Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera

Aktak, gobernuak eta negoziazioak

U-1aren epaiketa epaiaren zain geratu den arren, Kataluniak eta alderdi independentistek protagonismoa izango dute oraindik ere: arlo judizialetik politikora igaroko da arreta

Milaka lagun elkartu ziren herenegun Bartzelonako Katalunia plazan, akusatuei babesa adierazteko. E. F. / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Buruzagi katalan independentisten aurkako epaiketa epaiaren zain geratu den arren, Kataluniak eta alderdi katalanek protagonismo handia izango dute oraindik datozen hilabeteetan. Arreta gehienbat arlo judizialetik politikora igaroko da, irail edo urri aldera Espainiako Auzitegi Gorenak sententzia jakinarazten duen arte. Une horretara begira, alderdi katalan independentistek tentsio politikoari eta mobilizazio etengabeari eustea izango dute helburu eta erronka, bai eta gatazkari irtenbide bat bilatzea ere.

Baina, gauza guztien gainetik, kargu publikoen eta lan instituzionalaren protagonismoa izango da nabaria, bihar Kataluniako udalak eta diputazioak osatzetik Espainiak presidentea eta gobernua izaten duen arte. Negoziazioen eta erakundeen garaia dator.

UDALEN OSAKETA

Bartzelona izan da arretagune nagusia maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzen berri eman zutenetik, eta bihar ere arretagune nagusia izango da Kataluniako udalen osaketan. Esquerra Republicana (ERC) gutxigatik gailendu zitzaion Ada Colau jarduneko alkatearen Barcelona en Comuri (BeC), baina berdinduta geratu ziren hautetsi kopuruan: biek hamarna dituzte.

Testuinguru horretan, Colauk alderdi errepublikanoari eman zion iniziatiba hasieran, baina azken asteetan aurrerapauso bat eman du, eta hark zehaztu du negoziazioen erritmoa, ERCren hautagai Ernest Maragalli alkatetzara iristeko aukerak nabarmen murrizteraino. Colauk ERC-BeC-PSC aliantza nahi zuen, baina errepublikanoek eta alderdi sozialistak —zortzi hautetsi ditu— batak besteari ezarritako betoak ezinezko bilakatu du aukera hori; hortaz, jarduneko alkateak atzo helarazi zien galdera militanteei: BeC-PSC akordioa egin, hura alkate izateko, edo ERC-BeC aliantza osatu, Maragall alkate hautatzeko.

Alderdiaren oinarriek lehen aukeraren alde egingo balute—gaurko 17:00ak arte dute bozkatzeko—, Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiaren plataformak —Ciudadanosen babesa duenak— emango du Colau inbestitzeko modua, sei hautetsietatik hiruk aldeko botoa emanda; izan ere, Vallsentzat helburua da independentismoak ez eskuratzea alkatetza. «Ez da gustatzen zaigun aukera bat, baina gure ondorioa da irabazteko aurkeztu garela hauteskundeetara», esan zuen atzo Colauk Vallsen botoei buruz.

EUROPAKO PARLAMENTUA

Hurrengo hitzordua datorren astelehenean izango da, orduan baitira akta hartzekoak eurodiputatu kargurako hautaturikoak, Madrilen, Diputatuen Kongresuan. Bi izen-abizenek hartuko dute protagonismoa: Carles Puigdemontek, Belgikan erbestean baitago, eta Oriol Junquerasek, behin-behinean espetxean baitago.

Puigdemonti dagokionez, haren aurkako atxilotze agindu bat dago indarrean Espainiako Estatuan, ustez matxinada delitua egiteagatik; hortaz, Madrilera aktaren bila joango balitz, Espainian sartu eta berehala atxilotuko lukete. Oraingoz ez du argitu astelehenean Kongresura joango den ala ez, baina hilaren 7an adierazi zuen badakiela nola eskuratuko duten hark eta Toni Comin kontseilari erbesteratuak eurodiputatu akta. Ez zuen xehetasunik eman: «Eurodiputatu gisa ditugun eskubideak defendatuko ditugu. Badakigu une bakoitzean zer argudiatu behar dugun eta zer bideri jarraitu behar diogun gure alde bozkatu zuten europarrek ikus dezaten euren eskubideak errespetatzen direla».

