«Kudeaketa txarra guk pagatuko dugu»

Gaur abiatuko da Navaleko langileak kaleratzeko prozesua. 176 beharginetatik 150ek Navantiako ontziola talde publikora joateko aukera izango dute, baina aukera hori «ez da irtenbide bat», Xabier Garai Navaleko langilearentzat. Triste dago.

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Gaurko eguna nolakoa izango den irudikatzen hasi da Xabier Garai (Barakaldo, Bizkaia, 1969), eta bi adjektibo etorri zaizkio burura: «Oso gogorra eta tristea izango da; kaleratze agindua epailearengana bidaliko dute gaur bertan, eta badirudi gauzek ez dutela atzera-bueltarik izango. Ez genuen espero egoera honetara inoiz iritsiko ginenik».

Navaleko langilea da duela hiru hamarkadaz geroztik, eta ofizialki gaur utziko dio hala izateari. Gaur amaituko da ontziolako behargin denak kaleratzeko erregulazioaren kontsulta epea, eta langile batzordeak agiri hori ez sinatzea adostu zuen herenegun. Hori horrela, konkurtso administratzaileak akordiorik gabeko agiri bat helaraziko dio lan ikuskaritzari, eta azken fasean epailearen sinadurarekin kaleratuko dituzte ontziolako langileak. Kaleratzeko prozesua gaur abiatuko da, alegia. Eta horregatik dio Xabier Garaik «egun gogor eta tristea» izango dela ontziolako 176 langileentzat.

Sentimendu horiek dituen arren, «amorrua» ere sentitzen duela dio. Hitz hori erabili du ontziolaren gidaritza hartzeko prest dauden balizko inbertitzaileek jarritako baldintzari buruz hitz egitean. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak herenegun esan zuen inbertitzaileek langilerik gabeko ontziola nahi dutela: «Amorrua ematen dit horrek, batez ere ikusten dugulako enpresa batean ondare preziatuena langileak garela; makinak eta azpiegiturak izango dituzte, baina pertsonak dira ontziak eraikitzen dakitenak». Egungo langileak, hain zuzen.

Samina ematen dion beste kontu bat ere badago. Izan ere, langileek ordainduko dute enpresaren kudeaketa txarra, haren arabera: «Langileok ez dugu zertan ordaindu txarto egin zen pribatizazioaren eta ondorengo kudeaketa txarraren ondorioak; beste batzuek gaizki egin dutena ordainduko dugu, eta hori ez da bidezkoa». Langileek badute irtenbide posible bat: Navantia ontziola talde publikora joatea. 2006an, Sestaoko (Bizkaia) ontziola pribatizatu zenean, langileentzako ate bat zabalik utzi zen, ontziola publiko batera joan ahal izateko.

Baina bi aukera posible dauzkate: Ferrol (Galizia) eta Puerto de Real (Andaluzia, Espainia). «Hori guretzat ez da irtenbide bat», esan du Garaik. Aukera horri uko egitea erabaki du, familia arrazoiengatik: «Erabakia hartzea zaila da, eta asko baldintzatzen du familiaren egoerak; bikotekideak hemen lan egiten badu, edo gurasoak zaindu behar baditu, ezinezkoa da haraino joatea». Horregatik, Navantiara joatea ez da aukera bat beretzat.

Aukera bakarra ontziolak lanean jarraitzea da. Inbertitzaile berri bat edo jabetza publikoa izan beharko luke, baina ez du ikusten beste aukerarik. «Navalen alde borroka egingo duen zuzendaritza bat behar dugu, azken urteetan ez bezala», esan du. 2016an lehertu zen ontziolaren egoera, azken urteetako lan kargarik handiena zuen garaian, eta horregatik egiten zaio sinesgaitza horrelako kudeaketa: «Ontzi bat egin eta galerak izatea ez da ulertzekoa; horregatik, krisi hau guztia modu arraroan bizi izan dut, lana bagenuelako, baina zorra pilatzen ari zelako».

Gaur, Navaleko langile izateari utziko dio Garaik, baina espero du inoiz Sestaoko ontziolarako bidea hartuko duela berriro: «Pentsatu nahi dut inbertitzaile bat etorriko dela, eta hark eskarmentuko langileak hartuko dituela». Langileak baldintza bertsuetan itzultzeko borrokatzea izango litzateke kasu horretan Navaleko beharginek izango luketen erronka. Gaurtik aurrera borroka aldatuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.