Maia, positibo: «Sanfermin alaiak, giro onekoak eta ikaragarriak izan dira»

PSNk, Geroa Bai-k, EH Bilduk eta Iruñeko Peñen Federazioak, Maia alkatearen jarrera salatu, eta Gazteluko plazako barrak kritikatu dituzte

Enrique Maia Iruñeko alkatea, Iruñeko Kondestable Jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Alaiak, giro onekoak eta ikaragarriak». Hitz horiekin definitu ditu sanferminak Enrique Maia Iruñeko alkateak. Nabarmendu du udalak antolatutako programazioaren parte hartzea %20 igo dela azken urtearekin alderatuta: «Parte hartzea, giroa, jarrera eta segurtasuna onak izan dira». Iruñeko Kondestablearen jauregian egin zuen agerraldia, atzo, Navarra Sumako zinegotziekin.

Gazteluko plazari eman dioten forma berriarekin asmatu dutela uste du: «Berritzailea izan da; gazteek oso ondo erantzun diote». Gazteluko plazak 30.000 lagun bildu ditu. «Oztopo bakarra» bertan pilatu den zikinkeria izan dela azaldu zuen.

Curia kaleko istiluez ere mintzatu zen: «Eraso faxista bat izan zen; nabari zen giroan». Gainera, galdera bat egin zuen: «Nork sortu du giro hau, eta zertarako? Kausa-efektu eragin garbia dago». Ahotsa.info-k gertakariaren inguruko bideo bat zabaldu zuen; bertan, ikusten da polizia izan zela lehena kolpea ematen. «Komunikabide hori giroa berotzen ibili diren horietako bat izan da», esan zuen Maiak. Horrez gain, ezker abertzaleari leporatu dio gertatutakoa.

Udalaren datuen arabera, 2019an baino eraso sexista gehiago salatu dituzte sanferminetan: hain zuzen ere, hamazazpi; horietatik hamasei, ukituengatik, eta bat, bortxaketagatik. Atzoko agerraldiaren amaieran, minutu gutxi batzuk hartu zituen eraso sexistei buruz mintzatzeko. Poliziaren funtzionamendu «ona» eta «efikazia» txalotu zituen: «Erasoek nahigabetu egiten gaituzte, baina aipatu nahi dut horietatik hamahiru identifikatu eta atxilotu zituztela». Guztira, 2.600 poliziatik gora izan dira hirian.

Maiaren «inposizioa»

Joseba Asiron EH Bilduko bozeramaileak gizartearen eta eragile sozialen jarrera txalotu du: «Maiaren inposizioen gainetik, sanferminen espiritua berreskuratu du gizarteak. Eragile sozialek aurre egin diete alkatearen mugei eta bazterkeriari. Horrez gain, gizarteak eraso sexistei emandako erantzuna eredugarria izan da». Gaineratu du Maiak ez duela kontsentsurako eta eztabaidarako gaitasunik: «Horren adibidea da Gazteluko plazan sortu duten simaurtegia».

Azkenik, Curia kaleko istiluen harira, aipatu du «eraso oro baztertu» behar dela eta «justifikaziorik gabekoak» direla. Horrez gain, salatu du gertatutakoa politizatzen saiatu dela Maia.

Geroa Bai-k ere sanferminen balorazio «positiboa» egin du; hala ere, Navarra Sumaren jarrera salatu du: «Espazioak antolatzeko ez dira saiatu adostasun bat lortzen eragileekin». Gaineratu du Navarra Sumak pluraltasuna baztertu duela: «Herri Sanferminak eta peñak bezalako eragile sozialak zentsuratu dituzte».

2019ko sanferminetan baino zabor gehiago jaso dute aurten. Geroa Bai-k salatu du Maiak horretan eragin duela, «bere kabuz» erabaki baitu Gazteluko plazan hamar barra jartzea: «Erabaki txarra izan da, eta zabortegi bilakatu du hiriko egongela».

PSNk ere Curian gertatutakoa salatu du:«Faxista batzuek egin dituzte erasook; ezin dute jaia distortsionatu eta politizatu». Indarkeria sexuala desagerrarazi beharra azpimarratu dute. Azkenik, Gazteluko plazako barrak kritikatu dituzte: «Navarra Sumak jarri dituen barrek ez dute konpondu kale zurrutaren arazoa: areagotu egin du». Garbiketa lanetan aritu direnen lana txalotu dute alderdi guztiek.

'Allegro ma non troppo'

Iruñeko Peñen Federazioak, oro har, balorazio «positiboa» egin du, baina aldatu beharreko zenbait gauza aipatu ditu: «Udalak antolatutako programak ez du irudikatzen hirian dagoen aniztasun kulturala. Uste dugu datorren urteari begira denontzako programa lor dezakegula elkarlanean». Gaineratu du Maiaren traben gainetik programa «oparoa» atera dutela aurrera.

Horrez gain, Gazteluko plazako barrak kritikatu ditu: «Kaleko zurruterako leku eta zabortegi bihurtu dute». Sanferminetako mahaiaren garrantzia azpimarratu du: «Parte hartzaileak izatea nahi dugu, ez orain arte bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.