Hondartzak prest daude, neurri arinxeagoekin

Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek aurten udal bakoitzaren esku utzi dute hondartzetan pandemiari aurre egiteko neurriak zehaztea. Lapurdin, berriz, neurriak arintzen ari dira gaur-gaurkoz, eta ekainaren 30etik aurrera jakingo dute Frantziako Gobernuak plan zehatzik prestatuko ote duen ala ez hondartzetarako.

Getxoko Arrigunaga. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Bizkaian, ekaina hastearekin batera sartu zen indarrean hondartzen denboraldia. Gipuzkoako hondartzetan, berriz, hilaren 15ean hasiko da. Aurten, foru aldundiek hiri edo udal bakoitzaren esku utzi dute hondartzetako protokoloak zehaztea; aldundiek gomendio orokorrak eman besterik ez dute egin. Bizkaiapp eta Nik Hondartzak aplikazioak martxan egongo dira bigarren urtez, hondartza bakoitzak une oro zer edukiera duen jakiteko. Lapurdin, berriz, ez dago ia neurririk zehaztuta oraindik, baina iazko bide beretik jarraitzeko asmoa dute.

ZARAUTZ

Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzari dagokionez, ohar batean azaldu du udalak protokoloa. Hasteko, aurten ez dute toldorik jarriko. Edukiera kontrolatuta egongo da, eta hamar sarbide zehaztuko dituzte, erabiltzaileak sartu eta irteteko. Gehienezko edukiera 4.000 lagunekoa izango da itsasgoretan, eta gainerakoan, zehaztuz joango dira.

Hondartzan gehienez bizpahiru orduz egotea aholkatu du udalak. Bizikideak ez diren pertsonen artean 1'5 metroko tartea gorde beharko da, uretan zein hondarretan. Maskararen erabilera beharrezkoa izango da, bainatu bitartean eta gune jakin batean geldirik egotean izan ezik (tartea gordetzen bada).

Eserlekuak eta eguzkitakoak erabili ahalko dira, egoerak segurtasun baldintzak betetzea bermatzen badu. Dutxak itxita egongo dira, eta komunetan garbitasuna areagotuko dute: denboraldiaren hasieran lau bider garbituko dituzte, eta goi denboraldian, berriz, sei bider. Gainerakoan, prebentzio neurriei eta hondartzako erabilerari buruzko ohiko mezuak indartuko dituzte.

DONOSTIA

Donostian, aurten hondartzainak Kontxako hondartzako sarbideetan soilik egongo dira: «Itsasaldien eraginez, espazio eta distantzia sozialari dagokionez arazo gehien sor ditzakeen hondartza da, itsasgoretan bereziki», dio Miguel Angel Diez Hiri Mantentze zinegotzi eta hondartzetako arduradunak. Sarrera mugatua izango da itsasgora baino bi ordu lehenagotik bi ordu geroago arte.

Hondartzetan maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da ibaiertzeko pasealekuetan eta hareatzetan sartu eta irteterakoan. Eguzkia hartzean edo itsasoan bainatzean, ez da beharrezkoa izango maskara, baina bai gainerako erabiltzaileekiko segurtasun tartea gordetzea.

29 pertsonak egingo dute hondartzen zaintza eta sorospen zerbitzua, ekainaren 15etik aurrera. Guztira, 22 sorosle egongo dira:zazpi, Kontxan; sei, Ondarretan eta uhartean, eta bederatzi, Zurriolako hondartzan. Garbiketak, berriz, 22 langilek egingo dituzte, eta goi denboraldian, «garbiketa areagotu egingo da, hiriko hiru hondartzetara jende asko etortzen delako», azaldu du Diezek.

Aurtengo desberdintasuna alokairuzko aulkien itzulera izango da. Toldo, karpa eta eguzkitakorik ez da egongo, iaz bezala, eta ezta gabarroirik ere, jende kopurua eta edukiera ezin direlako bermatu. Kirola egiteko aukera, ordea, egongo da, leku mugatuetan bada eta gainerako erabiltzaileei enbarazu egiten ez badie.

BAKIO

Bizkaian denboraldia asteartetik martxan dagoen arren, udaren etorrerarekin batera hasten da «benetako denboraldia» Bakio (Bizkaia) bezalako herrietan, Amets Jauregizar herriko alkatearen arabera. Izan ere, biztanleria laukoiztu egiten da Bakion data horietan. Horregatik, udalak prebentzioan jarri du arreta aurten, herritarrei aurtengo espektatibak azaldu eta hartu beharreko neurriak zein diren zehazteko.

Hain zuzen, aurten, «espektatibak hobeak» dira iaz baino, kutsatze datuak okerragoak izan arren, gaixotasunari buruz informazio gehiago edukitzeaz gain, dagoeneko kolektiborik zaurgarrienak txertatuta daudelako.

