«Pozik noa, Bidasoa oso goian utzita»

Bidasoa Irunek Asobal kopako finalerdia jokatuko du gaur, eta, irabaziz gero, finala bihar. Lehiaketa hori amaituta erretiratuko da Adrian Crowley, hemeretzi urteko kirol ibilbidea egin ostean.

GORKA RUBIO / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Oso bereziak eta emozio handikoak»: Horrelakoak izaten ari dira Adrian Crowleyren (Irun, Gipuzkoa, 1988) azken egunak eskubaloi jokalari gisa. Dezentetan jarri zaio oilo ipurdia: «Erretiroa hartuko nuela jakinarazi nuen agerraldian; Artalekun jokatutako azken partidan, Granollersi irabazi eta bigarren postua ziurtatu genuenekoan; bertan egin genuen sasoi amaierako ekitaldian; kalean, zaleen maitasuna eta animoak jasotzean... Amestutako agurra izaten ari da».

«Borborka» ditu sentipenak: «Bizitza erdia baino gehiago daramat eskubaloiari lotuta: 14 urterekin iritsi nintzen Bidasoa taldera, eta 33 urte ditut orain. Ia hogei urte dira. Asko dira. Nire bizitzaren aldi oso polit eta oso garrantzitsu bat amaitzear nago. Zoriontsua izan naiz, eta gauza pila bat bizi izan ditut eskubaloiari esker: bakarrik bizi, beste herrialde batzuk ezagutu, bizitza guztirako lagunak egin, kirol honetan dagoen anaitasun giroaz gozatu... Eskubaloia eskola bikaina izan da bizitzarako».

«Zoriontsu» doala dio, «pozik». Ez inork, ez ezerk ez du behartu uztera: «Nik erabaki dut aldi hau amaitzea». Ez du zalantzarik izan: «Klubak berritzea eskaini zidan, eta asko eskertzen diot, baina ez nuen ikusten neure burua beste urtebetez bete-betean aritzeko moduan. Anaiak eta biok arropa enpresa bat dugu [Zebra Allboarders], eta negozioa handitzeko asmoa dugu. Gainera, aita izango naiz bigarrenez. Horrek denbora asko kenduko dit. Zenbaitetan estu eta larri ibili izan banaiz, zer esanik ez hemendik gutxira. Ez nuen nahi egoerak gainezka egitea».

Saiatu dira hura konbentzitzen. Baina alferrik: «Taldekideek esan didate beste urtebete edo bi eusteko. Egin nezakeen: sasoiko nago, eta jokatzen ari naiz. Horretarako borrokatu naiz bizitza guztian, eta horretarako egin ditut makina bat sakrifizio. Baina nahiago dut ondo nagoela utzi, arrastaka edo norbaitek gomendatuta uztea baino. Gainera, Bidasoa oso goian utzita noa. Bartzelona ahalguztiduna bakarrik du gainetik. Horrek oso zoriontsu egiten nau». Baina bakarra du: «Gure zaleak dira gure indarra, eta haien falta sumatu dugu denboraldi honetan. Baina egoera hau bizitzea egokitu zaigu. Ea laster itzul daitezkeen Artalekura. Ni ere han izango naiz».

Hain zuzen, Artalekukoak ditu lehen eskubaloi oroitzapenak: «Europako txapeldun izan zen talde puska horretaz gozatzeko aukera izan genuen». Horrek piztu zion eskubaloiaren harra. 14 urterekin iritsi zen Bidasoara, eta azkar igo zituen koskak. Konturatu orduko, talde nagusiarekin entrenatzen ari zen. Eta iritsi zen amestutako eguna: debutarena. 2006ko apirilean izan zen, 18 urte bete baino hilabete lehenago: «Ez dut sekula ahaztuko. Nekez izan nezakeen aukera ederragorik: Bartzelonaren aurka, eta Artaleku bete batean. Bost minutu eskas jokatu nuen, baina gozatu egin nuen. Gainera, oso estu hartu genuen Bartzelona. Gol bakar batengatik irabazi zigun».

Portlandeko egonaldia

Baina gutxi iraun zuen Irunen. Hiru hilabete geroago, Iruñera joan zen, Portland San Antoniora: «Jokalari gazteak erakartzeko egitasmo bat jarri zuen abian Portlandek. Aukera ona zen. Gainera, ikasi ere egin nezakeen han: Enpresa Administrazioa, NUPen. Gogorra izan zen hasiera, lehen aldia bainuen etxetik at. Baina gurasoak nituen askotan bisitan. Oso eskertuta nago. Beti lagundu naute».

«Berehala» sumatu zuen orduko Portlanden handitasuna: «Europako txapeldunorde izan berri zen. Sekulako taldea zuen: Svensson, Balic, Rocas... Sasoi horretan finalerdietara iritsi zen Txapeldunen Ligan, eta jokatzeko aukera izan nuen. Gozamena izan zen». Baina halako maila handiari eusteko, jokalari bikainak fitxatzen zituen Portlandek. Eta tokirik gabe geratu zen Crowley, eta Almeriara (Espainia) joan zen, utzita. Baina lau hilabete eskas egin zituen han:«Nire postuan jokatzen zuen jokalariak min hartu zuen [Ivan Nikcevic], eta Iruñera bueltatu nintzen».

Krisiaren ondorioz, indarra galduz joan zen Portland, eta, halakoetan gertatu ohi den bezala, klubak gazteen alde egin zuen: «Gurbindo, Mindegia eta hirurok ginen. Sasoiek aurrera egin ahala, gero eta gehiago jokatzen hasi ginen. Azken hiru denboraldietan nirea egin nuen postua».

Eta iritsi zen 2012ko uda. Prest zegoen Iruñean zazpigarren sasoia hasteko. Baina, bat-batean, mezu bat posta elektronikoan: akabo San Antonio: «Botata geratu nintzen, eta Irunera itzuli nintzen. Fernando Boleak eta Salva Pombarrek, Bidasoa taldeko orduko entrenatzaileak eta kirol zuzendariak, eskaini zidaten haiekin entrenatzeko, sasoiari eusteko. Gauza batek bestea ekarri zuen. Bederatzi urte pasatu dira ordutik. Inoiz ez nuen imajinatuko halakorik».

«Denetarik» bizi izan du: «Lokatzetan egon gara: Ohorezko Mailan, eta ezinean Asobal ligan. Baina duela bost urte azkenekoz maila nagusira igo ginenetik, klubak beti eman ditu aurrerapausoak. Egitasmoa erabat sendotuta dago, kirol eta erakunde arloan. Horregatik, ez dut inoiz ahaztuko 2016an etxean jokatu eta irabazi genuen igoera fase hura. Gehiago bete nau horrek Txapeldunen Liga jokatzeak baino. Hori da nire oroitzapenik politena». Eta txarrena? «Lesioak». Duela hiru urte iktus bat izan zuen, baina, dioenez, osatu eta gutxira izan zuen sorbaldako lesioak eman zion buruhauste gehien. «Bata, susto txiki bat izan zen; besteak, ordea, lau hilabete eduki ninduen jokatu gabe».

Azken desioa du erretiroa hartu aurretik: Asobal kopako finala jokatzea, bihar, Santanderren (Espainia). «Bartzelonarekin nor baino nor gehiago aritzea litzateke agurrik onena». Horretarako, Sinfini, etxeko taldeari irabazi behar diote gaur (18:15). «Ondo gaude, gogoz. Ondo bukatu nahi dugu sasoia, eta nik nire kirol ibilbidea. Ea ginga jar diezaiokedan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.