Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Jaungoikoaren berba

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez nabil txantxetan, eta bai, gaurko zutabean erlijioaz mintzatuko naiz. Hain zuzen ere, Euskal Herriko irratietan eskaintzen diren irratsaio erlijiosoak izango ditut hizpide. Ez naiz Radio Mariaz edo euskal dialetan ugaritzen ari diren kate ebanjelistez ari, euskaraz (ere) emititzen duten horietaz baizik.

1960ko hamarkadan, Paulo VI.ak sinaturiko Intermirifica delakoan irratiaren bertuteak azaldu zituen, eta doktrinamendurako tresna egokitzat jo zuen. Garai hartan, Hego Euskal Herrian parrokiako irratiak sortu ziren, tokian tokikoak eta indar gutxikoak; haien artean ezagunenak, Segura eta Arrate irratiak, baita lau hiriburutan jaiotako Herri Irratiak ere. Francoren diktadurapean, euskararen erabilera debekatuta zegoen arren, irrati horietan euskarak bazuen presentzia; baserritarrei kristau ikasbidea helarazteko aitzakiaz, Ā«baserritarrek erabilitako hizkuntzanĀ» ari ziren. Hala ere, euskarrena eta euskal kulturaren alde lan egiteagatik gatazkak izan zituzten Espainiako Informazio Ministerioarekin.

Batzuk desagertu eta beste batzuk kate komertzial bihurtu ziren, edo, Elizak saldu eta gero, aspaldian baztertu zuten misio ebanjelizatzailea. Gaur egun, Bilboko Gotzaindegiaren babesean, Bilboko Herri Irratiak eta Bizkaia Irratiak irratsaio erlijiosoak eskaintzen dituzte, haien artean meza, baita arlo sozialeko saioak ere (migrazioaz, genero indarkeriaz...), betiere ikuspegi kristautik. Ipar Euskal Herrian, ibilbide luzeko irrati kristaua dugu Lapurdi Irratia; frantsesa eta euskara erabiltzea erabaki zuten, fededun guztiengana beren hizkuntzan heltzeko asmoz.

Beharbada horregatik, EITBk Euskadi Irratiko dialetik eskaintzen du mezaren emanaldia, euskaraz. Zerbitzu publikotzat jotzen dute emanaldia, ETB1en ere ematen dute, eta, dirudienez, COVID-19ak eragindako itxialdian helburu hori bete zuen, adineko askori zerbitzu erlijiosoa etxetik entzuteko aukera eman baitzien.

Zerbitzu publikoaren izaera onartuta ere, oinarrietan ideologia eta erlijio askatasuna jasotzen duen hedabide publiko batek doktrinamendu erlijiosoaren tresna diren edukiak eskaintzeak justifikazio txikia du; are gutxiago, gero eta laikoagoa den gizarte batean elkarrekin bizi diren sinesmenen aniztasunaren gainetik tradizio katolikoaren errituari soilik ematen bazaio lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.