Euskal Herria Txapela

Realak jantzi du txapela

Txuri-urdinek 1-0 hartu dute mendean Osasuna, Willian Joseren gol bati esker. Osasunak, berriz, ez dio etekina atera baloia edukitzeari

Realeko jokalariak Willian Josek sartutako gola ospatzen. REALA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Hirugarrenean lortu du Realak. Jokatzen zuen hirugarren finala izan arren, talde donostiarrak Euskal Herria Txapela irabazten duen lehen aldia izan zen atzokoa. Osasunari 1-0 gailendu zitzaion talde txuri-urdina, EH Kirolak antolatutako txapelketaren laugarren ekitaldiko finalean. Liga hasi aurreko azken partida izan zen bi taldeentzat.

Berdinduta hasi zen norgehiagoka Anoetan, aukera garbirik gabe. Jagoba Arrasateren jokalariak intentsitate handiarekin ekin zioten partidari, gipuzkoarren jokoa lehen paseetatik estutuz. Minutuak aurrera egin ahala, talde txuri-urdinak lortu zuen baloiaren jabetza. Jokoan bai, baina, markagailuan 30. minutuan jarri zen Reala aurretik, Willian Josek penaltiz sartutako gol bati esker. Ahien Muñozen erdiraketa Sergio Herrerak gaizki neurtu, eta area barruan Robin Le Normand lurrera bota zuen Osasunako atezainak, penaltia eginez. Realaren golari erantzun nahian aurrera egin zuen Nafarroako taldeak, eta Imanol Alguacilen taldearen area asko zapaldu arren, ez zuten Remirok babestutako atea zulatu.

Bigarren zati hasieran nagusi izaten jarraitu zuen Osasunak. Realak, baloiarekin atzetik ateratzeko orduan, akats asko egin zituen. 48. minutuan iritsi zen talde gorritxoaren aukerarik argiena: Joseba Zalduak ez zuen baloia ondo aldendu, eta baloia Juan Villarren oinetan utzi zuen, penalti puntutik gertu. Honek, baina, ez zuen Zalduaren akatsa baliatu, eta kanpora bota zuen baloia.

Azken minutuetan talde nafarra berdinketaren golaren bila joan zen, baina partida guztian zehar argitasun gutxi izan zuen Osasunak azken metroetan. Imanolek, joko aldetik gutxiago izaten ari zirela jakinik, markagailuan zuten abantaila defendatzen, eta kontraerasoetan min egiten saiatu ziren partida amaiera arte.

Azken ukituak ematen

Osasunaren aurkakoa ez zen Realak atzo jokatu zuen partida bakarra izan. Goizean, Alavesen aurkako lagunartekoan 2-2berdindu zuen, Zubietan. Arabako taldea partidako lehen minutuetan aurretik jarri zen, Lucas Perezen gol bati esker. Bigarren zatian, baina, Realak buelta eman zion markagailuari, Jon Bautistaren eta Aritz Aldasororen gol banarekin. Joselu Matok sartu zuen partidako azken gola, berdinketa ezarriz.

Athleticek eta Eibarrek, berriz, 2-2 berdindu zuten lagunartekoan. Zuri-gorriak 2-0 aurreratu ziren. Raul Garciak eta Jon Morcillok sartu zituzten golak; Eibarrenak, aldiz, Quique Gonzalezek eta Ewan Urainek, bere atean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.