Iaz ez zen dutxarik egon Bizkaiko hondartzetan, eta aurten ere ez dira martxan egongo. Iaz, Bakion, igandeetan eguzkia hartzea debekatu zuten, gainezka egiteko arriskua ikusten zutelako. «Kaosari aurrea hartu» nahi izan zioten, alkatearen arabera, eta asteko azken eguneanpaseatzeko edo bainurako soilik erabil zitekeen hondartza. Aurten, ordea, ez da halako neurririk ezarriko.

Hiru orduz egoteko gomendioa egin du Bakioko Udalak ere. Paseoan maskara janztera derrigortzen ditu legeak, eta metro eta erdiko distantzia mantentzen ez den kasuetan ere jartzeko gomendioa egingo dute. Marea behean dagoenean, taldekako kirola egin ahal izango da, eta sonbrilak ere baimenduko dituzte. Komunetan garbitasuna areagotuko dute, eta semaforoa gorrian dagoenean udaltzainek ez sartzeko abisua emango dute.

Finean, hiru irizpide argi edukitzeko esango diete herritarrei: aire zabalean egotea, tartea gordetzea, eta maskara janztea. Hiru horietatik gutxienez bi une oro betetzeko eskakizuna egin die.

GETXO

Getxoko Udalak (Bizkaia) antzeko neurriak hartu ditu herriko hondartzetarako. «Une honetan, egoera hobetzen ari da, baina prebentzio neurriak errespetatzen jarraitu behar dugu, eguraldi onaren etorrerarekin gure ingurua segurtasunez gozatu ahal izateko», nabarmendu du Amaia Agirre alkateak.

Getxon ere maskara derrigorrezkoa izango da paseoan, baina ez bainuan eta toallan, segurtasun tartea errespetatu badaiteke. Kirola ere egin ahalko da, baina marea igotzean erabiltzaileei pasealekua oztopatzen badie, mugatu egingo dute.

Hiru ordu baino gehiagoz hondartzan ez egoteko gomendioa ere eman du, ez erretzearekin batera; baita edukiera gomendioei arreta ipintzea ere: «Hondartzaren edukiera kontuz ibiltzeko modukoa denean, bandera laranja bat jarriko da egoera hori iragartzeko eta hareatza uzteko gomendatzeko». Gehienezko edukiera gainditzen denean, berriz, udaltzainek sarbidea itxiko dute.

Asteburuetan auto pilaketak eragozteko, Ereaga hondartzako sarbidea Punta Begoñako biribilgunean itxiko dute, baimendutako autoentzat salbu. Era berean, aurten ere Punta Begoñako eta Igeretxe/Txomintxuko biribilguneen arteko itzulerako erreia itxiko dute, oinezkoek leku zabalagoa izan dezaten: «Udalak gomendatzen du oinez, bizikletaz, patinetez... joatea, ibilgailu pribatua erabili gabe».

HENDAIA

Hendaian (Lapurdi), zain daude, neurriak arintzeko fasea ekainaren 30ean amaituko baitute, eta orduan amaituko baitira neurri murriztaile gehienak. Orduan jakingo dute Frantziako Gobernuak hondartzetarako plan zehatzik izango duten: «Gaur-gaurkoz, hondartzak, toki publikoak izanik, nahiko libre daude neurri aldetik», adierazi du Frederic Tranche Hendaiako Turismo bulegoko zuzendariak.

Dena den, Hendaian bertan, prebentziozko neurriak hartzea erabaki dute: iaz bezala, zaindariak jarriko dituzte, jendea ez pilatzeko eta pertsonen arteko distantzia errespetatzen dela ziurtatzeko. Ekainaren 1etik martxan dago zerbitzua, eta hondartzako langileak ere formatu dituzte. «Hondartzarako hainbat sarrera itxiko dituzte aurten ere, hiru kilometro luze izan arren, jendea leku berean pilatzen delako sarri», dio Tranchek.

Iaz ere jarri zituzten zaindariok, eta denboraldiaren amaieran balorazio positiboa egin zuten: «Iaz jendeak eskertu egin zuen neurri horiek hartzea, eta ondo joan zen». Horregatik erabaki dute aurten ere neurri bera hartzea.

MIARRITZE

Miarritzen (Lapurdi), uda honetarako, oraindik gogoeta prozesu batean daude, osasun egoeraren eboluzioa kontuan hartuz.

Iazko udan, ordea, abuztuaren 4tik aurrera, Maider Aroztegi auzapezak hondartza ixtea erabaki zuen 22:00etatik 06:00ak arte. Hiritarren eta kanpotarren osasuna zaindu nahi zuten, COVID-19aren eboluzio kezkagarria eta kutsatzeen kopuru handia ikusirik: «Neurri horri esker ere, segurtasun arazoak sor zitzaketen jende metaketak eragotzi ziren», herriko etxetik azaldu dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.