Bekentzako diru saila handituko du Moncloak

Madrilek 2.520 milioi euroko diru saila onartu du. Egoitza ordaintzeko laguntzak 1.600 eurotik 2.500 eurora igaroko dira hurrengo ikasturtean

Pilar Alegria Hezkuntza ministroa, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Hezkuntza Ministerioak inoizko beka sailik handiena aurkeztu du: 2.520 milioi euro, 2023-2024 ikasturterako. Pilar Alegria Hezkuntza ministroaren esanetan, «inbertsio historikoa» da, eta milaka ikasleri lagunduko die; tartean, Nafarroakoei —eskumenen kudeaketa tarteko, ez du eraginik izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Aldaketa handienetako bat da euren herrietatik kanpo ikasten ari direnek egoitza ordaintzeko diru laguntza handiagoa jasoko dutela: 1.600 eurotik 2.500 eurora igaroko da.

Gobernuak emandako datuen arabera, diru saila %18 handituko da, martxan den ikasturtekoarekin alderatuta, eta %70 Mariano Rajoy gobernuburu ohiaren azken diru sailarekin alderatuta.

Gorakada nagusietako bat da egoitza ordaintzeko laguntzena: 900 euro igoko dira ikasleko. Ministerioaren arabera, sail horren ia erdia unibertsitateko ikasleengana bideratu da, baina baita batxilergoa eta Lanbide Heziketa euren udalerrietatik urrun ikasten ari direnengana ere.

Era berean, Alegriak adierazi du 400 euroko laguntza unibertsal bat emango zaiela hezkuntza behar zehatzak dituzten ikasleei; besteak beste, %33ko elbarritasuna dutenei eta hizkuntzaren nahasmenduren bat dutenei. Hezkuntza ministroak nabarmendu du «benetako aukera berdintasuna» bermatzeko urrats bat dela bekentzako diru saila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.