Migratzaile batek femurra hautsi du Lapurdiko mugan

Frantziako Poliziatik ihesi zihoala izan zuen ezbeharra. Irungo Harrera Sareak salatu du Poliziaren kontrola «gero eta zorrotzagoa» dela mugan

Migratzaile batzuk Irungo Gurutze Gorrian, artxiboko irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, 20 urteko migrante bat zauritu egin da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga inguruan, Frantziako Poliziarengandik ihes egin nahian zebilela. Zehazki, azaldu dutenez, Lapurdira pasatzeko ahaleginetan ari zela gertatu zen ezbeharra. Gaztea larunbateko ordu txikietan saiatu zen muga igarotzen. Frantziako Poliziak, ordea, eragotzi egin zion aitzina egitea, eta gazteak ihes egin zuen orduan, Irunera (Gipuzkoa) bidean atzera ere. Ihesean zela, trenbidera iritsita, migratzaileak istripua izan zuen, eta femurra hautsi.

Harrera Sareak Antxeta Irratian eginiko elkarrizketa batean eman du gertatutakoaren berri. Lesioa dela eta, ebakuntza egin diote Bidasoko Ospitalean. Bost egun pasatu beharko ditu erietxean, arta jasotzen. Dena dela, oraindik ere ez da argi zer gertatuko den epe hori igarota, eta, hain justu, Harrera Sarekoek kezka azaldu dute horren inguruan. «Hiru hilabete inguru beharko ditu osatzeko, eta, logikoa denez, igeltsua hankan eta makuluekin ezingo du muga pasatu», adierazi du Harrera Sareko kide Josune Mendigutxiak Antxeta Irratian. Oñatiko (Gipuzkoa) harrera aterpetxean har dezatela galdegin du.

Halaber, Irungo Harrera Sareak zehaztu du ez dela azken egunotan Bidasoko Ospitalean artatu duten migratzaile bakarra. Igandean bertan beste bat hartu zuten erietxean. Mendigutxiaren esanetan, «erabat akitua» zegoen, «ezin ibili» zihoan eta odol transfusioa egin behar izan diote.

Lau migratzaile kalean

Hori ez da plataformaren kezka bakarra. Ohartarazi dutenez, urtarrilaren 6an 50 pertsona baino gehiago iritsi ziren Irunera, eta salatu dute Frantziako Polizia mugan ezartzen ari den kontrol «arrazista gero eta zorrotzagoa» dela. Era berean, gogorarazi dute Gurutze Gorriak ezartzen dituen arauak betetzen dituztenek hiru gau pasatu ditzaketela gehienez aterpetxean, eta joan den ostegunean lau pertsona kalean utzi zituztela, zero azpiko tenperaturak bazeuden ere: «Gurera iristen ari diren migratzaileak lur jota daude: bidean aurrera egitea ia ezinezkoa dela ikusi, eta ez dakite zer egin». Sareak erakundeei eskatu die «erantzukizunez» jokatzeko, «egoeraren larriaz» jabetzeko eta elkarlanean aritzeko, migratzaileei «harrera duin» bat ziurtatze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.