Urtebete Olinpiar Jokoetarako. Euskal kirolariak

Lehenbizi postuak eta gero marka

Olinpiar Jokoak Tokion izango dira urtebete barru, eta Maialen Axpe pertika jauzilariak bertan egotea du «amets». Horretarako, bi bide ditu: gutxieneko marka lortu —oso altu dago—, edota munduko lehen 32 onenen artean sartu.
VALDRIN XHEMAJ / EFE

Jone Bastida Alzuru -

2019ko abuztuak 6
Kirolari profesional askok gutizien kutxan dute gordeta datorren urtean jokatuko diren Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela. Tartean da Maialen Axpe pertika jauzilaria (Arrasate, Gipuzkoa, 1993). Arrasatearrak onartu du bertan parte hartzea «amets» bat dela; hamasei urte daramatza pertikarekin entrenatu eta lehiatzen, eta txapelketa handienak «ilusio berezia» egiten dio. Halere, ez da erraza desiraren kaxa ireki eta Olinpiar Jokoetarako txartela hartu ahal izatea.

Axpek bi bide ditu sailkatzeko. Batetik, munduko 32 onenen artean sartu beharko luke (45. postuan dago orain), kontuan hartuta gehienez hiru jauzilari joan daitezkeela herrialde bakoitzetik. Beste bidea gutxieneko marka lortzea litzateke: 4,70 metro. Bietako ezein ez da langa erraza gainditzeko, baina Axpek errazago ikusten du lehen bideaz baliatzea: «Erronka handia da gutxieneko marka lortuta sailkatzea Olinpiar Jokoetarako, baina orain eskuragarriago ikusten dut 32 onenen artean sartzea». Hala ere, ez ditu ateak itxi nahi: «Datorren denboraldia beste modu batera enfokatuko dugu; Olinpiar Jokoei begira egongo naiz. Posible da aldaketa batzuk izan, eta gertuago ikustea marka minimo horretara heltzea».

Lan handia dago ilusio horren atzean. Normalean, astelehenetik larunbatera entrenatzen du, astean sei egunez. Txapelketaren bat inguratzen denean izaten ditu aldaketak ordutegian. Baita lan kargan ere: «Lehiaketa egunaren arabera, entrenamenduak luzeagoak edo motzagoak izaten dira, gogorragoak edo arinagoak». Txapelketa gerturatzen den heinean, «zertzelada txikiak» lantzeari ekiten diote. Hurrengo urte osoa Olinpiar Jokoetan pentsatuz entrenatuko da, eta asmo handiko amets bat du buruan: «Badakit anbizio handikoa dela, baina Olinpiar Jokoetako finalean egotea gustatuko litzaidake».

Amets egiteko eskubidea ondo irabazia du. Azken urteetan bere kirol mailan emandako aurrerapausoei erreparatu besterik ez dago. 2018an Berlinen jokatutako Europako Txapelketan hartu zuen parte, eta«kalitate jauzia» eman zuen. Esperientzia hark motibatu egin zuen, eta motibazio horren bidetik etorri ziren jarraian lorpen handiagoak. 2019ko otsailean, esaterako, saio biribila egin zuen pista estaliko Espainiako Txapelketan. Irabazi egin zuen 4,50 metroko marka eginda. Inoiz ez zuen horrenbesteko jauzirik egin. Uste du marka hori beste «urrats» bat izan zela bere kirol ibilbidean.

Axpe, gainera, ez zen baldintza egokietan iritsi lehiaketa hartara. Sorbaldako lesio bat sendatu berria zuen, eta denbora gutxi izan zuen prestatzeko. Bere burua ondo sumatu arren, oso zaila iruditzen zitzaion marka hori lortzea. Haren ustez, hor egon zen lorpenaren gakoetako bat: «Horrek, azkenean, gainetik presioa kentzen lagundu zidan». Txapela ez zen izan sari bakarra. Izan ere, marka horrekin, bi aste eskas beranduago Glasgown (Eskozia) jokatu zen pista estaliko Europako Txapelketan aritzeko sailkatu zen. Han, baina, ez zituen emaitza onak izan: ez zen 4,25etik pasatu.

Mundu Txapelketa, kolokan

Azken hilabeteetan, baina, ez da dena zoriona izan Axperentzat. Maiatz amaieran Stockholmen jokatu zen Diamantezko Ligarako sailkatu zen, baina ezin izan zuen parte hartu. Kanpo faktore bat izan zen gertaeraren errudun: Iberia hegazkin konpainia. Izan ere, Axpek ezin izan zituen fakturatu pertikak. Eskaera guztiak egin zituzten, eta gastu guztiak ordaindu. Iberiak, ordea, ez zion utzi pertikak hegazkinean sartzen. Konpainiak gero esan zuen pertikek zama moduan joan behar zutela. Hala ere, Francis Hernandez Axperen entrenatzailearen arabera, konpainiak ez zien halakorik azaldu. Axpek penaz gogoratzen du jazoera: «Ez da erraza horrelako txapelketa baterako gonbidapena lortzea, eta, behin lortuta, horrelako arrazoi batengatik bertan ez egotea frustragarria izan zen». Debuta zuen Diamantezko Ligan, eta ez daki noiz izango duen horretarako aukera.

Txapelketa garrantzitsuei buruz hitz egitean, ezin da ahaztu irailaren 27tik urriaren 6ra jokatuko den Dohako Munduko Txapelketa. Axpe ez dago sailkatuta oraindik, ez baitu lortu gutxieneko marka (4,56 m.), baina ez daki ordurako sasoiko egongo den. Izan ere, min hartu zuen Italian lehiatzen, eta lesio horretatik osatzen dabil oraindik. «Denbora behar dut», esan du. Dena den, ez du bere burua asko estutu nahi, eta, ez bada iristen gutxieneko markara, Munduko Txapelketan parte hartzeko hurrengo aldiaren zain egongo da. Hurrengo urtea oso garrantzitsua da, eta ez du nahi lesioak okerrera egiterik gehiegi behartu duelako.