ez, ez da harritzekoa zelulen arteko etengabeko komunikazioa! Izan ere, organismoaren ongizatea bermatzeko, zelulek une oro jakin behar dute zer ari den gertatzen haien inguruan, edozeren aurrean erantzun egokia garatzeko eta bizirik iraun ahal izateko.

Ez bakarrik komunikazioa. Zelulen artean molekulen elkar-trukea ere gertatzen da. Larruazaleko epitelio-zelulak, adibidez, errenkadan, fisikoki elkarri lotuta daude proteinen bidez. Horietako batzuek poro itxura daukate, eta zelulen artean molekula txikien trukea bideratzen dute. Beste kasu batzuetan, zelulek barruko biomolekulak (RNA, lipido edota proteinak) edo organuluak (mitokondria) mintz batez inguratu eta kanporatu egiten dituzte. Aldi berean, inguruko beste zelula batzuek besikula horiek barneratu eta bereak egiten dituzte.

Hori gutxi balitz bezala, berriki, zelulen artean molekulak partekatzeko beste mekanismo bat aurkitu dute. Aireportuko terminalak hegazkinekin komunikatzen dituzten pasabideen antzera, zelulen arteko zubi-funtzioa duten nanotubuluak identifikatu dituzte. Irudiakikusgarriak dira (https://www.youtube.com/watch?time_continue=1&v=66j-9JHvL8E).

Ile-itxura duten zuntz mikroskopiko horien aurkikuntzari esker, duela gutxi arte ulertzen ez genituen prozesu biologiko batzuk ulertzen hasiak gara. Parkinsonen gaitzaren kasuan, esaterako, bagenekien a-sinukleina proteina pilatu egiten dela nerbio sisteman. Gainera, lan askok iradokitzen zuten a-sinukleina agregatuak zelulen artean hedatzen direla, eta horrek eragiten duela neuropatologia. Egun, badakigu nanotubuluak arduratzen direla a-sinukleina agregatuak transferitzeaz eta, horrenbestez, Parkinsonen gaitza zabaltzeaz.

Finean, zelulen arteko komunikazio-bide batzuk ezagutzen ditugu: elkarri lotuta, zubi-lana egiten duten nanotubuluen bidez… Zelulak wi-fi bidez ere komunikatzen direla frogatzea besterik ez zaigu falta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.