«Arreba bortxatu zuten gurasoen aurrean»

Libanoko gerra zibilean emakumeek jasandako indarkeria matxista sistematikoa hizpidera ekarri dute aurrenekoz txosten batean. Legal Action Worldwidek bildu ditu andreek gatazkan jasandako bortxaketak, bahiketak eta torturak.

Burua estalia duen andre bat Libanoko banderarekin, iragan urtean. J. CABASES VEGA.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Hemeretzi neska gazte ikusi nituen kanpamentu batera joaten; 9-15 urte bitarte zituzten. Egoera deskribaezin batean zeuden. Arropetan eta hanketan odol arrastoak zituzten kristalezko botilekin bortxatu zituztelako». 55 urteko emakume baten testigantza da; Libanoko gerra zibilean (1975-1990) haren aitak gatazkan ikusitakoaz. Gerra garaiak garratzak dira, are gehiago emakumeentzat. Libanoko gerra zibilean andreek jasandako indarkeria matxista sistematikoa txosten batean bildu du LAW Legal Action Worldwide erakundeak. Aurrenekoz jaso dituzte herrialde horretako sexu krimenak: besteak beste, emakumeek gerran jasandako bortxaketak, bahiketak, mutilazio genitalak, tortura sexualak eta hilketak.

Orain arte ezinezkoa izan da krimen horiek ikertzea. 1991n Libanoko Parlamentuak amnistia lege bat indarrean sartu zuen, eta, horrekin, gerra zibilean egindako krimen guztiak zigorrik gabe geratu ziren. 2018an, ordea, gerran gertatutakoa ikertzeko asmoz, parlamentuak lege bat onartu zuen —duela bi urte indarrean sartu zen—, ikertzeko non zeuden gerran desagertutakoen gorpuak. Batzorde Nazional bat eratu zuten horretarako. Gatazkan 100.000 pertsona baino gehiago hil ziren, eta gutxi gorabehera 17.000 lagun desagertu ziren.

Lege horri esker, LAWek iragan hilabetean argitaratu zuen They raped us in every possible way, in ways you can't imagine: Gendered Crimes during the Lebanese Civil Wars (Ahal den modu guztietan bortxatu gintuzten, baita imajinatu ezin duzun moduetan ere: Genero Krimenak Libanoko gerra zibilean) izeneko txostenean ahotsa eman diote Libanoko gerra zibilean emakumeei eragindako sufrimenduari. «Poliziek hijaba kentzera behartu ninduten, eta titiburuak elektrokutatu zizkidaten. Emakumezko poliziek torturatu egin ninduten harrietan belaunikatzera behartuz ordu luzez. Gizonezko poliziek bortxatu egingo nindutela mehatxu egin zidaten, eta bularrak eta genitalak ukitu zizkidaten. Horrez gain, hilekoarekin nengoenean urdailean jo ninduten, eta esan zidaten ez zutela nahi nik ume gehiago izaterik», gerrako krimenetatik bizirik atera zen 52 urteko emakume baten bizipenak dira. Andreek gobernuaren menpeko eta gobernuaren menpe ez zeuden taldeen erasoak jasan zituzten.

Ikerketaren arabera, gerra zibilean ohikoa zen sexuan eta generoan oinarritutako indarkeria. Pertsona bati jazartzeko, bortxaketa erabiltzen zuten gerrako arma gisa; esaterako, familiari mehatxu egiteko. Emakumeak beren etxean eta kalean bortxatzen zituzten, eta gehienetan haien senideak presente zeudela. Bortxaketetan ohikoa zen kristalezko botilak erabiltzea emakumearen sufrimendua areagotzeko. Horren ondotik, hil egiten zituzten.

