Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdiak

Kontakizunen kontrola errusiar mendian

Sanchez aurreikuspenen aurka ari da borrokan kanpainaren hasieratik. Agenda finkatzen hasi, gero iniziatiba galdu, eta azkenean itxaropen puntu bat berreskuratu du. Baina ezerk ez dio bermatzen eskuinekoen gehiengoa eragotziko duela.

Pedro Sanchez (PSOE), hilaren 16an Bartzelonan egindako mitinean. ANDREU DALMAU / EFE.
ander perez zala
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Dena edo ia dena aurka duen honetan, Pedro Sanchez uste osoz atera zen PSOEk larunbatean Valentzian (Herrialde Katalanak) egin zuen mitinera. «Itxura guztien kontra», irabazteko aukerak dituela esan zien parean zituen alderdikideei eta jarraitzaileei.

Sanchezentzat, errusiar mendi moduko bat izan da asteotako kanpaina. Mugarri batetik bestera pasatu da, eta horiek guztiek telebistako programekin izan dute zerikusia: lehenik, PP Alderdi Popularreko Alberto Nuñez Feijoorekin izan zuen aurrez aurrekoa, hilaren 10ean; bigarrenik, Feijook eman zuen elkarrizketa bat, astebete geroago; eta, azkenik, Sumarreko Yolanda Diazekin eta Voxeko Santiago Abascalekin izan zuen eztabaida, herenegun gauean.

Gora eta behera aritu da Espainiako Gobernuko presidentea. Hasierako posizioa, gainera, ez zen egokiena izan: PSOEk udal eta erkidegoetarako bozetan galera handia izan ondoren, Sanchezek Espainiako Gorteetarako bozak aurreratzeko erabakia hartu behar izan zuen —urte amaieran egitekoak zituzten—, eskuinaren gorakada ahalik eta gehiena mugatzeko. Eta horrek, ezinbestean, «kanpaina atipiko bat» abiarazi zuen, «emaitza eta aurreikuspen batzuk lehengoratzea» helburu duena, Eduardo Bayon politologoaren arabera. Edo, beste modu batera esanda, PSOEk eta Espainiako Gobernuko presidenteak hainbatetan aipatu duten ideia: egoera iraultzea.

Eta nor hoberik horretarako Sanchez baino? Nor hoberik alderdiko idazkari nagusiaren kargua zuzendaritzaren iritziaren kontra berreskuratu zuena baino? Nor hoberik arrakasta izan duen zentsura mozio bakarra sustatu eta gobernuko presidente bilakatu zena baino? Finean, nor hoberik erresistentziaren eta bizirik irautearen irudia eta ustea harekin lotzea lortu duena baino?

Baina ezerk ez du betirako irauten, ezta Espainiako Gobernuko presidentearen garaiezin irudiak ere; haren agintaldia, haren ibilbide politikoa, dena «higatu» diote Sanchezi gobernuburu kargura iritsi zenetik hona, eta hori nabaritu egin zaio azken asteotan, Bayonen arabera. Joera eta ibilbidea argia izan baita: hasieran, PSOE «agenda eta erritmoa finkatzeko» gai izan da, erasoan oinarrituriko kanpaina baten bitartez, «defentsiban egon» eta «egindakoaren balioan arreta jarri» beharrean.

Dena ongi edo nahiko ongi hilaren 10era arte. Espainiako hedabideen arabera, Sanchez urduri zegoen Feijoorekin izan behar zuen aurrez aurrekorako minutu gutxi falta zirenean; garaiezin irudiaren arrastorik ez, alegia. Telebistako eztabaida hori «mugarri bat» izan zen, Bayonen ustetan; eta, hortik aurrera, PP aritu zen agenda finkatzen.