Junquerasen kasua bestelakoa da. Diputatuen Kongresurako hautatu zuten, eta Auzitegi Gorenak baimena eman zion iazko maiatzaren 21ean aktaren bila joateko, preso dauden Junts Per Catalunyaren (JxC) beste hiru diputaturekin batera; gerora, hil horren 24an, Kongresuko Mahaiak eten egin zien kargua.

Orain, beraz, ikusteko dago Gorenak erabaki bera hartuko duen; zalantzak sortu ditu auzi horretaz oraindik erabakirik ez hartu izanak, kontuan hartuta Joaquim Forni (JxC) baimena eman diola bihar Bartzelonara joateko. Prozesu subiranistaren aurkako epaiketako fiskaltzak ez dio baimenik eman nahi aktaren bila joateko; Estatuaren Abokatutza, aldiz, hura Kongresuan egotearen alde agertu zen, herenegun.

Espainiako Hauteskunde Batzordeak Lliures per Europa hautagaitzari erantzun dio jada Puigdemont eta Comin ez dituela eurodiputatutzat joko ez badira astelehenean Madrilera aktaren bila joaten; beraz, hori gertatuko balitz, Europako Parlamentuari jakinaraziko dio ez dutela europarlamentari estatusa.

Arlo politikoaz haratago, katalanak mobilizazioei eusteko asmoa agertzen ari dira, hainbat protestaren bidez. Datorren astelehenerako ere: Omnium Cultural, Kataluniako Batzar Nazionalak (ANC) eta Cantaires del Ponent erakundeek manifestazio batera deitu dute Lleidan. Europako Batasunari mintzatu zaizkio, haren «isiltasuna» salatzeko.

ESPAINIAKO GOBERNUA

Pedro Sanchezen inbestidurarekin zer gertatuko den izango da beste gakoetako bat. PSOEk atzo amaitu zuen haren hautagaitzari buruzko bilera sorta, hain justu alderdi katalan independentistekin batzartuta.

Esquerraren Kongresuko eledun Gabriel Rufian pozik agertu zen PSOEren hitz egiteko asmoekin, eta ohartarazi zuen ERCk ez duela marra gorririk jarri. Are gehiago, honako hau esan zuen Adriana Lastra PSOEren Kongresuko eledunarekin batzartu ostean: «Politika egitera gatoz. Ez gatoz ezer blokeatzera».

ERCren eledunak, baina, ez zuen zehaztu zer bozkatuko duten alderdiaren Kongresuko hamabost diputatuek Sanchezen balizko inbestidura saioan, argudiatuta goizegi dela hori zehaztea. Halere, argi mintzatu zen: ultimatumik eman ez zuen arren, ohartarazi zuen eguneroko keinuen eta erabakien araberakoa izango dela alderdiaren erabakia. Eta, zeregin horretan, bihar Bartzelonan gerta litekeena jarri zuen adibidetzat: «Egunero gauzak gertatzen dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den larunbatean, ea Ada Colau alkatea hautatuko duten milaka pertsona deportatu zituen pertsona baten botoekin».

JxCk, aldiz, erabakia du Sanchezen aurka bozkatuko duela. Laura Borras eta Miriam Nogueras diputatuek atzo adierazi zutenaren arabera, ez dago egoerarik Sanchezen inbestidura «errazteko» modua emango duenik.JxCren hiru diputatu presoek aktari eutsiko diotenez, euren botoek abstentzio gisa balioko dute, baina gainontzeko laurek kontra bozkatzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.