Realak garaipena nahi du Valladoliden, goiko postuen pozari eusteko

Osasunako Ruben Garcia, Athleticeko Iñigo Martinezekin lehian, Sadarren jokatutako azken partidan. VILLAR LOPEZ / EF.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Gozotik segitu nahi du Realak. Valladoliden zelaian ariko dira gaur txuri-urdinak (16:00, Movistar LaLiga), hiru puntuak zakuratu, eta Txapeldunen Ligako postuei eusteko asmoz. Bi boladen arteko talka izango da Jose Zorrilla estadiokoa. Valladolidek partida bakarra galdu du etxean, eta izugarri ondo ari da Reala Donostiatik urrun. Kanpoan jokatutako zortzi partidetatik lau irabazi ditu.

Imanol Alguacilen jokalariak etxean aritu ziren iragan astean, eta aise gainditu zuten Eibar (4-1). Sasoi horri eustea izango dute xede, Orioko prestatzaileak adierazi duenez: «Gose eta gogo berarekin ariko gara, aurreko partida galduta iritsiko bagina bezala. Jokalariak ez dira erlaxatzen, eta oso kontzentratuta ariko dira».

Valladolid ez dago bere onenean, galdu egin baititu azken bost partidetatik lau. Alabaina, neurketa zaila aurreikusi du Imanolek: «Etxean ondo ari da: partida bakarra galdu du, eta hiru gol besterik ez du jaso. Asko zailduko du jokoa, ziur». Halaber, txuri-urdinen entrenatzaileak zehaztu du atzeko lerroan «aurreko denboraldian baino hobeto» ari direla espainiarrak, eta erasoan «gauzak egiten» ari direla.

Atzeko lerroa itxuraldatuta ariko da Reala. Aritz Elustondo min hartuta dago, eta Joseba Zaldua, zigortuta. Ondo bidean, Andoni Gorosabelek beteko du atzeko eskuin hegala. Erdiko lerroan eta erasoan iragan asteko jokalari berberak daude jokatzeko moduan. Beraz, bolada onari eusteko behar dituen pizgarri guztiak zelairatzeko moduan da Imanol.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.