Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Bodegatik

2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikasturtearen hasiera. Horrekin batera, irrati programazioetan aldaketak edo doikuntzak etorri ohi dira. Dagoeneko iragarrita daude hurrengo asteetan irrati programazioetan zein podcast plataformetan entzungai izango diren saio berriak eta beste denboraldi batez jarraitzen dutenak, baita adituko ditugun ahots berrien aurkezpena ere. Eta nire lagun batzuek, adi-adi daudenak, helarazten dizkidate horien erreferentziak, askotan «seguru ezagutzen duzula...» esaldia aurretik jarrita. Nire eskerrik beroenak kolaboratzaile sutsu guztioi!

Bodegatik, berriz, emisio ordutegia handitzera doa. FMra jauzia egiteko prest dago, eta Ataun Irratiaren txio —hala esaten da oraindik?— baten bidez ezagutu dut. Getariako Karrapunatik, zuzenean eta publiko aurrean, abuztuaren 30ean grabaturiko podcast baten berri ematen zuten sare sozialean ataundarrek, eta, noski, nire jakin-mina piztu zuten.

Getariako Artzape herri-aldizkaria bultzatzen duen elkartearen egitasmoen barruan kokatzen da saioa, eta bere webgunean zein podcast plataformetan topatu ahal ditugu martxan daramatzaten bi urteetan emitituriko atal gehienak. Mikel Mujikak eta Beñat Gerekak, Aitor (Ximel) Arregi eta Aitor Irigoienekin batera, aurrera daramate, eta, haiek diotenaren arabera, aurretik egiten zuten Txapakalezka atalaren errautsetatik sortu zen «Fenix hegaztiak bezala».

Hitzek, elkarrizketek denbora gehiena hartzen dute, baina ez dira falta ez umorea ezta hausnarketarako tarterik ere —azken hori Irigoienen eskutik—. Eboluzioa edo aldaketa atzematen da webgunean dauden hamasei ataletan, eta, hasierako emisioetan elkarrizketatu batek protagonismoa hartzen bazuen ere, azken saioetan, berriz, gai baten inguruan ari diren solaskideak batzen dira mahai baten inguruan; besteak beste, familia ereduak, herrigintza edo euskarazko kazetaritza hizpide izan dituzte mikrofonoetan. Aurreko otsailean, berriz, Iturzaeta herri-eskolako ikasleek parte hartu zuten, eta saioa Youtuben emititu zuten.

Nabaria da irratia gustuko dutela, eta oso ondo pasatzen dutela mikroen aurrean. Entzuleok, aldiz, lagunen arteko tertulia batean sartu garelako sentsazioa dugu, bereziki inguruko herriekiko pikeak agerian geratzen direnean. Gipuzkeraz eta hikaz egiten dute, eta, gehienetan lau mutilen solasaldia bada ere, aitortu behar zaie entzuleei «den/k» esaten dietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.