Final handia jokoan

Alavesek eta Eibarrek gaur jokatuko dute Lehen Mailara igotzeko lehen kanporaketako itzulerako partida. Eibarrek nahitaez irabazi behar du

Alaveseko Benavidez eta Eibarreko Matheus larunbateko lehian. JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gertu dute loria Alavesek eta Eibarrek. Bigarren Mailako zuloa atzean utzi nahi dute biek ala biek, baina batek bakarrik lortuko du igoera faseko finalera iristea. Bestea amildegira eroriko da beste urtebeterako behintzat. Gaur jokatuko dute Lehen Mailara igotzeko lehen kanporaketako itzuliko partida (Movistar, 21:00). Ipuruan, lehia estua izan zuten bi taldeek, eta bana berdindu ostean, Mendizorrotzan erabakiko da dena. Horrelakoetan gertatu ohi den moduan, partida ez zen ikusgarria izan. Lehia gogorra, huts egiteko beldurra, bigarren partidara iristeko moduaren garrantzia... Horrek kateatu egiten du futbolarien jokoa, eta ez die lasai aritzen uzten. Saria, baina, ez da nolanahikoa, eta denari aurre egin beharko diete jokalariek.

Alaves ederki aritu da etxean sasoi erregularrean. Hamahiru garaipen eskuratu dituzte, eta partida bakar bat galdu. Hau da, jokoan zeuden 63 puntuetatik 46 lortu ditu Alavesek: %73. Ipuruan jokatutako joaneko partidan nabaritu zen hori. Garcia Plazarenak aurreratu ziren arren, berdinketaren ostean aurrerapausoa eman zuen Eibarrek, eta bigarren gola sartzeko hainbat aukera izan zituen. Alavesek bazekien emaitza horrekin aski zuela bigarren partidan berdinduta, eta ez zuen arrisku handirik hartu. Eibar, berriz, garaipenaren golaren bila joan zen, baina hamar jokalarirekin ez zuen arriskurik eraman Antonio Siveraren atera. Azkenerako biek eman zuten ontzat emaitza.

Mendizorrotzan, baina, kale edo bale egin beharko dute bi euskal taldeek. Alaves dute askok kanporaketetako finala jokatzeko faboritotzat. Berdinketa nahikoa du finalera igarotzeko, eta babazorroek aurten zerbait erakutsi badute, markagailu motzak kudeatzeko gaitasuna izan da. Gainera, zaleen aurrean jokatuko dute, eta festa handia espero da harmailetan. Prestatzaileak dio «prest» daudela, eta prentsaurrekoan argi utzi zuen ez dutela berdinketa izango helburu.«Gogotsu gaude. Finalerako sailkatzea dago jokoan, eta aurrera atera behar dugu. Oso talde fidagarria izan gara urte osoan, eta gai garela uste dugu. Aurrera egiteko modurik onena irabaztea da; ez dut beste modurik ezagutzen». Dena ondo bidean, Maras bakarrik faltako da. Antonio Blanco prest izango du entrenatzaileak, zigorra bete ostean. Bi taldeen arteko antzekotasunez ere mintzatu zen entrenatzailea: «Ez gara Eibar baino talde hobea, ezta okerragoa ere. Gure mailakoa da. Antzeko armak ditugu, eta jokalariek asmatzea izango da gakoa».

Irabazi, edo kalera

Eibarren egoera oso bestelakoa da. 32. jardunaldian lider sendoa zen Garitanoren taldea, eta lau punturen aldea zeukan hirugarrenarekin. Baina, bederatzi jardunalditan, seitan berdindu eta hirutan galdu zuten; hutsegite gehiegi Lehen Mailara zuzenean igo nahi duen talde batentzat. Oso gogorrak izan dira azken bi hilabeteak Eibarren, baina ez da bidean utzitakoaz gogoratzeko garaia. Orain, hil ala biziko partida bati aurre egin beharko diote, eta Garitanok argi dauka hori: «Irabazi egin behar dugu, ez dago besterik. Badakigu halako helburu zailak betetzeko Mendizorrotzaren pareko zelaietan irabazi egin behar dela».

Hala ere, ez du bide erraza izango. Nahi baino buruhauste gehiago izango ditu prestatzaileak hamaikakoa aukeratzeko. Atzeko lerro bat asmatu beharko du Garitanok. Venancio eta Arbilla ez dira izango deialdian, biek txartel gorriak ikusi baitituzte. Lehenengoak Huescaren aurkako liga erregularreko azken partidan, eta bigarrenak, berriz, Alavesen aurkako joanekoan. Lasure eta Rios Reina min hartuta daude, eta haiek ere ezingo dira Mendizorrotzan aritu. Tejerok, Chemak eta Berrocalek osatuko dute atzeko lerroa, baina laugarrena airean dago. Correa hiru hilabeteko geldialdi baten ondoren itzuli zen asteburuko deialdira, eta ikusteko dago hasieratik jokatzeko moduan den. Bestela, Nolaskoain eta Sergio Alvarez euskarriek beren tokitik kanpo jokatu beharko dute. Hala ere, Garitanok ez zuen aitzakiarik jarri nahi izan: «Denboraldi guztian berdin ibili gara atzealdean, eta taldeak beti erantzun du. Berriro aldatu beharko ditugu gauza batzuk, baina ez da arazorik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.