Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Ataun irratia

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreiritziz beterik gaude; askotan zerbaiten kanpoaldeak edo izenak sorrarazten du desitxuraturiko irudia gure buruan. Horrek balio du bai pertsonekin, baita irratiekin ere. Esperientziaz badakit. Ataun Irratia zegoela jakin nuenean, imajinatu nuen 1.700 biztanle baino gutxiago dituen herri bateko irratian tokiko informazioak leku handia izango zuela, baita pertsona helduei zuzendutako edukiak ere. Programazio tradizionala irudikatu nuen. Baina erratu nintzen, guztiz. Ataun Irratiak antza handiagoa du Gaztearekin nik irudikatzen nuenarekin baino. Eta ez naiz programazioaz ari soilik, kanpora proiektatzen duen irudiaz baizik.

Duela gutxi izan nuen irratiaren berri, dagoeneko hamar urte bete baditu ere. Eta gehiago jakiteko asmoz hemerotekara jo nuenean, zur eta lur geratu nintzen jakin nuenean 11 urte zituela abiatu zuela Ioar Aizpuruak. Antza, eskolan egiten zuen programak sartu zion irratiarekiko grina gorputzean, eta berea sortzea erabaki zuen, podcast moduan bazen ere. Gaur, berriz, talde gazte batek osatzen du emanaldien atzean dagoen ATI Komunikazio Elkartea, eta hiru irratsaio ekoizten ditu: Bide ertzean, astelehenetik ostiralera; Ostiraltxo, ostiral arratsaldeetan; eta Top ATI! izeneko saioa larunbatetan. Horrez gain, 24 orduko programazioa osatzeko irrati-formula eta Arrosa Sareko edukiak sartzen ditu.

Musikak programazioan leku nagusia duen arren, ataundarren interesekoa den informazioa eta aktualitatearekin loturiko tertuliak ere eskaintzen dituzte. Maiztasun modulatuko lizentzia lortzeko zain, Internet bidez zuzenean emititzen du, baita podcast plataformetan ere. Halaber, sare sozialak erabiltzen ditu dial alternatibo gisa, bereziki Instagram. Horretan, irratiaren top zerrenda osatzen duten abestien bideoak ikusgai ditugu, besteak beste, eta baita emitituriko audio aipagarrienak entzungai ere.

Goraipatu nahi ditut orain emititzen ez dituzten bi saio, 2020ko Nahikobero eta 2021eko Challenge. Horiei esker estudioak liburutegian kokatuta daudela badakigu, gazteen artean oso hedaturik dagoen bideopodcast formatua erabiltzen baitute; sareetan partekatzekoak dira, sakelako telefonoan kontsumitzekoak. Etorkizunari begira, bideoek leku gehiago izango dutela iragarri zuten urteurrenarekin batera, entretenimenduari eta umoreari uko egin barik, horiek beren ikurrak baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.