ainara arratibel gascon
ANALISIA

Telebista, eskubideen gainetik

2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Lehen Mailako emakume futbolariak greba mugagabean dira gaurtik. Duela urtebete hasi zuten lehen lan hitzarmena lortzeko bide nekeza, eta hasieran baikor zeuden, baina negoziazioak ez atzera ez aurrera daude orain. Hilabete hauetan esan da kontratuen partzialtasunean dagoela oztopoa. Emakume futbolariek %75ekoa izatea eskatzen zuten, eta kluben elkarteak %50ean jarri du muga, dirurik ez dagoelako aitzakian.

Baina futbolariek greba mugagabea egiteko deialdia egin zutenetik egoera bideratzeko egin diren mugimenduek agerian utzi dute zein den emakume futbolariek lan hitzarmenik ez izatearen arrazoia: Espainiako Futbol Federazioaren eta Mediapro ekoiztetxearen artean telebista eskubideen inguruan dagoen borroka.

Bakoitzak bere eskaintza egin du, egoera konpontzeko erabakigarriak direla erakusteko asmoz. Baina itxura hutsa izan da. Mediaprok gutxienez ligako bi partida eman nahi ditu irekian,1,5 milioi euro jartzearen truke. Federazioak, ordea, ez du eskaintza hori onartzen.Hala, klubei eskaini die Elite Planarekin bat egitea. Horri esker, 500.000 euro jasoko luke klub bakoitzak. Hori bai, horretarako, Mediaprorekin duten hitzarmena hautsi beharko lukete. Borroka horri esker, gainera, klubek diru faltaren aitzakiari eutsi ahal izan diote.

Hiru erakunde horietan gizonezkoak dira buruan, eta gehiengoa dira negoziazio mahaian ere. Deigarria da, emakume futbolarien lan eskubideak ari baitira negoziatzen. Lan hitzarmenik gabe eta eskubide batzuk aitortuak izan gabe segitzen duten futbolariak dira, hain zuzen, egoera horretan benetako kaltetuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.