Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Euskal gamerrak

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Astez aste konturatzen ari naiz euskal dialean (ia) entzule guztiontzako saio-motak daudela. Zaletasun edo interes bereziak dituzten pertsonek erraz topa ditzakete haien gustuetara egokiturikoak; musikaz eta informazioaz gain, zientzia, hezkuntza, gaixotasunak, feminismoa, migrazioa, natura..., asko eta askotarikoak dira gaiak, eta zabala eta aberatsa, euskarazko eskaintza.

Beraz, ez nau harritu bideojokoei buruzko saio batekin topo egiteak. Aitortu behar dut ez nuela berez bilatu; niri ez zait egokitu bideojokoekin loturiko nerabezaroa bizitzea, baina banaiz bi jokalariren ama, eta ez naute bereziki erakartzen, batez ere ulergaitzak zaizkidalako. Hala ere, badakit horiek ere beren publikoa dutela, eta ziur nago entzule horientzat oso interesgarriak direla esatarien azalpenak, aholkuak eta iritziak.

Hirugarren denboraldian dago Game Erauntsia elkarteak Naiz Irratian eskaintzen duen izenburu bereko programa. 2014. urteko irailean sortu zuten Game Erauntsia komunitatea, bideojokoei buruz euskaraz jarduteko asmoz, eta gaur egun hainbat egitasmo bultzatzen dituzte, betiere jokoak eta euskara lotuz; horietako bat dugu irratsaioa, podcast moduan ere entzun daitekeena.

Entzule gazteei zuzendutako beste saio batzuk bezala, Youtube bidez ere ikus daiteke saioa. Bideorako, gainera, eszenaratze berezia muntatu dute: esatariek joko-gela birtual batetik hitz egiten dute, bakoitza bere aulkian eserita, eta COVID-19 garaian menperatu genuen Jitsi edo Zoom pantaila anitzeko bideokonferentzia baten aurrean kokatzen dute entzulea. Momentu batzuetan, zentralitatea hartzen du azaltzen duten jokoak edo albisteak, eta esatariak eskuineko zutabean kokatzen dira. Irudiek azalpenari ikusgarritasuna ematen dioten arren, ez dute audioa baldintzatzen, eta irrati entzuleak erraz jarraitu ahal du pantailaren laguntzarik gabe.

Zaletasuna eta ezagutza dituzten Lander Unzueta, Damian eta Haritz Odriozola esatariek eramaten dute saioa. Atalen arteko adierazleen ahotsa, aldiz, Maitane Jungiturena da. Azken horren cameo-ak ere topatu ditudan arren, emakumeen absentziak indartu egiten du bideojoko zaleen estereotipoa: gizona eta gaztea. Horrekin apurtzeko, aldiz, bideojokoetan dauden emakume esanguratsuak —errealak zein pertsonaiak— ikusgai jarri dituzte blogeko artikulu batean. Bai baitaude, baita entzuleen artean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.