Txostenean biltzen denez, maiz milizianoak izan ohi ziren bortxatzaileak. 52 urteko emakume batek adierazi zuen haren lagun bat taldeko bortxaketa batetik bizirik atera zela: «Milizia bateko kide ziren hamar gizonek laguna bortxatu zuten gurasoen aurrean, eta, ondoren, gurasoak hil zituzten. Lagunari tiro egin zioten bizkarrean, eta paralizatuta dago harrezkeroztik. Sarraskitik ihesi zihoala emakume bat ere ikusi zuen haren ume jaioberriari bularra ematen ari zitzaiola, eta miliziek aizkora batekin erail zuten ama».

Prostituzioa ere presente zegoen gerran, eta horrek ere bortxaketa gehiago egotea eragiten zuen. NBE Nazio Batuen Erakundeko soziologo eta gizarte langile batek —txosteneko lekukotzak anonimoak dira— nabarmendu zuen ez zegoela adin mugarik prostituzioan, eta ume askok garesti ordaindu behar izan zutela prostituzioaren zama, baita mutilek ere: «Baziren 14 eta 16 urte bitarteko neskak. Neska batek 8 urte zituen, eta amak bazekien, baina ezin zuen ezer egin aita espetxeratuta zegoelako, eta ezin zituen umeak zaindu. Proxenetak 8 urteko alaba hartu zuen, eta 5 eta 6 urte zituzten semeak ere hartu zituen, eta denak bortxatzen zituzten».

Emakumeen rola gerran

Milizietan ere egoten ziren bortxaketak. Horren inguruan emakume kazetari batek azaldu du 1981ean ikusi zuena: «Talde armatu batek egin zuen prentsaurreko batean emakume kazetari bakarra nintzen, eta talde armatuaren barruan emakume bat ere bazegoen. Prentsaurrekoan emakumeari irain egiten zioten etengabe. Gizon batek galdetu zion andreari zein botilarekin nahi zuen bortxatzea. Geroago hil zutela jakin nuen».

Horren harira, zenbait emakumek aktiboki parte hartzen zuten gerra zibilean, gehienbat gudalekutik kanpo: besteak beste, erizain eta sukaldari moduan, inteligentzia operatiboetan eta logistikako ofizial moduan. Txostenaren arabera, emakume gehienek gerran izena ematen zuten gazteak zirenean, ideologiak bultzatuta, eta norbere komunitatea babesteko beharra sentitzen zutelako. Hala eta guztiz ere, miliziek eta estatuen menpeko indarrak sexualki jazartzen zitzaizkien emakume horiei ere.

Txostenean elkarrizketatu zuten andreetako batek esan zuen milizia bakoitzak, haien ideologiaren arabera, modu bateko edo bestelako tratua ematen zietela andreei. Hain justu, adierazi zuen norbere burua ezkerrekotzat eta liberaltzat zutenek sarritan ideologia sexu harreman libreak izatearekin lotzen zutela, eta emakumeek, milizia horien barruan, sexu askatasuna berdintasunerako pausotzat hartzen zutela.

Andreak biktima zaurgarriak baziren gerran, are gehiago haurdun zeudenak. Ahultasun hori aprobetxatuz, miliziak eta armadak sarraskietan jazartzen zitzaizkien. Hori berretsi du Libanoko Unibertsitateko irakasle batek: «Umeen hilketak ez ziren gertakari bakanak. Haurrak airean botatzen zituzten, eta amaren aurrean tiro egiten zieten. Gero ama bortxatzen zuten, eta, ondotik, erail».

Senideen arteko indarkeria

Gerran bizitzeko baldintzak aldatzeak eta senarra desagertuta egoteak askotan eragiten zuen senideen arteko indarkeria. Normalean desplazatuak ziren familietan gertatzen ziren senideen arteko sexu abusuak. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko gizarte langile batek baieztatu du hori: «Sei edo zazpi pertsonak lo egiten zuten gela txiki batean errefuxiatu moduan. Horrelako batean, 16 urteko neska gazte bati eraso egin zion anaiak; batera egiten zutelako lo». Gizarte langile horrek esan zuen entzuna zuela zenbait aita sexualki jazarri zitzaizkiela alabei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.