Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Bi poz

2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ospitalean, apaiza kopoiarekin, komunioa banatzen. Emakumeak galdetzen du: «Zu al zara kardiologoa?». Galdera efektiboa izan da, baina ez hain halakoa nola, protesta eran, motozerra bat arrankatu zutena udal bilkura batean. «Orain segi hizketan!». Alkateak: «Ireki leihoak!» Ba, bai. Leihoa da zulo bat, zeinaren dohaina baita ireki nahiz itxi ahal izatea. Kontua da norbera zein aldetan dagoen. «Harrikoa egin gabe ezin da etxetik irten!». Arrazoia. Lapurrak sartzen badira, ez bitez distraitu harrikoa egiten. «Ni ez naiz inoiz horrela irten etxetik», esan zuen andreak, baina senarra umezain utzi zuen. Bueltan gizona mozkorturik zegoen, eta umeak txupetea sartu nahi zion ahotik.

Ohean gelditzea gozoa da, baina ez egin atsegin keinurik, edo «hau gustua!» bezalako hasperenik, laguna logelatik irten arte. Bazen ordu erdi nire maitea etxetik irtena zela, ohartu nintzenean bularretakoa mesanotxean zegoela. Elurreko betaurrekoak ziruditen. Ahaztuta utziko zituen, baina apropos utziak ere izan zitezkeen. Poz bat. Jaiki nintzen bainuontzira detailearen xarmaz, eta arrain bat eskuz harrapatzea zer zaila izan daitekeen ikasi nuen, eroritako xaboi obalatu bati heldu ezinez, harik eta grifo ertza buruarekin jo nuen arte. Mina, noski, baina poza ere bai, ezkutuan pasatzeko moduko aberia izan zelako. Zer polita den bizitza! Batzuetan, alferrik borrokatu izanak asko balio izan dit.

Ez naiz lotsatzen poza sentitzeaz, zoruan euro bat aurkitzean. Beste poz bat, inork ikusi gabe jaso badut. Bi poz. Zer dauka fideo-zopa honek? Neure haurtzaro guztia! Bidaia bat tokatzen bazait, joan naiteke Kaliforniako San Frantziskora, baina nik nahi dudana Bilboko San Frantzisko da, non oraingoaren azpian, lehengo hura ikusten baitut beti. Nerabezaroko zirrarak berritzeko gai naizen artean, badut etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.