Sanchezek, halere, aurrera jarraitu behar izan du. «Batez ere kanpainaurreko lehen asteetan, haren irudia hobetzeko eta marka pertsonala humanizatzeko lan egin dute. Haren kanpaina presentzia mediatiko handikoa izan da, mitinetan arreta jarrita; eta, humanizatzeko helburua izanik, elkarrizketa asko eman ditu politikoak baino jostagarriagoak diren programetan».

PSOErentzat, erritmoa aldatzea eta kontakizunaren kontrola izatea ezinbestekoa bilakatu da aurreikuspenen kontra borrokatzeko. Eta telebista kate batek zeharka lagundu dio zeregin horretan, Silvia Intxaurrondo kazetariak agerian utzi baitzituen Feijooren gezurrak, politikari eskuindarrari TVE1en egindako elkarrizketa batean. Horrek bultzatuta, hauteskundeetarako astebete inguru falta zenean, PPk galdu egin zuen eztabaidari esker lortu zuen kontrola. Eta hortik aurrera, behera: «Ez dut oroitzen hain maila apaleko azken asterik», esan du politologoak.

Emozioen kanpaina

Errusiar mendian gora eta behera, Sanchezek eta haren alderdiak emozioetan jarri behar izan dute arreta boto emaileak konbentzitzeko. Kontrakoak diren ereduak aurkeztu dituzte, ezkerreko alderdiena eta eskuinekoena parez pare jarrita; bide horretan, aurrera egitearen edo atzera egitearen arteko hautua ekarri dute hizpidera behin eta berriz.

Baina ez dago batere argi mezu hori nahikoa izango den ezkerrean behar adina herritar mobilizatu eta eskuineko blokeak gehiengoa lortzea eragozteko. Edonola ere, bada Sanchezek aldeko lukeen elementu bat, Bayonen arabera: «Diferentzia egin behar da bi mezuren artean: batetik, eskuin muturra badatorrela; eta, bestetik, PP erradikalizatuta dagoela eta Voxek baldintzatuta, bloke erreakzionario beraren partetzat aurkeztuta. Bigarrenean gaude: ez da beldur mezu bat, baizik eta jada gertatzen ari den zerbaiti buruzkoa. Epeek nahiko ongi bat egin dute udaletako eta erkidegoetako [PPren eta Voxen arteko] itunekin. PP barruan nahiko deseroso daude horrekin».

Behintzat, herenegun gaueko eztabaidaren ondoren, politologoak uste du PSOEk «kanpainaren pultsua berreskuratu» duela. «[Sanchezek] Presidente baten gisan hitz egin zuen, presidentearen jantzia izan zuen soinean. Feijoo ez zen hor izan, eta, hori horrela, presidente izateko aukera duen hautagai bakarraren gisara agertu zen».

Kanpaina hasterako, hogei milioi herritar inguruk erabakia zuten jada zer egingo duten etzi. Bihar arte, berriz, sei milioi lagun dira hautua zehaztuko dutenak; eta, hausnarketa egunaren eta bozen egunaren artean, ia hiru milioi izango dira zer egin argituko dutenak, inkesten arabera. Bederatzi milioi boto emaile daude jokoan, hortaz, hilaren 6tik etzi arte; eta, bide horretan, eztabaidek bat baino gehiagoren iritzia finkatu edo aldaraziko du.

Zalantzati daudenak konbentzitu nahi ditu Sanchezek. Arazoa, edo erronka, ordea, handiagoa da: «Inkestek esaten digute PSOEk bi arazo dituela arrastaka azken hilabeteetan: batetik, haren hautesleria desmobilizatu egin da, eta fideltasuna tasa txikia du; bestetik, [2019ko boto emaileen] %10ek PPren alde bozkatuko dute, dela Sanchezen figura ez zaielako gustatzen, dela higatu egin dutelako». Kontrara, badirudi PSOE gai izan dela Unidas Podemosen duela lau urteko boto emaile batzuk bereganatzeko — «%20 gutxi gorabehera»—, «boto baliagarriaren» ideiari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.