Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Hotsak

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Murray Schafer konpositore eta ingurunearen artistak hala esan zuen: «Gure munduan mugitzen den orok haizearen bibrazioa eragiten du. Segundoko 16 bider inguru baino gehiagotan oszilatuz mugitzen bada, mugimendua soinu gisa aditzen da. Mundua, beraz, soinuz beteta dago. Entzun. Bibratzen ari den edozein gauzari adi aurreiritzirik gabe, entzun. Egon eserita isilean une batez, eta antzeman». Hotsez inguratuta gaude. Gure bizitzaren soinu banda osatzen dute. Baina iheskorrak dira, oso, eta agertu bezala desagertzen dira gure bizitzatik. Kontatu zidaten irratizale bat desagertzear ziren soinuen bila zebilela; besteak beste, azken Bizkaiko Labe Garaia itxi aurretik, egiten zuen soinua grabatzera joan zen, hiltzear zegoen garai baten hil-arnasestua jasotzeko asmoz. Gauza bera egin zuen, antza, gaur metroak egiten duen Plentzia-Bilbo ibilbidea betetzen zuen trenaren azken bidaiarekin. Eta horien berri eman ere gidatzen zuen saioan. Aurretik, ordea, irratiko milaka hots galduak ziren, inork horien erregistroa hartu barik. Izan ere, aurreko garaiko irudiak mantentzen diren arren, denborak ezabatu ditu iraganeko soinu aztarnak.

Irratietan uhinetaraturiko mila soinu galdu dira, betiko. Hotsak, hitzak bezala, haizeak zeramatzan, eta garestia zen grabaketak egin eta gordetzea; beraz, bobinak (gazteek ez dute jakingo zertaz ari naizen) berrerabiltzen ziren, soinu batzuk beste batzuen gainean erregistratuz... Gaur, aldiz, teknologiak lagun, fonotekan edozer audio gorde eta errekuperatu daiteke klik batean. Hala ere, hitzak edo musikak ez diren soinuak nekez gordetzen dira, eta haien erabilera nahiko anekdotikoa da, irudia, ingurua finkatzeko baliagarriak badira ere. Eta zein izango zen futbol edo pilota partida hondoko zaratak barik?

Hori dela eta, gaur hona ekarri nahi izan ditut Xabier Erkizia soinu artistak soinu-paisaien inguruan sorturiko egitasmo batzuk; horietako zenbait bukaturiko proiektuak diren arren, oraindik amaraunean kontsulta daitezke: Soinumapa, zeinak Euskal Herriko maparen gainean klikatuta, tokian tokiko soinuak entzuteko aukera ematen digun; 2008tik 2014era existitu zen Hots Irratia edo Audiolab egitasmoak. Horietan guztietan, soinu-«irudiak» aurkitzen ditugu, une zehatz batzuetan existitu diren audio-argazkiak jasotzen dituztenak. Itxi begiak, eta disfrutatu, beharbada soinuak bizitako toki/denbora batera eramango zaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.