Auzi krudelenentzat oinarriak ezartzen

Nurenbergeko epaiketa amaitu zenetik 75 urte bete dira gaur. Buruzagi politiko eta militar naziak epaitzeko balio izateaz gain, nazioarteko zigor zuzenbidearen aitzindari izan zen auzitegia, eta ezinbestekoa krimenik doilorrenen kalifikaziorako.

Robert H. Jackson fiskala, Nurenbergeko epaiketan eginiko hitzaldi batean. EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Hamabi heriotza zigor, bizi osorako hiru espetxealdi, hamar eta hogei urte arteko beste lau, eta hiru absoluzio. Hori izan zen II. Mundu Gerraren testuinguruan eginiko krimenengatik buruzagi naziek jasotako sententzia. Nurenbergen (Alemania) epaitu zituzten, 1945eko azaroaren 20an hasi eta gaur duela 75 urte amaitu zen prozesuan. Herrialde bateko lider politiko eta militarren aurkako estatuz gaindiko lehen epaiketa izan zen, eta gaur egungo nazioarteko zigor zuzenbidearen aitzindaria.

Nazien aurkako epaiketarik handiena izan zen Nurenbergekoa, bere argi eta ilunekin. Denera, 330.000 testigantza inguru eta 6.000 froga baino gehiago aurkeztu zituzten akusazioek, buruzagi alemaniarrak gerra krimenen eta gizateriaren eta bakearen aurkakoen egile zirela argudiatzeko. Halere, hainbat kritika ere jaso izan ditu epaiketa hark. Nagusia, bai hura, bai Tokioko epaiketa —Japoniako buruzagi politiko eta militarren kontrakoa— garaileek garaituei inposatutako justizian oinarritu zirela. Kritika «zilegia» da, EHUko nazioarteko zuzenbide publikoko irakasle Iker Zirionen esanetan: «Garbi dago aliatuek ere halako krimenak egin zituztela, eta haien portaerak ez ziren epaituak izan».

Harekin batera, baina, beste «hutsune garrantzitsu bat» nabarmendu du Zirionek. Hilketak, sarraskiak, deportazioak, zibilen aurkako erasoak... epaitu ziren Nurenbergen, baina ez, besteak beste, «Alemaniak emakumeen kontra eginiko bortxaketa masiboak, ezta Bigarren Mundu Gerraren jokalekuan izaniko sexu indarkeriako kasuak ere». Horiek ez ziren hartu ez gerra krimentzat, ez gizateriaren aurkakotzat, eta ez zen halakorik egingo 1994an Ruandarako Nazioarteko Auzitegiak horiek kontuan hartu arte. Izan ere, EHUko irakaslearen esanetan, epaiketan sexu erasoak aipatu arren, bortxaketa hitza ez da behin ere ageri Nurenbergeko epaileen ebazpenean.

Kritikak kritika, epaiketa hura «nazioarteko zigor zuzenbidearen aitzindaria da», Zirionen esanetan: «Erakutsi zuen posible dela krimen batzuengatik norbanako jakin batzuk nazioarte mailan epaitzea». Hala, «nazioarteko zuzenbide publikoaren humanizazioaren» hasieratzat jo du epaiketa; hau da, nazioarteko zuzenbideak soilik estatuen arteko harremanak arautzen zituen lehen, eta norbanakoak subjektu gisa hartzen hasi zen orduan, euren betebeharrekin. Hala nola gerra garaian egin ezin daitekeenaren inguruko arauak ezartzen lagundu zuen. Horiek 1949ko Genevako Konbentzioak arautu zituen, eta geroago iritsiko ziren Erromako Estatutua (1998) eta Nazioarteko Zigor Auzitegia (2002) ere. Bide beretik, giza eskubideak ere onartu ziren, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotzean. Beraz, Nurenbergeko epaiketak «txipa aldatzea» eragin zuela uste du irakasleak.

Epaiketa hartatik, ordea, ia mende erdi igaro zen gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak epaituko zituen hurrengo auzitegia eratu arte: Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegia, 1993an. Hutsune horren atzean «estatuen interesak» daude, Zirionek azaldu duenez. Izan ere, iraganean «ia-ia nahi zuten moduan» egin zezaketen gerra, eta gaitasun hori mugatzearen aurkako interesei aurre egitea ez da erraza: «Nazioarteko zuzenbidea estatu askoren kontrako iritziarekin garatu da. Erresistentziak sortu dira, eta egun ere badaude».

Korronte horren eredurik argiena Nazioarteko Zigor Auzitegian topatu daiteke. Haren parte dira Erromako Estatutua sinatu eta berretsi duten 123 estatu. Hari uko egin diote, ordea, beste ugarik —hala nola AEBek, Israelek, Errusiak eta Txinak—, eta, ondorioz, auzitegiak ez du estatu horietan gauzatutako krimenak ikertzeko eta epaitzeko eskumenik. Hori da auzitegi haren «ahulgune» nagusia, EHUko irakaslearen ustez; «adostasunean» oinarritzen dela: «Nurenbergeko epaiketan ez zen adostasunik izan; Alemaniak ez zuen onartu behar epaiketan parte hartzea».

Hagako auzitegiaren gabezia horren lekuko da Filipinetako Gobernuak azken urteetan erakutsitako jarrera. «Drogen aurkako gerran» gizateriaren aurkako krimenak egin ote zituzten ikertzeko zantzuak daudela uste du auzitegiak, eta 2016ko uztailetik eta 2019ko martxora bitarte eginiko ekintzak ikertzeari ekin dio; hau da, narkotrafikoaren aurkako borroka hasi zutenetik Filipinek Erromako Estatutuko kide izateari utzi bitartekoak. Izan ere, Manilak uko egin zion itunean jarraitzeari, Hagako Fiskaltzak ustezko krimenak ikertzeko aukera mahai gainean jarri bezain pronto. Gobernuaren arabera, 8.000 lagun inguru hil dituzte polizia operazioetan; gobernuz kanpoko erakundeen esanetan, 30.000 baino gehiago, eta beste milaka atxilotu eta torturatu.

Krimenen nolakotasuna

Gatazka armatuetan izan beharreko jokabideen inguruko nazioarteko araubideak ezartzeko lehen pausoak XIX. mendearen bigarren erdian eman ziren, gerrako zuzenbide bat —ius in bello— eratzerantz. Hala nola 1864an egin zuten Genevako lehen konbentzioa. Halere, gerra krimenen kategorizazioa ez zen Lehen Mundu Gerra amaitu osteko garaira arte iritsiko. Are gehiago, Nurenbergen epaitu ziren lehenbizikoz, ordura arteko aurrerapenak «mugatuak» izan baitziren, Zirionen esanetan.

Hura izan zen gizateriaren aurkako krimenak epaitu zituzten lehen aldia ere. Erromako Estatutuak «herritar zibilen aurkako eraso sistematiko eta orokortu baten parte izanik eta haren jakitun egonik» eginiko krimenak hartzen ditu gizateriaren aurkakotzat. Halako kategoriarik ez zen existitzen, ordea, Nurenbergeko auzitegia martxan jarri zenean. Beraz, epaiketarako eratutako printzipioak izan ziren gerora osatuko zenaren «funtsezko aurrekari», EHUko irakasleak azaldu duenez.

Beraz, epaiketa hartatik edan dute gerora ideia horiek garatu dituztenek, baita genozidio krimena tipifikatzeko garaian ere; «talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso baten suntsipen oso edo partziala lortzeko asmoz» eginiko krimenak dira horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.